Euskal enpresek paparra ateratzen dute ekonomia zirkularrean, eta Europako Batzordeak ezarritako ingurumen-eskakizunei aurrea hartzen diete. Horrela geratu da islatuta gaur Basque Circular Summit 2022aren irekieran. Estatuko eta Europako hegoaldeko topaketa garrantzitsuenetako bat da esparru honetan, eta industria-sektore askotako 600 profesional baino gehiago erakarri ditu Irunera, negozio-eredu jasangarriagoak eta lehiakorragoak ezagutzeko. Hiru eguneko iraupena duen industria-gailur honekin batera, Euskadin egindako 175 produktu zirkular erakutsiko dira.
Bileraren hasieran, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Egiptoko Klimari buruzko Goi-bileran (COP27) lortutako emaitza eskasen eta deskarbonizazioaren arloko akordio globalik ezaren aurka kontrajarriz, zera nabarmendu du: euskal industriak berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko duen konpromiso sendoa, eta Europak ezarritako helburuak lortzeko ekonomia zirkularreko eredu bat aplikatzearen garrantzi estrategikoa, “gure enpresak dagoeneko egiten ari diren moduan”, zehaztu du.
“Berotegi-efektuko gasen isurketa globalen %62 inguru gizartearen beharrak asetzeko produktuak erauzten, prozesatzen eta fabrikatzen diren bitartean askatzen da. Horregatik, euskal enpresa-sarean ekonomia zirkularra sustatzea funtsezko tresna da gure ekonomia deskarbonizatzeko”, amaitu du sailburuak.
Ihobe sozietate publikoak antolatu du Basque Circular Summit 2022, SPRI taldearen laguntzarekin, eta, azaroaren 23tik 25era, Euskadi Europako erreferentzia bihurtuko du ekonomia zirkularraren arloan, eta enpresa-sarean duen aplikazioan jarriko du arreta. Foro honetan Europako Batzordeko ordezkariek, CIE Automotive, Eroski, Siemens Gamesa, Petronor, Orona, Sidenor, Vicinay Cadenas, Iberdrola, Uvesco eta Kutxabank bezalako euskal enpresa handiek, hainbat klusterrek, zentro teknologikoek eta unibertsitateek hartuko dute parte.
Biltzar honen bidez, Europako Batzordeak proposatutako lan-ildoak eta enpresek epe laburrean izango dituzten erronkak ezagutarazi nahi zaizkie enpresei; esaterako, produktu jasangarrietarako ekodiseinu-araudi berria, produktuaren pasaporte digitala edo jasangarritasunaren arloko informazio korporatiboari buruzko Europako zuzentarau berria, Europako Parlamentuak duela bi aste onartua.
Ekonomia zirkularra Euskadin
Gaur egun, Euskadiko ekonomia zirkularra Barne-Produktu Gordinaren %1,12 da, eta urtean 764 milioi euroko diru-sarrera gordinak ditu. Enpleguari dagokionez, ekonomia zirkularrarekin lotutako 18.463 lanpostu daude, hau da, EAEko enplegu guztiaren %2,08. Balio hori Espainiakoa eta Alemaniakoa baino handiagoa da (%2,00 eta %1,71, hurrenez hurren).
Euskal industriak inportatutako lehengaiekiko duen mendekotasuna %77koa da, baina oraindik ere urtero ia 45 milioi euroko balioa duten materialak botatzen dira euskal hondakindegietan. “Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako Ekonomia Zirkularraren Diagnostikoaren” arabera, irtenbide berritzaile zirkularragoak abiaraziko balira, lehengaien kontsumoan batez beste %6 aurreztuko litzateke, eta horrek 2.000 milioi euro aurreztuko lioke euskal industriari. Metalaren (siderurgia, galdaketa, produktu metalikoak) eta mugikortasunaren (automobilgintza, aeronautika) sektoreek euskal industriaren balizko aurrezkiaren erdia metatuko lukete.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak isurketa murrizteko eta zirkulartasuna sustatzeko, 33 milioi euroko (15 M€ baliabide propioak eta 18 M€ Next funtsetatik etorritakoak) laguntzak izapidetu ditu 2021 eta 2022 urteetan, balorizazio- eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako.
175 produktu zirkularren erakusketa
Biltzarrari hasiera eman aurretik, Tapia sailburuak, Ingurumenaren Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredorekin, Ingurumen Kalitateko eta Ekonomia Zirkularreko zuzendari Javier Aguirrerekin, Europako Batzordeko Ekonomia Zirkularreko eta Industria-Lidergoko buru ondoko Alejandro Villanuevarekin, Ihobeko eta SPRI taldeko zuzendari Alexander Botorekin eta Aitor Urzelairekin, hurrenez hurren, eta Ficobako buru José Antonio Santanorekin batera, ZIRKULARRAK erakusketa ireki du, produktu zirkularren Europako erakusketarik handiena. Euskadin ekodiseinatu diren 175 produktuek osatzen dute erakusketa. Produktu horietan, bizi-zikloaren ikuspegia duten ekodiseinu eta ekonomia zirkularreko metodologiei esker (lehengaien erauzketatik bizitza-amaierara arte), nabarmen murriztu da haien ingurumen-inpaktua.
Euskadin dauden balio-kateekin lotutako produktuak dira, hala nola, makineria, metala, garraioa, altzariak, automobilgintza, kontsumorako produktuak, kimika, elikadura, sektore elektriko-elektronikoa edo eraikuntza-materialak. Eta ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren potentzialaren ikuspegi integrala igortzen dute euskal enpresa-jardueraren eremu guztietara.
Erakusgai dauden produktuen artean, aipatzekoak dira zenbait adibide:
Erakusketa Ficoban egongo da ikusgai, abenduaren 2ra arte (ostirala).
Ekoberrikuntzako 105 euskal proiektu
Basque Circular Summiten esparruaz baliatuz, Tapia sailburuak gida baten aurkezpena aurreratu egin du. Gida horretan, Euskadin garatutako eta konponbide zirkular arrakastatsuak dituzten ehun industria-proiektu ekoberritzaile bildu dira.
Proiektu horiek elkarlanean egin dira euskal enpresen artean, Ihobek kudeatzen duen Ekoberrikuntza Zirkularreko Programaren finantzaketari esker. Programa hori Eusko Jaurlaritzaren apustuetako bat da, lankidetza publiko-pribatua sustatzeko, lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatuko dituen eredu ekonomiko zirkularra ezartzeko. Gidan jasotako proiektuetatik sortutako konponbide zirkularren %24 dagoeneko erabilgarri daude edo merkatuan daude. Gainera, Ekoberrikuntza Zirkularreko Programaren 50 proiektu baino gehiago jada martxan daude.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?