Donostian antolatuko da ICOE-OEE 2022 konferentzia, energia ozeanikoetako munduko ekitaldirik garrantzitsuena
“International Conference on Ocean Energy & Ocean Energy Europe 2022” (ICOE-OEE 2022) deritzon energia ozeanikoei buruzko munduko ekitaldirik garrantzitsuenak sektoreko ehunka profesional eta ikertzaile bilduko ditu Donostiako Kursaalean, urriaren 18tik 20ra bitartean. ICOE-OEE 2022 Euskadiko Energiaren Kluster Elkarteak) antolatu du Ocean Energy Europe (OEE) erakundearen lankidetzaz eta Energiaren Euskal Erakundea (EVE) babesle nagusi duela.
Europako Batzordeak 2030erako 1.000 MW ekoizteko helburua ezarri du Itsas Energia Berriztagarrien Estrategian (itsas-eolikoaren 60.000 MWekin batera). Espainiaren kasuan, Itsas Energia Eolikoaren eta Itsasoko Energien Ibilbide Orriak 40-60 MWeko helburua ezarri du itsas-energiei dagokienez denbora-tarte berean. Kopuru horiek behin-betiko bultzada eman diezaiokete datozen hamarkadetan sektorearen hazkunde nabarmena erraztuko duten eskalako ekonomien sorkuntzari. Gainera, interes handiko aukera da Euskadirentzat, nazioarteko erreferentziazko eskualde bihurtu den sektore honetan.
Euskadi, energia ozeanikoen nazioarteko erreferentea
Euskadi olatu-energiaren garapenaren arloko lider globaletako bat da, bertako industria-sarearen eta intentsitate teknologikoaren arteko konbinazioagatik. Euskadik mundu osoan elektrizitate gehien ekoitzi duen olatu-energia sortzeko instalazioa du Mutrikun, eta Armintzan, BiMEPen instalazioak daude, parekorik ez duen saiakuntza-gunea, itsaso zabalean kokatua eta sarera konektatua. Euskadik nazioarteko esperientzia duten hainbat enpresak osatutako balio-kate osoa du. Horietako bat da olatu-energiaren bihurgailuaren teknologia propioa duen IDOM enpresa, Estatu Batuetako Energia Departamentuarentzat proiektu aitzindariak garatzen diharduena. Euskadik I+G zentroak ere baditu, Tecnalia eta AZTI kasu, eta bertako unibertsitateak, Mondragon Unibertsitatea eta UPV-EHU tarteko, sektorearen garapen teknologikoaren punta-puntan daude.
Gainera, sektoreak Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bultzada irmoa du. Energiaren Euskal Erakundea mundu mailako zenbait berrikuntza-ekimen bereziren buru da egun; adibidez, EuropeWave programa, Europako Batzordeak sektorearen garapen komertziala sustatzeko egin duen apustu nagusia, EVEk Eskoziarekin batera koordinatutakoa.
Donostia ICOE-OEE 2022 ekitaldiaren egoitzatzat aukeratu izanak argi eta garbi frogatzen du Euskadik sektore horretan duen garrantzia, bai industria eta teknologia-mailan, bai euskal administrazioak ematen dion babes eta bultzadagatik
ICOE-OEE 2022: mundu mailako ekitaldirik garrantzitsuena
Bi urtez behin, ICOE-OEE 2022 energia ozeanikoei buruzko mundu mailako ekitaldi nagusia bihurtzen da. Energiaren Nazioarteko Agentziako energia ozeanikoen sailaren (IEA-OES ingelesezko siglen arabera) babespean, edizio hau Euskadiko Energiaren Kluster Elkarteak (EKE) antolatu du Ocean Energy Europe (OEE) erakundearen lankidetzaz. Topaketak energia ozeanikoan sektoreko ehunka eragile eta profesional bilduko ditu Donostiako Kursaalean, urriaren 18, 19 eta 20an.
Konferentziak asmo handiko programa teknikoa izango du, eta programa hau osatzen duten 21 saioetan, enpresa nagusiak, I+G arloko eragileak eta etorkizun handiko energia-alternatiba honen garapena gidatzen ari diren erakunde publikoak ordezkatzen dituzten mundu osoko 150 hizlarik parte hartuko dute.
