Euskadik bere aurrerapena sendotu du ingurumenaren babesean, airearen kalitatean eta isurketen murrizketan hobekuntza nabarmenak eginez, Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenaren arabera
2023an, Euskadik 17 milioi tona CO2 isuri zituen, hau da, 2005ean –oinarritzat hartutako urtea- baino % 33 gutxiago
urteaz geroztik, 1.465 hektarea lurzoru berreskuratu dira 156 kokagune kutsatutatik
Materialen etxeko kontsumoa murriztu egin da, zeren biztanle bakoitzeko 8 tonaz jaitsi baita 2005. urteaz geroztik
“Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenak” zortzi ingurumen-gairen bilakaera aztertzen du
Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Ihobe sozietate publikoak egindako “Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostena” aurkeztu du gaur eta, bertan islatzen den bezala, aurrerapen esanguratsuak lortu dira airearen kalitatean eta CO2 isurketen murrizketan; aldi berean, oraindik ere badaude gainditu beharreko erronkak uraren kudeaketan edo hondakinen kudeaketan.
“Txosten hau beharrezko ariketa da: neurtu egin behar dugu, aztertu eta erabakiak hartu ahal izateko. Uste dugu, gainera, gardentasun-ariketa bat dela gizartearen aurrean, herritarren artean interes handia pizten duen gai batean, hala nola ingurumenean “, azpimarratu du sailburuordeak.
“Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenak” zortzi ingurumen-gairen bilakaera aztertzen du: klima-aldaketa, uraren kalitatea, airearen kalitatea, lurzoruaren osasuna, biodibertsitatea, ekonomia zirkularra eta hondakinak, ekonomia eta ingurumena, eta herritarrak. Horietako bakoitzean, ingurumen-adierazleen bilakaera aztertzen du, europar erreferentzia-esparruaren baitan, ingurumen-gai bakoitzaren aurrerapena eta, hala badagokio, helbururaino dagoen distantzia ebaluatzeko. Hala, txostenak Euskadiko ingurumenaren oraingo egoeraren argazki bat eskaintzen du.
Klima-aldaketaren alorrean, txostenak adierazten du Euskadik 17 milioi tona CO2 isuri zituela 2023an, hau da, oinarritzat hartutako urtean -2005- baino % 33 gutxiago. Aurrerapen horrek Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren Legeak 2030erako ezarritako helburuaren bidean kokatzen du Euskadi –beraren helburua da isurketa garbiak zero izatea 2050ean-.
Uraren kalitateari dagokionez, Euskadik ez du aurrerapen esanguratsurik erakutsi, 2018az geroztik, 167 ur-masen kalitatean*. 2023an, masa horien % 43 egoera global “onean” zegoen, eta % 57 “ona baino txarragoa” zen egoeran. Ibaietako uraren kalitatearen egonkortasuna etengabeko arreta eskatzen duen alderdi bat da.
Airearen kalitatea nabarmen hobetu da, zeren 2022ko egunen ia % 90ek kalitate “ona” edo “oso ona” izan baitute. Material partikuladunaren (PM10) urteko batez besteko kontzentrazioa % 19 jaitsi da 2012-2022 aldian, eta Europar Zuzentarauak alor horretan ezartzen duen helburuaren azpitik kokatu da.
Lurzoruen osasunari dagokionez, 2000. urteaz geroztik 1.406 hektarea lurzoru berreskuratu dira 156 kokagune kutsatutatik. Lurzoruaren artifizializazioa % 6,8ren inguruan egonkortu da 2016az geroztik, baina lehentasunezko lurzoru industrialen berreskurapenak erronka izaten jarraitzen du.
Biodibertsitateari dagokionez, Euskadik Natura 2000 Sareak babestutako 55 eremu ditu, hau da, guztira 1.659 km2-ko azalera, eskualdearen osoko azalaren % 23ren adinakoa. Nekazaritza-eremuei lotutako hegaztien populazioa % 37 jaitsi da 1998ko datuen aldean. Baso- eta hiri-eremuetako hegaztien populazioak, aldiz, % 103 eta % 19 hazi dira, hurrenez hurren.
Materialen etxeko kontsumo txikiagoa
“Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenak” adierazten du, halaber, sortutako hiri-hondakinak % 4 jaitsi direla 2003az geroztik; hala, 2022an 1.106.000 tonara iritsi dira, horien % 80 etxeko hondakinak izanik. Urte berean, Euskadik 3,6 milioi tona hondakin ez-arriskutsu sortu zituen (arriskutsuak ez diren hondakin industrialak, hiretako ur-araztegietako lohiak, erabilerarik gabeko pneumatikoak eta erabilerarik gabeko ibilgailuak). Hondakin horien % 68 birziklatu edo konpostatzen da, % 3,6 energetikoki balorizatzen da, eta % 28 eliminatu egiten da. Gainera, ikusten da materialen etxeko kontsumoa murriztu egin dela, zeren biztanle bakoitzeko 8 tonaz jaitsi baita 2005. urteaz geroztik.
Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak ezartzen du, helburu nagusi bezala, zabortegira iristen diren hondakinak % 15etik behera murriztea.
Ekonomiaren eta ingurumenaren arteko loturari dagokionez, Euskadik desakoplamendu nabaria du BPGaren eta ingurumen-adierazle nagusien artean, hala nola BEGen isurketak. Nolanahi ere, fiskalitate berdea % 1,5 soilik da Euskadin, EBko batezbestekoaren azpitik egonda, bertan % 2 baita.
Herritarrek ingurumenarekin duten loturari dagokionez, txostenak azpimarratzen du euskal herritar ia guztiek faktore garrantzitsutzat jotzen dutela ingurumena bizi-kalitaterako. Gainera, biztanleriaren % 76 kezkatuta dago klima-aldaketagatik, eta haren aurka borrokatzeko neurrien alde agertzen da.
“Euskadiko Ingurumen-koiunturaren 2024ko txostenak” azpimarratzen ditu Euskadin lortutako aurrerapenak, airearen kalitateari eta isurketen murrizketari dagokienez; aldi beran, baina, etengabeko arreta eskatzen duten arlo batzuk aipatzen ditu, hala nola uraren kudeaketa, lurzoru kutsatuen berreskurapena, hondakinen kudeaketa eta fiskalitate berdea; adierazten du, halaber, herritarren inplikazioa eta politika eraginkorren inplementazioa funtsezkoak izango direla Euskadik aurrera egiten jarrai dezan Europan erreferentziazko eskualdea izateko helbururantz, jasangarritasunari dagokionez.
Lotutako albisteak

