Konponbide integral bat da, ingurune murgiltzaileak sortzeko erabiltzaile anitzentza
Virtualware euskal enpresak VIROO bere produktu berria (pack bat) aurkeztu du Amsterdamen. Konponbide integral bat da, aukera ematen duena errealitate birtualeko aretoak instalatzeko eta kudeatzeko erabiltzaile anitzentzat. Sistema hori espreski zuzentzen zaie industria sektoreari eta ikerketa zentroei. Nazioartean merkaturatu da, apirilaren 10 eta 11n eginiko VRX Europe 2019 kongresuaren barruan.
VIROO hardwarea eta softwarea konbinatzen dituen pakete bat da, errealitate birtualeko gela murgiltzaileak sortzen ditu eta aukera ematen du enpresa bakoitzaren espazioa kudeatzeko eta eduki propioak sortzeko. Beste konponbide batzuen aldean, sistema hau edozein tamaina eta morfologiako geletan erabil daiteke, erabiltzaile kopurua mugatu gabe. Konponbide honek oinarritzat dauzka Virtualware enpresak berak patentatutako Nmerso tracking sistema eta aretoa kudeatzeko software plataforma bat. Prestakuntza prozesu bat egin ondoren, enpresak gai izango dira eduki propioak sortzeko eta CAD ereduak modu sinplean txertatzeko errealitate birtualeko sisteman.
“Gaur egun, merkatuan ez dago industria sektorera zuzendutako produkturik horrelako konponbide bat pack batean eskaintzen duenik” azaldu du Virtualware enpresako zuzendari nagusi Unai Extremok, “Badaude neurrira eginiko proiektuak garatzen dituzten enpresak, baina ez dago, VIROO bezala, egun batean instalatu eta biharamunetik bertatik erabil daitekeen sistemarik”. Orain arte CAVE (Computer Ambient Virtual Environment hitzen siglak) zen sistemarik ohikoena. Horrelako konponbideek 20 urtetik gora daramatzate merkatuan: gela karratu batzuk dira, non proiektoreak eta betaurreko estereoskopikoak erabiltzen baitira hiru dimentsiotako inguruneak birsortzeko. “Horrelako aretoetan sar daitezke pertsona bat baino gehiago, baina batek bakarrik dauka ikuspegi perfektua” azaldu du konpainiako zuzendari nagusiak, “VIROOrekin, berriz, pertsona libreki ibil daiteke gela barruan, ingurune birtualaren ikuspegi propioa izango duelarik”. Gainera, Virtualware enpresak eskaintzen duen alternatibak CAVE sistemek baino askoz inbertsio eta mantenimendu kostu txikiagoak ditu.
VIROO enpresa-sektorera bideratuta dago, eta aplikazio-eremu oso zabala duen arren, bereziki bi arlotara zuzentzen da. Batetik, helburutzat du diseinua ikuskatzeko prozesuak erraztea ingurune industrialetan, aukera ematen baitu diseinuak eskala errealean ikusteko eta erabakiak taldean hartzeko. Bestetik, prestakuntzarako ere balio du, espazio birtual bat eskaintzen baitu pertsona batek baino gehiagok egiten dituzten ekintza edo prozesuak birsortzeko.
Produktua duela gutxi merkaturatu da eta sortzaileek espero dute teknologia hori 10 areto murgiltzailetan instalatzea 2019an. “Ohartu gara gure produktuak interesa piztu duela automozio eta aeronautika sektoreetako konpainien artean eta baita ere unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan” azaldu du Unai Extremok. Horrez gain, Bostonen egingo den VRX Inmersive Enterprise kongresura joango dira, VIROO erakusteko Ipar Amerikako merkatuan.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?