TAK Learning enpresak garatutako gamifikazio-produktuetako bat.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 18 otsaila, 2019

TAK Learning enpresak teknologia berrienak darabiltza langileei prestakuntza eraginkorra emateko

Konpainia donostiarrak hainbat teknologia (gamifikazioa, errealitate birtuala, errealitate areagotua eta machine learning) konbinatzen ditu enpresei prestakuntza didaktiko eta pertsonalizatua eskaintzeko

 

Konpainia donostiarrak hainbat teknologia (gamifikazioa, errealitate birtuala, errealitate areagotua eta machine learning) konbinatzen ditu enpresei prestakuntza didaktiko eta pertsonalizatua eskaintzeko

 

TAK Learning (Take Away Knowledge hitzen siglak) konpainia donostiarrak hamar urte beteko ditu 2019an. 25 langile ditu plantillan eta bulegoak Donostian, Madrilen eta Bartzelonan. Gainera, datozen hilabeteetan egoitza berri bat ireki nahi du Miamin (Estatu Batuak). Enpresa honek argi erakusten du langileen prestakuntzarako tresna berriak interes handia pizten ari direla, eta tresna horiek eragina dute 4.0 Industrian ere. Oscar Astierrekin hitz egin dugu, TAK Learning enpresako kontseilari delegatuarekin.

 

Zer egiten duzue TAK Learning enpresan?

2009an sortu ginenean ohartu ginen langileentzako prestakuntza presentziala aspergarria dela, eta badaudela teknologiak ikaskuntza horiek motibagarriago egiteko.  Helburutzat hartuz ikaskuntza-ekintza akuilagarriagoak sortzea, arlo desberdinetako (pedagogia, sormena, teknologia…) jendea bildu genuen gure lantaldean. Ikaskuntzaren eraldaketa digitala planteatzen diegu bezeroei. Mundua etengabe aldatzen ari da, eta inoiz baino kaotikoagoa eta azeleratuagoa da. Lehen aldaketak motelago gertatzen ziren eta produktu batek hainbat urte irauten zituen merkatuan. Orain gauzak ez dira horrela. Antolakunde likidoak behar dira, aldaketak azkar transferitu ahal izateko. Hori berdin aplika dakioke ezagutzari ere, askoz azkarrago transferitu behar delako langile guztiengana.

 

Nolako konponbideak eskaintzen dituzue 4.0 Industriaren arloan?

Adibidez, lanean ari gara Euskadiko enpresa handienarekin, Gasteizko Mercedes Benzekin, zeinak 5.000tik gora langile baititu. Mercedesen gure “eLearning” plataforma instalatu dugu eta orain ikastaro guztiak online egiten dira, ez dira presentzialak. Lehen, langileek toki zehatz batera joan behar izaten zuten, horrek berekin dakartzan denbora- eta logistika-kostuekin. Orain, gure plataformari esker, langileek etxean egin ditzakete beren prestakuntza guztiak, ordenagailuan, tabletean edo sakelako telefonoan. Gainera, lehen presentzialki egin ezin ziren prestakuntza-prozesu batzuk sortu ditugu, adibidez, auto baten fabrikazioko urrats guztiak jarraitzea, urrats horietako batzuk areto itxietan edo txikietan egiten direlako. Hala, prozesu horiek bideoan grabatu ditugu eta ikastaroetan txertatu.

 

Bestalde, jolas bat garatu dugu Vidrala enpresarekin, prestakuntza emateko langileei lan-arriskuen prebentzioari, segurtasunari eta higieneari buruz. Jolasak bideo-zaintza panel bat irudikatzen du, zortzi pantailaduna, non alertak aktibatzen baitira. Langileak pantailaz pantaila sartu behar du zer gertatzen den ikusteko. Kasu bakoitzean bideo bat ikusiko du, adieraziz zein den balizko arriskua eta azalduz nola jokatu behar duen arrisku hori gainditzeko. Gero, ikasleek hainbat ariketa egiten dituzte jakiteko benetan ikasi duten nola aurre egin behar zaien horrelako egoerei.

 

Nolako teknologiak erabiltzen dituzue zuen ikastaroetan?

Asko erabiltzen dugu gamifikazioa ikastaroak erakargarriago eta bisualago egiteko. Errealitate birtuala eta errealitate areagotua ere baliatzen ditugu, esparru horietan espezializatutako enpresekin lankidetzan. Horrelako eduki bat eraikitzen dugunean hiru elementu hartu behar ditugu kontuan: ongi pentsatua egon behar du pedagogikoki, erakargarria izan behar du bisualki eta ongi funtzionatu behar du teknologikoki ordenagailuetan, tabletetan eta sakelakoetan.

 

Baina teknologiaz ari garenean ahaztu egiten zaigu denok ez garela trebeak. Gerta liteke lantegi bateko langileak ez egotea ohituta ordenagailu bat erabiltzen edo digitalizazio-maila oso baxua izatea. Jolas eta ikastaroek sinple eta intuitiboak izan behar dute, langilea motibatzeko eta jolasen bidez ikasten jarraitu nahi izateko.