Urriaren 18an, asteartea, irekiera-ekitaldian, Eneko Goia Donostiako alkateak ongietorria emango die bertaratutakoei, eta ondoren, sektoreko punta-puntako proiektuak aurkezteko osoko bilkura egingo da. Asteazkeneko saioen hasieran, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldia emango du, eta arratsaldean, sektorearen funtsezko ordezkariak elkartuko dituen mahai-ingurua egingo da, Iñigo Ansola EVEko zuzendari nagusia tarteko.
Konferentzia teknikoaren osagarri, 50 erakusketari baino gehiago bilduko dira erakusketa-gunean, ‘Wave Energy Basque Country’ markapean bildutako euskal enpresen parte-hartze zabala nabarmenduz. Bertan izango dira, besteak beste, EVE; BiMEP; IDOM, AEROBLADE, DITREL eta GALEA enpresak eta TECNALIA eta AZTI zentro teknologikoak. Gainera, Kanada, Eskozia eta Galesko nazioarteko ordezkariak ere bertaratuko dira, haien herrialdeetako erakunde ugari bilduz.
Erakusketa-guneak harreman eta networking profesionalerako aukerak eskainiko ditu, eta horrekin batera, SPRI, Enterprise Europe Network delakoaren Euskadiko ordezkaria den aldetik, berariazko B2B (business-to-business) ekitaldia antolatuko du.
Ekitaldiari eutsi dioten 17 babesleek topaketaren antolaketa erraztu eta horretan zein maila teknikoan lortutako kalitate-maila handia ahalbidetu dute, beraien laguntza eta parte-hartzeari esker. Nabarmentzekoak dira Energiaren Euskal Erakundea (EVE) platinozko babesletzat, BiMEP zilarrezko babesletzat, IDOM eta DITREL brontzezko babesletzat, SPRI babesle teknologikotzat eta EUROESKUALDEA eta ICEX laguntzailetzat. Nazioarteko parte-hartzeari dagokionez, aipatzekoak dira Kanada eta Gales urrezko babesletzat, Team Scotland, zilarrezko babesletzat, eta DP Energy, asteartean, hilak 18, Kursaaleko foyerrean egingo den Welcome Reception ekitaldiareren babesletzat.
Konferentzia teknikoa baino gehiago
Ekitaldiarekin batera, hainbat jarduera osagarri antolatuko dira, nazioarteko ordezkariek egonaldia ahalik eta gehien aprobetxatu eta Euskadi bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten: gala-afaria asteazkenean, urriak 18, Maria Cristina hotelean; bisita teknikoak ostiralean, urriak 21, BiMEPera eta olatu-energia sortzeko Mutrikuko instalazioetara; Pasaiako Albaola eta MATER museoa zein Zumaiako flyscha ezagutzeko bisitak eta pintxo-ibilbidea hirian zehar. Era berean, bertaratutakoek Donostiako hiru hondartzetan zehar antolatuko den bost kilometroko lasterketa batean parte hartu eta Zurriola hondartzan surf eskolak hartzeko aukera izango dute.
ICOE-OEE 2022 topaketari esker, Euskadi itsas-energia berriztagarrien garapenaren munduko erdigunean kokatuko da astebetez. Aukera paregabea izango da, euskal sektorea trantsizio energetikoari funtsezko ekarpena egin diezaiokeen etorkizun handiko arlo honetan posizionatzeko.
ICOE-OEEri buruz
Energiaren Kluster Elkarteak eta Ocean Energy Europe erakundeak bat egin dute, Energiaren Nazioarteko Agentziaren Ocean Energy Systems (IEA-OES) delakoa aldean dutela, baterako ekitaldi hau antolatzeko, eta honen barruan, Energia Ozeanikoari buruzko Nazioarteko Konferentzia (ICOE) eta Ocean Energy Europe (OEE) urteko erakusketa egingo dira. Parekorik ez duen topaketa honek energia ozeanikoaren arloko mundu osoko profesionalak eta erabaki-hartzeen arduradunak bilduko ditu Donostian, 2022ko urriaren 18tik 20ra bitartean.
Lotutako albisteak

