SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik +Industry ekitaldian parte hartu duten hainbat enpresa bisitatu ditu. Estatuan fabrikazio aurreratuari buruz egin den aurtengo lehen topaketa garrantzitsua izan da, eta Barakaldoko BECen egin da urriaren 26tik 28ra. Ekitaldi horren barruan antolatu da BE Digital ekimena, zeinetan aktiboki parte hartu duen SPRI Taldeak. BE Digital eskaintza teknologiko berritzaileenaren erakusleihoa da, eta erreferentziazko foro bihurtu da industriaren eraldaketa digitalerako. Hala, aukera paregabea izan da Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategia aurkezteko.
Urzelaik Makina-erremintaren AFM klusterraren standean hasi du bere bisita, eta nabarmendu du ekitaldi hau Euskadiren “suspertze ekonomiko eta industrialaren isla” dela.
Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak (enpresen garapenerako agentzia) babesten duten BeDigital ekimenak bere ohiko formatua mantendu du eta kasu errealak azaltzen dituzten Digital Talks hitzaldi tekniko-estrategikoak programatu ditu.
SPRI Taldeko Trantsizio Estrategikoen Saileko Susana Larreak BDIH Konexio programa arrakastatsuaren berri eman du, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek euskal ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, probak egiteko eta produktuak baliozkotzeko. Susana Larreak esan du ekimen honen helburua dela industria adimendun, energia eta osasun sektoreetako ETEei laguntzea. “BDIHren inguruan badago eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzen duen EAEko eta nazioarteko ekosistema bat”.
Larreak nabarmendu du duela lau urtetik martxan dagoen programa honek bere eskaintza handitu duela, “azken urtean bikoiztu egin baita nodo aktiboen kopurua, 200era iristeraino”. Gainera, ekimen horrek milioi bat euroko aurrekontua izan du aurten, “orain artekoaren bikoitza. Proiektu bakoitzak 12.000 euroko itzuli beharrik gabeko dirulaguntza jaso dezake gehienez. Eskaerak egiteko epea urrian amaitu zen, baina berriz irekiko da urtarrilean”.
SPRI Taldeko Teknologiako arduradun Amaia Martínezek esan du Galdaketaren Nazioarteko Foro Teknikoan hizpide hartu dela euskal enpresen I+G-ko jarduera bultzatzen duen Hazitek laguntza-programa. “2021eko deialdian 96,3 milioi euroko aurrekontua izan du, hau da, aurreko urtean baino % 10,4 gehiago”.
Martínezek esan du, besteak beste, sektorerako estrategikoa den proiektu espezifiko bat onartu dela, “zeinak teknologia berriak ikertzen baititu galdaketako hondarrak eta material zeramikoak berreskuratzeko, eta horrela, ekonomia zirkularra sustatzeko”.
Bestalde, hauxe esan du dokumentuen gordailu digitalerako Metaposta sozietate publiko-pribatuaren kudeatzaile Asier Oriok: “postontzi gisa jaio ginen, baina zerbitzu berriak ere sortu ditugu, esaterako sinadura. Ohartu gara enpresentzat ezinbestekoa dela alde batera uztea papera eta joan-etorriak”. Pandemian zehar “enpresek sakelakotik egin ahal izan dituzte kudeaketa-lanak Metaposta zerbitzuari esker” eta, besteak beste, posible izan da langileak kontratatzeko denborak murriztea edo HABEEen berri ematea gutun zertifikaturik erabili gabe.
Gainera, zerbitzu honek aurrezki bat dakar tramite horiei dagokienez, zeren gutun zertifikatu batek 5,65 euro balio ditu eta “Metaposta bidez 50 zentimoan egin daiteke tramitea”.
Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendari Leyre Madariagak hizpide hartu du BIND 4.0 programa arrakastatsua, zeinak startup-ak erakartzen baititu trakzio-enpresa handiekin lan egin dezaten. Madariagak iragarri du programak berritasun garrantzitsu bat izango duela, ekimena ETEetara zabalduko baita klusterren bitartez. Horrela, “ETEek harremanak egin ahal izango dituzte maila teknologiko handiko startup-ekin, ezagutza berriak garatuko dituzte eta posible izango dute negozio-aukera berriak lehentasunez eskuratzea”. Madariagak esan du dagoeneko badaudela programan parte hartu nahi duten 23 ETE eta 4 kluster.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?