 

Langileek ikastaro horietan ikasten duten informazioa bezain garrantzitsua izango da enpresetako arduradunek euren langileen gaitasunei buruz eskura dezaketen informazioa. Ez da hala?

Egia esan, horrelako prozesuetan oso datu esanguratsuak lortzen dira datuen analisirako tresnak eta adimen artifiziala erabilita. Jokoetan badago elementu interesgarri bat: ikasteko edukidun joko bat sortzen dugunean, jendeak igandeetan edo gauez jokatzen du gehien, nahiz eta inoiz ez litzaigukeen bururatuko enpresako prestakuntza-ikastaro bat abiaraztea une horietan. Datuen analitikak erakutsi digu, batzuetan, profil profesional zehatz batzuk izaten direla gai bati buruz gutxien dakitenak; orduan, enpresak badaki zeinek behar duen gai horri buruzko indargarriren bat.

 

Enpresek nola hartu dituzte zuena bezalako prestakuntza-plataformak?

Gamifikazioaren eta ikaskuntzaren munduek interes handia pizten dute. Krisiaren ondoren, enpresek erakargarri izan nahi dute beren langileentzat. Gero eta gehiago aipatzen dugu talentu ezaren arazoa, horregatik, enpresek erakargarri izan behar dute talentuarentzat. Prestakuntza-plataforma erakargarri bat baduzu, jokoen bidez ikasteko aukera ematen duena, eta langileek ikusten badute euren ikaskuntza-prozesuaz arduratzen zarela, zure marka-irudia hobetu egiten da eta talentu gehiago erakarriko duzu. Eskaera handia da, enpresak gero eta gehiago kezkatzen baitira horrelako kontuez.

 

Bestalde, enpresek argi izan behar dute prestakuntza funtsezkoa eta estrategikoa dela, ezin garrantzitsuagoa delako ezagutza zabaltzea antolakunde barruan. Aukera izateak prozesu, produktu edo estrategia berri bat sare osora zabaltzeko arinago eta prestatuago egiten du enpresa.

 

Zein bide hartuko du “eLearning”aren etorkizunak?

Elkarrekin konbinatuko dira prestakuntza-prozesuetan eragina izango duten hainbat teknologia, baina adimen artifizialak garrantzi handia har dezake. Adimen artifizialari esker, posible izango da pertsona bakoitzari eduki pertsonalizatuak eskaintzea bere prestakuntza hobetzeko. Horrek esan nahi du pertsonen denbora optimizatu behar dela, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

 

Beste teknologia batzuei dagokienez, errealitate birtualaren munduak asko eboluzionatu behar du. Teknologiak aprobetxatzen hasiko gara eta horrelako tresnak gero eta gehiago erabiliko dira prestakuntzan.

Lotutako albisteak

Marijo  Pagalday  (Mondragon  Korporazioa):  “Gure  helburua  balio  kate  osoa  hartzen  duen  360º  digitalizazioa  eskaintzea  da”

Marijo Pagalday (Mondragon Korporazioa): “Gure helburua balio kate osoa hartzen duen 360º digitalizazioa eskaintzea da”

Mondragon Korporazioko Ingeniaritza eta Zerbitzuen saila 9 kooperatiba autonomok osatzen dute, eta elkarrekin koordinatuta daude. Kooperatiba horiek 3.000 lanpostu inguru sortzen dituzte zuzenean, eta 300 milioi euroko fakturazioa dute.

Alex  Rayón  (Brain  &  Code):  “Teknologia  mugikorrekiko  eta  Adimen  Artifizialarekiko  elkarbizitza  naturalizatu  behar  dugu”

Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”

Hezkuntza teknologiko irisgarria bultzatzen duen enpresako CEOak Digital Open Knowledge DOK jardunaldian parte hartu du. Bertan, eraldaketa digitala eta adimen artifiziala aldaketa-azeleragailu gisari buruz hitz egin du.

Intralogistik:  “Industria-sektoreko  enpresei  laguntzen  diegu  haien  kudeaketa  logistikoa  eraginkorragoa  eta  merkeagoa  izan  dadin”

Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”

Bizkaiko aholkularitza-enpresa barne-logistikaren arloko diagnostiko-zerbitzuetan, soluzio diseinuan, simulazioan eta ezarpenean espezializatuta dago.

NORAi:  “Business  Intelligence  teknologia  abantaila  lehiakorra  da  enpresentzat”

NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”

Fideslan aholkularitzaren barruan sortutako enpresa donostiarrak datuak aztertzen ditu BI tresnen bidez, erabakiak berehala eta kontrastatuta hartzeko.

Manex  4.0-HRE  Automationek  “Espezializazio  estrategikoa”  saria  jaso  du  2024  Toribio  Echevarria  sarietan
23/08/2024 Berrikuntza

Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan

Enpresak 40 urte baino gehiago daramatza Elgoibarko Ibaitarte industrialdean, Deba Bailarako Industrialdea, S.A.k kudeatuta.…

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.