Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 15 abendua, 2023 Ingurumen-jasangarritasuna

Datorren ekitaldian % 20 haztea aurreikusten du Quimunsak

Izurriak kontrolatzeko produktu jasangarrien merkatuko liderra da Mungiako enpresa historikoa
José Manuel Alonso.

Izurriak kontrolatzeko eta maskotak zaintzeko ingurumen-osasuneko produktuak eta soluzioak garatzen eta fabrikatzen liderra da EAEko Quimunsa ETEa.  51 urte daramatza lan horretan, Mungiako 11.000 m2-ko instalazioetan. Gaur egun hogeita hamar langile baino gehiago ditu enpresak, eta merkatu nazionaleko marka liderra sendotzen laguntzen dute horiek egunez egun. 500 produktutik gora ditu enpresak, eta Europako, Afrikako eta Amerikako herrialdeetara esportatzen ditu, José Manuel Alonso zuzendari nagusiaren hitzetan.

Gaur egungo ziurgabetasun-egoeran (inflazioa, kostu energetikoen eta lehengaien kostuaren igoera, Ukrainako gerra…), zer moduz doakizue?

Moldatzen gara. Nahiko ondo doakigu. Kostuen igoerak asko eragiten dio gure ekoizpenari, baina egokitu egin behar da, eta aurrera egiten saiatu.

Zuen sektoreko liderrak zarete, ezta? 

Guk bi hanka ditugu. Batetik, animalien zaintza, desparasitatzekoak, pipetak, xanpuak, sendagaiak… Eta, bestetik, ingurumen-osasunaren arloa dugu; etxeko eta erabilera profesionaleko intsektizidetan oinarritzen da hori. Eta bai, bi adar horietan liderrak gara.

Eta nola iritsi zarete lidergo horretara?

Bi giltzarri daude: batetik, erregistroetara egokitzea; hori ez da erraza, beharrezkoak baitira inbertsio handia, ezagutza, molekulak ongi aukeratzea eta mundu osoan zehar ditugun bazkide eta partnerrak. Eta, bestetik, oso garrantzitsua da enpresa hau osatzen duen giza taldea. Oso jende prestatua, gorantz egiteko gogo handia duena, batez ere, une hauetan. Nire kasuan, bi urte daramatzat enpresa honetan, baina topatu dudan lantaldea paregabea da. Eta, noski, hori da aurrera egiten jarraitu ahal izateko giltzarrietako bat.

Hazteko potentzial handia duen ETE bat zarete zuek…

Hori uste dugu. Proiektu asko ditugu aurrean, eta hazteko aurreikuspenak ditugu. Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren eta garapenaren arloan ematen dituen laguntza batzuk baliatzen ari gara. Eta gure ideiak eta proiektuak gustukoak dira. Hortaz, datozen urteetan Quimunsa nabarmen haziko dela espero dugu.

Noizean behin intsektuen izurri bat izaten da, eta izurri horietako asko lotuta daude aldaketa klimatikoarekin edo tenperaturen igoerarekin. Zuek ere kontuan hartzen duzue agertoki hori?

Izurriak beti daude. Espezie batenak edo bestearenak, baina beti daude. Oraintxe bertan zimitzen izurria da gehien entzuten dena, eta horretarako baditugu produktu zehatzak. Baina bai, agerikoa den moduan, aldaketa klimatikoak eragina du, azken finean hezetasuna eta beroa gustatzen baitzaizkie zomorroei. Zoritxarrez, azken urteetan zirkunstantzia horiek agertu dira, eta klima aldatzen ari dela baieztatu da.

Egurra tratatzeko produktuek osatzen dute enpresaren atal garrantzitsuenetako bat, ezta?

Quimunsa oso ezaguna da Corpol markarengatik, batez ere, Euskal Herrian. Oso errotuta dago, eta egurra tratatzeko marka horrengatik ezagutzen gaituzte gehienek. Hemengo baserri asko tratatu dituzte gure produktuekin. Espainia mailan ere eraikin oso ospetsuak tratatu ditugu gure produktuekin.

Zer produktu eskatzen dituzte gehien beste herrialde batzuek? 

Herrialdearen araberakoa da. Gure produktuek osasun-erregistroak edo ingurumen-autoritateen erregistroak behar dituzte. Hortaz, ezin dugu gure produktuen gama osoa esportatu. Era berean, une honetan arrakasta handia izaten ari gara Masterfly Bait izeneko produktuarekin. Abere-ustiategietarako amu bat da, euliak harrapatzeko. Arratoientzako pozoien gama oso bat ere badugu; gure produktuen gamako klasikoak dira, eta Europa osoan zehar saltzen ditugu. Orain asko saltzen ari gara Afrikan eta Ekialde Ertainean; eta Hego Amerikan merkatua irekitzen ari gara.

Zer aurreikuspen dituzue 2024rako?

Baikorrak gara, eta % 20 inguru haziko garela uste dugu. Lege-arauen eremuan mugitzen gara, eta askotan burokraziak gelditu egiten du gure hazkundea. Hortaz, egindako erregistro eta eskaera jakin batzuk lortzeko itxaropena dugu.

% 20 asko da…

Hala da, bai. Baina lortzeko moduan gaudela uste dugu. Esportazioa giltzarria izango da; herrialde gehiagotara zabaltzen ari gara, produktu gehiagorekin, eta horrek emaitzak izango ditu fakturazioan.

Zuen portfolioa handitzeko edo merkatu berrietarako sarbidea errazteko beste enpresa batzuk erostea aurreikusten duzue?

Bai, pentsatu izan dugu, eta saiatu ere bai. Ez da erraza, baina proiektua handitzeko prest gaude. Gaur egun giltzarria da. Gure bezeroak elkartzen ari dira, hornitzaileak ere bai, eta handiagoak dira. Eta aliantza mota horiekin lehiatu ahal izateko, beste enpresa batzuk behar dira.

Lotutako albisteak

20 abendua, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Saitec: “’Offshore’ energia eolikoa independentzia ekonomikorako aukera da Europarentzat”
Irakurri gehiago
12 abendua, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
ScrapAd: “Sektorea digitalizatu nahi dugu ekonomia zirkularra bizkortzeko eta metal birziklagarriak baztertzea saihesteko”
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Fivemasa: “Isurien kontrola ingurumenerako onuragarria izateaz gain, lehiarako abantailak ere eskaintzen ditu”
Irakurri gehiago
5 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
CTA hidrogeno bidezko hegazkinaren fuselajearekin ari da lanean
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
CRH, eraikuntzan soluzio jasangarriak eskaintzen dituen multinazionala
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak