Euskadiko ETEntzako Eusko Jaurlaritzaren 2025 laguntzen plana.

Euskal enpresentzako laguntzak.

Onlineko jardunaldiak euskal enpresarentzat.

Filtra tu búsqueda

Elkarrizketak 29 ekaina, 2022

Basque Food Cluster: “Gaur egun ez dago jasangarri izatea beste aukerarik”

Jon Ander Egañak, Elikaduraren Euskal Klusterreko zuzendari nagusiak, balioan jartzen du kolektibo horren pisu estrategikoa, zeinak, euskal BPGaren ia %11 sortzeaz gain, 140.000 pertsona enplegatzen baititu Euskadin.

Azken Kluster Eguna egin zenetik bi urte geroago, Basque Food Cluster markaren inguruan elkartutako Elikaduraren euskal sektoreak bere urteroko hitzordua berreskuratu zuen, Euskadiko elikadura-katearen balio estrategikoa balioan jartzeko. Kolektibo hori duela hamahiru urte sortu zen eta gaur egun 123 bazkide ditu, balio-kateko begi guztiak ordezkatzen dituztenak. Jon Ander Egaña zuzendari nagusiak aitortu duenez, sektore honek giza kapital handia mugitzen du (140.000 zuzeneko lanpostu Euskadin) eta fakturazio bolumen handia du, Euskadiko BPGaren ia %11.

Azken hitzordutik bi urte igaro eta gero, zein sentsazio utzi dizkizu Kluster Egunak?

Gogotsu geunden eta oso egun intentsoa izan zen. Kluster Egunaren oinarria da Bazkideen Batzar Nagusia egitea eta bertan kontuak aurkeztea, aurreko ikasturteko jarduerak baloratzea eta jarduneko ekitaldirako Kudeaketa Plana onartzea.  Kontuan izanik 2019az geroztik ekitaldia antolatu ezinik egon garela, aurtengoak aukera eman digu berriro elkartzeko balio-kate osoko enpresekin. Oso topaketa atsegina da eta bertan lantzen ditugu sektorearentzat estrategikoak diren gaiak, adibidez jasangarritasuna, lehiakortasun palanka bat dena elikadurako enpresentzat eta aurtengo edizioaren ardatza izan dena.

Zure ustez, nolako osasuna dauka gaur egun elikaduraren euskal ekosistemak?

Elikadura oinarrizko sektorea da, eta hori argi geratu da pandemia garaian. Euskadiko industriari begiratuta, historikoki industria astunarekin lotutako sektoreek bakarrik izan dute gureak baino pisu gehiago. Gureak denbora behar izan du pixkanaka hazi eta sendotzeko, baina gai izan da hasierako egoerari buelta eman eta ongi posizionatzeko sektore estrategiko eta aukera-sektore gisa. Sendotze-prozesu horretan oso garrantzitsua izan da Basque Food Cluster elkartetik finkatu dugun balio-katearen kontzeptua. Elikadura kate kohesionatu eta batu bat bezala ulertuta bakarrik gaindituko ditugu aurrean ditugun erronkak.

Uste duzu zuen sektorea ezezagun handi bat dela euskal enpresaren munduan?

Beharbada bai, baina, lehen esan dudan bezala, azken urteotan lortu duguna da jendeak elikaduraren industria aipatzean ez ikustea bakarrik industria eraldatzaile bat, baizik eta kontzeptua zabaltzea eta balio-katearen ikuspegitik heltzea. Kate-begi guztiak banaka hartzen baditugu, begi bakoitzak pisu gutxi dauka ekonomian, baina osotasunean baloratzen badugu elikaduraren barruan sartzen den guztia –ekoizpena, eraldaketa, banaketa, HORECA kanala, enpresa osagarriak eta sare zientifiko-teknologikoa–, katearen kontzeptu horrexek ematen digu indarra eta ikusgarritasuna, eta hori azken urteotako lorpena da. Bere osotasunean elikaduraren balio-kateak zuzeneko enplegua ematen die Euskadin 140.000 bat pertsonari eta euskal BPGaren %10,7 suposatzen du.

Nola aldatu da sektorea pandemiarekin?

Beste sektore batzuk ez bezala, gureak berehala sentitzen ditu kontsumitzaileak dituen aldaketak, hau da, kontsumitzaileak nola sentitzen duen ziurgabetasuna eta bere ingurunean gertatzen den guztia, eta ohituta gaude etengabeko aldaketa horiei erantzutera. HORECA kanala ixteak oso eragin okerra izan zuen balio-kate osoan, kontsumorako uneak etxetik kanpo etxe barrura igaro ziren eta sekulako gorakada izan zuen etxeko sukaldaritzak, elikadura osasuntsuagoak, etab. Elikadura sektoreak jakin zuen aldaketa horri erantzuten etengabe egokitu behar izaten duelako horrelakoetara, eta esperientzia horrek arintasun bat ematen digu beste sektore batzuek ez daukatena.

Zer ikasi duzue azkenaldiko garai ziurgabeotan?

Enpresen helburu nagusietako bat da kontsumitzailearengana orientatzea, hura gogoan izatea beti eta, produktu bikain bat lortzen bakarrik zentratu beharrean, produktu hori bideratzea pertsonen eskaerei erantzutera. Lan hori gure Behatoki Estrategikoaren bidez egiten dugu. Tresna horren bitartez ingurunea zaintzen dugu, sektoreko erronkak eta aukerak identifikatzen ditugu eta erosketa zein kontsumo ohiturak aztertzen ditugu, gure enpresek eskura izan dezaten informazio hori eta erabakiak hartzen lagundu diezaien.

