Yetplan, udan txikizkako merkataritza eta tokiko turismoa bultzatzeko aplikazioa
Doako plataforma horretan posible da erreserbak egitea tabernetan eta edukiera mugatua duten instalazioetan
Yetplan aplikazioa bi ingeniari gaztek eta UPV/EHUko ingeniaritzako ikasle batek sortutako ekimena da, zeinaren helburua baita establezimenduei eta zentro publikoei laguntzea berrirekiera fase honetan. “Neurriak arintzen hasi zirenean, ohartu ginen ez dagoela oso argi nola kudeatu behar diren espazioetako edukierak; leku batzuetan denbora errealeko konponbideak probatzen hasi ziren ikusmen artifizialeko kamerekin… baina uste dugu arazo konplexu bat konpontzeko modu onena dela jendeak dagoeneko ezagutzen dituen konponbide sinpleak erabiltzea” azaldu du Lucas de Leceak, Yetplan ekimenaren fundatzaileetako batek.
Hala, ostalaritzari eta kirol edo kultur instalazioei zuzendutako aplikazio sinple bat sortu dute, aukera ematen duena prozesu oso azkar baten bidez edukierak kudeatzeko. Establezimendu eta zentro publikoek nahikoa dute erregistratzea, eta irekierako ordutegiak eta edukiera adieraztea. Hortik aurrera, pertsonak aplikazioan sar daitezke mahai bat edo ordutegi bat erreserbatzeko, dela igerilekuan, gimnasioan edo kultur zentro batean. “Jatetxeen funtzionamendua estrapolatu dugu mota guztietako instalazioetara, herritarrek aukera izan dezaten eskura dauzkaten plan guztiak egiteko” dio ingeniariak.
Proiektu hau Sopela, Getxo eta Gatikako kirol eta kultur instalazioetan erabili zen lehenbizikoz, hiru herrietako udalen laguntzari esker, eta orain establezimenduetara zabaltzen ari dira. Plataforma honek, edukieraren kudeaketan laguntzeaz gain, espazio bat eskaintzen die sustapenak dohainik egiteko. “Udan ez dugu izango atzerriko turismorik, beraz, tokiko turismoa sustatzen lagundu nahi dugu, erabiltzaileek ikus dezaten zein plan egin ditzaketen herri desberdinetan, nora joan daitezkeen afaltzera…” azaldu du Yetplan ekimenaren fundatzaileak.
Duela astebete eskas merkaturatu zuten aplikazioa, eta dagoeneko milatik gora erabiltzaile ditu, posible dutenak dohainik erregistratzea eta erreserbak egitea. Aplikazioak izan duen harrera bikaina ikusirik, bi lagun gehiago dituzte proiektuan lanean. Lantaldeko kideek beren denbora librean eraiki dute plataforma, helburutzat baitzuten, batez ere, beren ezagutza baliatzea tokiko ekonomia suspertzen laguntzeko.
Orain udako hilabeteetara begira ari dira lanean, ekitaldi irekietako edukiera kudeatzeko soluzio bat sortu nahian. Lucas de Leceak azaldu bezala, “ikusi dugu aurten ezingo direla jaiak antolatu orain arte antolatu izan diren bezala, baina uste dugu posible dela ekonomia bultzatzen lagunduko duten beste gauza batzuk egitea”. Yetplan-eko lantaldea tresna berria diseinatzen ari da, eta beren asmoa da udalei aurkeztea, aire libreko kultur ekitaldiak eta jaiak antolatzeko “giltza eskuan” konponbide bezala.
Lotutako albisteak

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.

Flexix, 75 urteko historia berrikuntza aldarrikatzen
Enpresa bizkaitarrak ez ditu alde batera uzten joera eta teknologia berriak, balioa handitzeko, egokitzeko, prozesuak hobetzeko eta energia berdea bezalako sektoreetara dibertsifikatzeko.