Tecoplasek plastiko teknikoen eraldaketan erreferentzia gisa sendotzea du helburu
Bizkaiko enpresak industria-sektorerako eta uren tratamenduko sektorerako lantzen du material hori, eta akuikultura- edo elikagaigintza-sektoreetan duen posizioa handitzea esploratzen ari da.

Euskadik energia eolikoan duen gaitasuna erakutsi du WindEurope 2025 azokan
Euskal parte-hartzeak ordezkaritza zabala bildu du Wind Energy Basque Country stand bateratuan, 17 enpresa eta erakunde hauei abian dituzten soluzioak eta teknologiak ezagutzeko aukera emanez

Ukrainako susperraldi ekonomikoa, Bruselan eztabaidagai
Bertaratutako erakundeen artean egon da SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) enpresak nazioartekotzeko euskal agentzia

Haizelur, nazioartekotzearen aldeko apustua egiten duen doitasun-mekanizazioaren arloko Debako ETEa
Enpresaren esportazioek SPRI Taldearen zibersegurtasuneko programaren dirulaguntza jaso dute eta negozioaren % 35era iritsi dira dagoeneko

Euskadik eta Egiptok bien arteko lankidetza ekonomikoa indartu dute Egiptok Espainian duen enbaxadorearen bisitarekin
Ehab Badawi agintari nstituzionalekin eta euskal enpresa-sektorearen ordezkariekin bildu da aste honetan inbertsio eta lankidetzarako aukera berriak esploratzeko asmoz

Imanol Pradales lehendakariaren arabera, muga-zerga berrien aurrean, “ezinbestekoa da Europak ahots bakarrarekin erantzutea
Enpresek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta araudi berriak nola aplikatuko diren eta haien produktu eta merkatuetan zer eragin izan dezakeen jakiteko orientazio pertsonalizatua eskaintzeko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko diseinatutakoarreta goiztiarreko zerbitzua-Helpdesk zabaldu du SPRI Taldeko Basque Tradek. Zerbitzuak telefono-zenbaki bat eta arreta emateko formularioa ditu, eta dagoeneko hasi da...

AEBk ezarritako arantzel berriak direla eta, euskal enpresei arreta goiztiarra emateko zerbitzua
Enpresa arloko helpdesk berri hau zure zalantzak argitzeko eta zure produktu eta merkatuetan nola eragin dezaketen eta araudi berriak nola aplikatuko diren jakiteko orientazio pertsonalizatua eskaintzeko diseinatuta dago.

Pradales Lehendakaria: “Gure Plan Industriala europar jarraibideekin lerrokatzen ari gara”
"Euskadi eragile garrantzitsua izan daitekeelako eta izan behar duelako prozesu horretan”

Euskadik Txinan finkatutako euskal enpresen babesa indartu du Kunshanera egindako bisita baten bidez
Bisita honek Eusko Jaurlaritzak Euskadiko industria-sektorearen alde hartu duen konpromisoa indartu du euskal enpresen lehiakortasuna Txinakoa bezalako merkatu garrantzitsu batean bermatzeko, lurraldearen garapen ekonomikorako funtsezkoak diren hornidura-kateen oinarriak sendotuz

Euskadik bere automobilgintza sektoreko industria indartuko du errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunerako laguntza-programa berri batekin
Eusko Jaurlaritzak "Emisio Txikiagoko Ibilgailuak" laguntza-programa aurkeztu du Industriaren Defentsarako Taldearen baitan, euskal automobilgintzaren sektoreak egungo muga-zergen gerraren testuinguru globalean dituen erronkei erantzuteko