“Women4Cyber”-ek zibersegurtasun arloko emakumezko adituen Europako erregistro bat sortu du
Ekimenaren helburua da emakumeen ikusgarritasuna eta presentzia bultzatzea sektorean
Zibersegurtasun arloko talentuak gutxi dira Europan eta mundu mailan, izan ere, arlo horretako 350.000 lanpostu bete gabe egongo dira Europar Batasunean 2022an. Women in Cybersecurity txostenaren arabera, profil adituen gabezia hori are larriagoa da emakumezkoen artean, zibersegurtasun arloko profesionalen % 7 bakarrik direlako emakumeak.
Sektorean emakumezko profesionalen presentzia bultzatzeko asmoz, Women4Cyber fundazioak eta Europar Batasunak abian jarri dute Women4Cyber European Registry, emakumezkoen talentua biltzeko datu-base bat. Dagoeneko martxan dagoen erregistro horrek ikusgarritasuna emango die zibersegurtasun arloan esperientzia duten emakumezko profesionalei, eta erraztasunak emango dizkie aditu taldeekin, enpresekin nahiz agintari politikoekin konektatzeko.
Datu-basea publikoa izango da eta aukera emango du bilaketak egiteko sektoreka, espezializazio-eremuka edo, besteak beste, herrialdeka. Asmoa da Women4Cyber European Registry erreferentziazko puntu bihurtzea, bai profil adituen bila dabiltzan ekitaldi-antolatzaile edo komunikabideentzat, eta bai lan aukerak eta kolaborazio profesionalak behar dituztenentzat.
Ekimen hau European Skills Agenda (Europako Gaitasun Agenda lehiakortasun jasangarrirako, parekotasun sozialerako eta erresilientziarako) estrategia berriaren barruan kokatzen da. Europar Batasunak uztailaren hasieran aurkeztutako programa horrek hainbat ekintza antolatuko ditu europarren artean etengabeko prestakuntza sustatzeko eta, horrela, biztanle guztien enplegagarritasuna hobetzeko ekonomia berde eta digital batean.
Women4Cyber Europako fundazio pribatu bat da, zibersegurtasun arloko 30 emakume adituk bultzatzen dutena arlo publikotik, pribatutik eta akademikotik. Erakunde horren lana da ikusgarritasuna ematea sektoreko jardunbide egokiei eta emakumezko erreferenteei, emakumeak zibersegurtasun arlorako prestatzen laguntzea eta lan merkatuan duten presentzia areagotzea. Europako erregistro hau lehen urratsa izango da profesionalen komunitate bat eraikitzeko.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

Adimen artifiziala, blockchaina eta zibersegurtasuna izango dira Elkargiko 35. Enpresa Topaketaren erdigunean
Ekitaldia apirilaren 10ean izango da Donostiako Kursaal Jauregian

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez
Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.