Zibersegurtasunarena azaroaren 28an itxiko da eta industria-ETEetan zibererasoen kontrako babes-sistemak txertatzen dituzten proiektuentzako diru-laguntzak emango ditu.
Renove Industria 4.0 abenduaren 5ean amaituko da eta 4.0 industria berriaren proiektuetarako makina aurreratuak eskuratzen laguntzen die ETEei.
Industria-zibersegurtasuneko programaren bidez zibererasoen kontrako babes-sistemak txertatzeko eta makinetarako Renove Industria 4.0 laguntzaren bidez 4.0 industriako proiektu aurreratuetarako makinak eskuratzeko SPRIren laguntzak jaso nahi dituzten euskal ETEek, laguntza eskatu ahalko dute azaroaren 28ra arte, zibersegurtasunaren kasuan, eta abenduaren 5era arte, Renove Industria 4.0ren kasuan.
Orain dela gutxi sortu diren laguntza aitzindariak dira biak: zibersegurtasuneko elementuak txertatzea errazten duenak bigarren edizioa itxiko du eta makina aurreratuen erosketa babesten duena, Renove 4.0, lehenengo deialdia da. Bi ekimenak Eusko Jaurlaritzak Europako esparruan Euskadiko industri-enpresak indartu eta kokatze aldera bultzatu duen Basque Industry 4.0 estrategian kokatzen dira.
Industria-zibersegurtasuna
SPRIk, 2019an, 550 mila euroko zenbait funts bideratu zituen Zibersegurtasunaren programara. Laguntzak hardwarera, softwarera eta aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-gastuetara bideratutako gastu eta inbertsioen % 50 finantzatuko du. Proiektu bakoitzeko diru-laguntza, gehienez, 18.000 eurokoa izango da.
Industria-zibersegurtasunaren programa honekin babesten diren alderdiak, besteak beste, honako hauek dira: internet bidezko konexioan zibersegurtasun perimetraleko sistemak hobetu eta ezartzea, zibersegurtasun-aholkularitzak, sarean segurtasuna ezartzea, plan estrategikoak eta plan gidariak askotariko faseetan, urrutiko sarbide seguruak instalatzea, industria-erabiltzaileen zibersegurtasunerako entrenamenduak, segmentazio eta sekurizazio perimetrala, suebakiak, segurtasuna komunikazioetan eta abar.
Lehenengo edizioan, 2018an, programa honek 2,34 milioi euroko inbertsioa eragin zuten 102 enpresek bultzaturiko proiektuak babestu zituen.
Industria-zibersegurtasunerako laguntzak Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC) —SPRI taldean txertatua eta Arabako Parke Teknologikoan kokatua— sorreraren testuinguruan sortzen den ekimen aitzindaria da
Renove Industria 4.0
Modu berean, enpresek datorren abenduaren 5era arte eskatu ahalko dituzte Renove Industria 4.0 programaren laguntzak. Horien xedea industria-iraultza berria deiturikoaren proiektuetarako makina eta ekipamendu aurreratuak eskuratzea sustatzea da. Ekimenak 4 milioi euro ditu esleituta; enpresa bakoitzeko diru-laguntzak, gehienez, 100.000 eurokoak izango dira.
Makineria berriak eta ekipamendu aurreratuak gutxienez 50.000 euroko zenbatekoa (BEZik gabe) izan behar du eta entregatu eta abian jarri beharko dira 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eta, edozelan ere, erosketa formalizatu eta hurrengo 12 hilabeteren buruan.
Laguntzak oso digitalizatuta dauden eta industria-inguruetan erabiltzen diren dispositiboetarako xedatuak daude. Laguntzek, bestalde, ekoizpen-prozesuen ikuspuntutik erabat konektatuta eta automatizatuta dauden eta baliabideen eta energiaren kontsumoari dagokienez guztiz eraginkorrak eta ingurumenarentzako iraunkorrak diren inguru seguru eta optimizatuak izatea ahalbidetzen dute.
Sprik bezeroentzako arreta zerbitzu bat du eta, bertan, laster epea itxiko duten aipaturiko bi laguntzen inguruko informazioa dago eskuragarri. 902702142 telefono-zenbakiaren bidez, info@spri.eus helbide elektronikoan edo spri.eus webgunean.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?