CIC energiGUNEk elektrikoki kargatu daitekeen lehenbiziko zink-aire bateria diseinatuko du
- Lana European Research and Innovation Programme-k (GA zk. 101115421) finantzatutako HIPERZAB Europako Proiektuaren barruan dago, eta euskal zentroa du buru. Abian jartzeko bilera gaur egin da CIC energiGUNEk Gasteizen duen egoitzan, eta partzuergoan parte hartzen duten Europako 7 erakundeetako ordezkariak izan dira, Erkidegokoak zein kanpokoak.
- Helburua, ziklabilitatean eta biltegiratze-denboran aurrera egitea ahalbidetuko duen eta elektrikoki birkargatu daitekeen zink-aire bateria laborategiko eskalan diseinatzea eta balioztatzea da, energia berriztagarriekin eta biltegiratze egonkorrerako (epe ertain-luzerako) elektrolizagailuekin konbinatzeko.
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, elektrikoki kargatu daitekeen lehenbiziko zink-aire bateria diseinatzeko prozesua jarri du abian. Oso aurrerapen garrantzitsua izango da teknologia hori garatzeko. Izan ere, teknologia hori oso iraunkorra da eta material aktibo ugari eta merkeak erabiltzen ditu. Ekimena Europako HIPERZAB proiektuaren barruan dago. Proiektu horretan kontinenteko zazpi enpresa eta erakundek hartzen dute parte, CIC energiGUNE buru dutela. Proiektua abian jartzeko bilera gaur egin da Gasteizen.
“Gaur egun, kargatu ezin diren lehen mailako zink- eta aire-bateriak ditugu, eta denboran zehar asko irauten duten arren kargagarritasun mugatua dute”, ziurtatu du Nagore Ortiz Vitoriano CIC energiGUNEko proiektu honetako Ikertzaile Nagusiak. “HIPERZABekin lortuko duguna lehen aldiz, zink-aire bateria birkargagarri bat sortzea da eta, horrela, epe ertainera –egunak edo asteak– biltegiratzeko eta energia berriztagarriekin eta elektrizagailu elektrikoekin konbinatzeko gai izango den gailu mota ezin hobea garatzen aurrera egitea”, adierazi du.
HIPERZABen proposamena Europar Batasuneko “Pathfinder Challenges” deialdian sartu da. Osagai disruptibo handia du; izan ere, merkatuan lehen mailako zink-aire bateriak dauden arren, oraindik ez da horien bertsio kargagarririk garatu. Helburu hori lortzeak berehalako hobekuntzak ekarriko lituzke biltegiratze-denboran, kostuen murrizketan eta epe ertainera biltegiratzera egokitutako bizi-zikloaren diseinuan, energia berriztagarriekin eta elektrolizagailuekin konbinatzeko aukera emateaz gain.
Nabarmentzekoa da metal-aire bateriek, kasu honetan bezala, abantaila nabarmenak dituztela, hala nola material aktibo merkeen eta ugarien erabilera, energia-dentsitate handia eta epe luzerako egonkortasuna. Horien garapenerako oztopo nagusia, HIPERZAB proiektua gainditzen saiatuko dena, birkargagarritasuna da (minutuetara, orduetara mugatuta dago) eta birkarga mekanikoaren (ez-elektrikoaren) ondoriozko mantentze-kostu handiak.
Helburua lortzeko, HIPERZABek hiru osagai berritzaile garatuko ditu: 3D Zink/biopolimero porotsuz osatutako anodoa, polimero naturaletan oinarritutako geruza biko gel elektrolito jasangarria, eta material kritikorik gabeko katodoa. Era berean, proiektuak arreta berezia jarriko du material horien erreakzio-mekanismoak ulertzen, eragiketa-baldintzak fenomeno elektrokimikoekin erlazionatuz, teknologia horretarako berariaz garatutako karakterizazio-teknikei esker. CIC energiGUNEk, proiektua koordinatzeaz gain, parte-hartze aktiboa eta erabakigarria izango du katodoa, elektrolitoa, modelizatua eta gelaxkaren integrazioa ikertzeko lan-paketeetan.
HIPERZAB partzuergoa CIC energiGUNEk, lider gisa, Cegasa Energiak, Sintefek, Poltecnico di Torinok, Institut de Recerca de l’energia de Catalunyak, Advenstek eta Deutsches Zentrum Fur Luft Und Raumfahrtek osatzen dute. Egikaritze epea 48 hilabetekoa da.
CIC energiGUNEri buruz
CIC energiGUNE erreferentziazko zentroa da energia elektrokimikoaren biltegiratzean (bateriak eta kondentsadoreak), energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan. Bere 12 urteko esperientzian, CIC energiGUNE nazioarteko erreferente nagusietako gisa finkatu da egoera solidoko baterien arloan, eta energiaren biltegiratzean Europa hegoaldeko erreferentzia nagusia bihurtu da. BasqueResearch&Technology Alliance-BRTAko kide ere bada.
2011n abian jarri zenetik, CIC energiGUNEk 303 I+G proiektutan hartu du parte, horietatik 40 baino gehiago Europa mailakoak, 1.000 argitalpen zientifikotik gora ditu eta ehun proiektu baino gehiago gauzatu ditu industriarekin lankidetzan, horrela industriako produktuen eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzen lagunduz. Horretarako, CIC energiGUNEk instalazio bereziak ditu, eta horien artean, biltegiratze elektrokimikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira.
Lotutako albisteak

Optimus3Dk neurrira egindako gailu medikoak landuko ditu Gregorio Marañón ospitalearekin batera
Arabako enpresak bidalitako Lorena Cros doktoreak 3D modelaketan, inplanteen diseinuan eta irudi medikoen segmentazioan lagunduko du.

Ekisolarrek bere negozioa deskarbonizaziorantz hedatu nahi du
Gasteizen kokatuta dagoen enpresak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du eta estalki industrialetan energia fotovoltaikoa eskaintzen du.

Euskadi agenda 2030 sariak 60 erakunde aintzatetsi ditu, garapen jasangarriaren helburuekin duten konpromisoagatik
SPRIk eta Euskadiko Parke Teknologikoak konpromiso-diploma lortu dute

E&M Combustion-ek Chileko meatzaritza deskarbonizatzen laguntzen du hidrogenoa erabiliz, Sprilur-en Bildosola Poligonotik
Euskal ingeniaritzak hidrogenoaren errekuntzako I+G proiektu pilotu hau garatu du Chileko Gobernuarentzat.

Agua Embrujadak infusioen sektorea gama handiko alternatiba jasangarriekin irauli du
Arabako enpresak osagai naturalen eta prozesu iraunkorren aldeko apustua egin du, kalitate handiko teak eta infusioak eskaintzeko.