SPRI Taldeak premiazko laguntzak eskaintzen dizkie ETEei material teknologikoa erosteko
Aurrekontua 2,3 milioi eurotik gorakoa da eta Industria Digitala programa aldatu du telelana errazteko
SPRI Taldeak, enpresen garapenerako euskal agentziak, aste honetan argitaratuko ditu euskal ETEei zuzendutako eta material teknologikoa erostera bideratutako laguntzak. Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saila premiazko laguntza-multzo bat prestatzen ari da euskal enpresa COVID-19 birusaren ondorioetatik babesteko, eta programa hau laguntza-multzo horren barruan kokatzen da.
SPRIk aldatu egin ditu Industria Digitala programako ekintza subentzionagarriak, telelana errazteko eta helburu horrekin zabalik dagoen Inplantalariak programaren ekintzak osatzeko. Ehunka euskal ETE interesaturik agertu dira Inplantalariak programan.
Industria digitala programak 2,3 milioi eurotik gorako aurrekontua du aurten, eta Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) kofinantzatzen du, zeinak laguntzek estaliko duten zenbatekoen % 50a jarriko baitu. Ekimen honen helburua da Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT) txertatzen laguntzea industri arloko enpresetan eta produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu teknikoetako, diseinuko eta logistikako enpresetan, xedetzat hartuz enpresaren lehiakortasuna hobetzea.
Laguntzak % 25 eta % 50 bitartekoak izan litezke konpainiaren tamainaren arabera, eta orain telelana ere sartu da diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen artean, aholkularitzako, ingeniaritzako eta hardware nahiz software erosketetarako gastuak ordaintzeko.
Sektore oso desberdinak izan daitezke programa honen onuradun: sentsorika, Big Data, adimen artifiziala, machine learning eta blockchain, errealitate birtuala, areagotua eta mistoa, ikusmen artifiziala, Smart factory (prozesu industrialen simulazioa gaitasun fisikoak eta birtualak konbinatuz), robotika kolaboratiboa eta malgua, fabrikazio gehigarria, gamifikazioa (jokoetatik ateratako teknikak aplikatzea aurreikusten duten aholkularitzako proiektuak, erabiltzaileak leialtzeko, motibatzeko eta euren konpromisoa lortzeko), merkataritza elektronikoa, enpresaren kudeaketa aurreratuko sistemak, produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa (CAM CAE, PDM eta DMF motako aplikazioak ezartzea).
Orobat onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak, betiere eskaerak aurkeztu badira araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu (datorren apirilaren 1ean) eta bi hilabeteko epean.
Proposatutako dirulaguntza % 5 gehiago handituko da -betiere laguntzen gehienezko muga gainditu gabe-, baldin eta enpresak baldintza hauek betetzen baditu: Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalitate Ziurtagiria -enpresan euskararen erabilera akreditatzen duena- izatea, Berdintasun plan bat izatea (enpresak 150 langile edo gutxiago baditu, zeren hori baino handiagoak direnak legez behartuta baitaude plan bat edukitzera) edo euskarazko softwarearen erabilera inplementatzen duten proiektuak izatea.
Lotutako albisteak

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.