Pandemiaz geroztik nabaritzen al da joerarik tokiko produktuak eta km0 produktuak gero eta gehiago kontsumitzeko?

Bai, nabaritzen da, baina ez bakarrik pandemiagatik. Beste gertakari batzuek ere, hala nola Ukrainiako gerrak edo garraiolarien grebak, agerian jarri dute zenbateko menpekotasuna dugun hirugarren herrialdeekiko eta zein garrantzitsua den tokian tokiko produktua kontsumitzea. Hain zuzen ere, azken Kluster Egunean landu dugun gaia jasangarritasuna izan da, eta jardunaldian kontsumitzailearengan zentratutako azterlan bat aurkeztu genuen ulertzeko zer den kontsumitzailearentzat elikadura jasangarria.

Eta zer da jendearen ustez?

Jendearentzat jasangarria da bere inguruan ekoitzia izan den elikagai bat, tokian bertan aberastasuna sortzen duena eta ingurumenean inpaktu ahalik eta txikiena duena. Beraz, ikusten dugu tokiko produktua kontsumitzearen aldeko joerak indartzen jarraitzen duela eta aukera-sektore bat bezala identifikatzen dugu elikaduraren sektoreko euskal enpresentzat.

Zeintzuk dira sektorearen erronkak?

Gaur egun ditugun erronkak era askotakoak dira. Horietako bat da enpresen eguneroko estrategietan txertatzea jasangarritasunarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotutako kontuak. Helburu horrekin bildu ditugu mahai-inguru batean Basque Food Cluster elkarteko kide diren banaketa handiko hiru operatzaileetako (Eroski, Uvesco eta Carrefour) garapen jasangarriko arduradunak, ezagutzera eman ditzaten euren ekimenak eta jasangarritasunaren aldeko euren apustua. Oso gai garrantzitsua da sektore osoarentzat, retail arloko enpresek trakzio-indarra egiten dutelako euren hornitzaile guztiengan eta, ondorioz, balio-kate osoan.

Testuinguru horretan ODSFOOD tresna ere aurkeztu zenuten. Zertan datza?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketarekin garatu dugu eta bere bitartez aukera ematen diegu elikadurako enpresei autodiagnostiko sinple bat egiteko eta jakiteko zein egoeratan dauden GJHen betepenari dagokionez, zeintzuk diren euren lehentasunezko ekintza-esparruak eta lortu diren aurrerapenak. Funtsean, gaur egun ez dago jasangarri izatea beste aukerarik, eta denon artean gauza izan behar dugu mundu hobe bat uzteko hurrengo belaunaldiei.

 

Lotutako albisteak

Lufe:  “Bezeroaren  esperientzia  modu  aktiboan  entzutea  da  hobetzen  laguntzen  dizuna”

Lufe: “Bezeroaren esperientzia modu aktiboan entzutea da hobetzen laguntzen dizuna”

Enrique Arrillagak duela hamar urte sortu zuen % 100 Euskadiko lehengaiez diseinatu eta fabrikatutako altzarien enpresa, eta dagoeneko hainbat herrialdetara saltzen du, hala nola Frantzia, Italia eta Portugalera.

Saitec:  “’Offshore’  energia  eolikoa  independentzia  ekonomikorako  aukera  da  Europarentzat”

Saitec: “’Offshore’ energia eolikoa independentzia ekonomikorako aukera da Europarentzat”

Javier Urgoiti Bizkaiko ingeniaritza-enpresaren bazkide sortzaileak nabarmendu du Euskadiko industriak potentziala duela sektore estrategiko hori erakartzeko 

ScrapAd:  “Sektorea  digitalizatu  nahi  dugu  ekonomia  zirkularra  bizkortzeko  eta  metal  birziklagarriak  baztertzea  saihesteko”

ScrapAd: “Sektorea digitalizatu nahi dugu ekonomia zirkularra bizkortzeko eta metal birziklagarriak baztertzea saihesteko”

Enpresa gipuzkoarrak, Sara Montesek eta Samuel Ruiz de Lorenzok sortuak, end to end formula eskaintzen du 125 herrialde baino gehiagotan hondakin metalikoen salerosketarako: kontratuak, dokumentazioa eta logistika kudeatzeaz arduratzen da, saltzailearen instalazioetan materiala biltzea eta erosleari entregatzea ziurtatuz.

Fivemasa:  “Isurien  kontrola  ingurumenerako  onuragarria  izateaz  gain,  lehiarako  abantailak  ere  eskaintzen  ditu”

Fivemasa: “Isurien kontrola ingurumenerako onuragarria izateaz gain, lehiarako abantailak ere eskaintzen ditu”

Mende erdi baino gehiagoko historiarekin, enpresa bizkaitarra airearen kutsadura kontrolatzeko makinen diseinuan, ingeniaritzan, fabrikazioan eta muntaketan espezializatu da, eta hainbat kontinentetara iristen da, Europan gero eta garatuagoa den araudia ahaztu gabe.

CTA  hidrogeno  bidezko  hegazkinaren  fuselajearekin  ari  da  lanean

CTA hidrogeno bidezko hegazkinaren fuselajearekin ari da lanean

Miñaoko Teknologia Aeronautikoen Zentroak Europako Faster H2 proiektuan hartzen du parte, 150 eta 250 bidaiari artean hartuko dituen egitura ultraefizientea diseinatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.