TECH friendly-k plangintza estrategikoa eta hiri-inguruneen eraldaketa digitala eta fisikoa uztartzen ditu
Bizkaiko enpresa hiriaren garapenean eta tokiko administrazio publikorako aholkularitza teknologikoan aritzen da.

Lansolar Ingenieros, bi hamarkada inguru abangoardiako irtenbideak eskaintzen trantsizio jasangarriagoa bultzatzeko
Bizkaiko enpresak hidrogenoarekin lan egiten hastea du helburu datozen hilabeteetan, energia fotovoltaikoa biltegiratzeko sistema gisa.

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

Mikel Jauregi sailburuak eta PepsiCo-ko presidenteordeak enpresak Etxabarri-Ibiñako instalazioa “zero emisioko” munduko lehena izateko egin duen apustua aztertu dute
Elikagaien eta edarien multinazionalak Arabako Parke Teknologikoan instalatu du bere Hub Digital Globalaren zati bat, datuetan eta adimen artifizialean espezializatua.

Optimus3Dk neurrira egindako gailu medikoak landuko ditu Gregorio Marañón ospitalearekin batera
Arabako enpresak bidalitako Lorena Cros doktoreak 3D modelaketan, inplanteen diseinuan eta irudi medikoen segmentazioan lagunduko du.