Euskadik bere automobilgintza sektoreko industria indartuko du errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunerako laguntza-programa berri batekin

Eusko Jaurlaritzak "Emisio Txikiagoko Ibilgailuak" laguntza-programa aurkeztu du Industriaren Defentsarako Taldearen baitan, euskal automobilgintzaren sektoreak egungo muga-zergen gerraren testuinguru globalean dituen erronkei erantzuteko 
  • 5 milioi euroko hasierako inbertsioarekin, laguntza-programa honek errepideko garraioaren deskarbonizazioa bizkortzeaz gain, Euskadirentzat funtsezkoa den industria indartzen lagunduko du, ibilgailu berriak erosteko eskaria sortuz.
  • “Emisio Txikiagoko Ibilgailuak” programak 3.500 eurorainoko laguntzak banatuko ditu ibilgailuak ordezteko, Euskadiko ibilgailu-parkearen modernizazioak sektorearen jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatuko dituela ziurtatuz.
  • Laguntza-programa berriak Euskadi Europako abangoardian kokatzen du, EBko programarik osatu eta aurreratuenetako batekin. Errepideko garraioaren deskarbonizaziorako neutraltasun teknologikoaren alde egingo du programa berriak, eta MOVES programaren bidez auto elektrikoaren alde egiten ari den apustuaren osagarria da.
  • Programaren hasierako fasean, aurreikusten da 2.000 auto eta furgoneta ordeztea efizientzia handiagoa duten eta gutxiago kutsatzen duten beste ibilgailu batzuekin (125 g/km-tik beherako CO2-emisioko autoak eta 150 g/km-tik beherako CO2-emisioko furgonetak). Guztira, 24.000 tonatik gorako CO2-emisioak saihestuko dira, hau da, 16.000 etxek sortzen duten emisioaren parekoa saihestuko da.

Eusko Jaurlaritzak “Emisio txikiagoko ibilgailuak” erosteko laguntza-programa aurkeztu du, Industriaren Defentsarako Taldearen esparruan. Programa hori Energiaren Euskal Erakundearen bitartez bideratuko da. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak zuzentzen duen lantalde horretan, herrialdeko erakunde publiko nagusiak eta industriaren eta ehun ekonomikoaren ordezkaritza zabala biltzen dira —industria-klusterrak, enpresa-erakundeak, merkataritza-ganberak eta enpresa adierazgarriak—.Lantaldearen eginkizuna da Euskal Autonomia Erkidegoko industriari informazioa denbora errealean ematea eta muga-zergen gerrari aurre egiteko neurriak eskaintzea, baita industria-jarduera bultzatzeko eta Estatu Batuetako Gobernuaren neurri komertzial berriek eragin ditzaketen kalteak arintzeko neurriak ezartzea ere.

Sailburuak nabarmendu duenez, “herritarrei emisio gutxiago eragingo dituzten ibilgailu berriak eskuratzen laguntzeko gai izan behar dugu, eta, aldi berean, automobilgintzaren sektorea babestu”. Halaber, gobernuburuek izan behar duten paperari dei egin dio, “lidergoa eramatea eta orain egitea dagokigu. Bolantea gogor hartu, eta sektorera datozen bihurguneak saihestu”.

“Orain arte, Europaren apustua ibilgailu elektrikoa izan da, baina bere hedapena ez da espero bezala funtzionatzen ari. Jendea bigarren eskuko auto baten alde apustu egiten ari da, eta ez auto elektriko baten alde. Eta auto zaharrak dituen ibilgailu-parkeak ez du deskarbonizazioan laguntzen “, gehitu du Jauregik.

“Emisio Txikiagoko Ibilgailuak” laguntza-programa

Neurri horien artean, gaur “Emisio Txikiagoko Ibilgailuak” programa berria aurkeztu da. Programa horren helburua da garraio-sektorearen deskarbonizazio adimendunean aurrera egitea eta, horretarako, automobilak eta furgonetak emisio txikiagoko beste ibilgailu batzuekin ordeztea. Programak 3.500 eurorainoko laguntzak emango ditu egungo autoa 125 g/km-tik beherako emisioak dituen auto berri batekin ordezteko, eta egungo furgoneta 150 g/km-tik beherako emisioak dituen furgoneta berri batekin ordezteko. Edonola ere, ibilgailu zaharra txatar bihurtu beharko da nahitaez. Autoa (turismoa) ordezkatzearen ondoriozko CO2 isurien batez besteko murrizketa % 30 baino handiagoa izango dela kalkulatzen da.

Laguntza-programa horrek, hasiera batean, funts propioetako 5 milioi euroko zuzkidura izango du (handitu daiteke) 2025eko apirilaren 1etik aurrera erositako ibilgailuak diruz laguntzeko. Horrela, errepideko garraioaren emisioak murrizteko laguntzak handituko dira eta ibilgailu elektrikoaz haratago osatuko da eskaintza. “Emisio Txikiagoko Ibilgailuak” laguntza-programak Europako abangoardian kokatzen du Euskadi, ezaugarri horiek dituen EBko programarik osatu eta aurreratuenetako batekin.

Hala, Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen dio elektrifikazioaren aldeko apustuari, errepideko garraioa deskarbonizatzeko bide nagusi gisa. Laguntza honekin, oraindik ibilgailu elektrikora jauzi egiteko prest ez dauden familiei laguntzeko urrats bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Programa honen laguntzaren zenbatekoa (3.500 €), osagarria den heinean, ibilgailu elektrikoa erosten laguntzeko MOVES programarena baino txikiagoa izango da (7.000 €, azken MOVESen zenbatekoei eutsiz gero), eta EEEren bidez ere kudeatuko da.

Eusko Jaurlaritzak etengabeko harremana du Estatuko Gobernuarekin MOVES programa berrindartzeari dagokionez. Estatuko Gobernuko hainbat ordezkarik behin eta berriz adierazi duten bezala, programa horri bultzada berria eman nahi zaio, 2025eko urtarrilaren 1a erreferentziatzat hartuta. Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du, are gehiago egungo egoeran, programa berriro martxan jartzea, eta hala jakinarazi dio Espainiako Gobernuari.

Deskarbonizazio adimenduna

Eusko Jaurlaritzak, IHOBEren bidez, urtero egiten duen Berotegi Efektuko Gasen Emisioen azken Inbentarioaren arabera, salgaien eta bidaiarien garraioarekin lotzen da Euskadiko berotegi-efektuko gasen emisio guztien % 35 inguru, eta emisio horiek errepideko garraioan erregai fosilak erabiltzearen ondorio dira, batik bat. Hori dela eta, “Emisio txikiagoko ibilgailuak” programak errepideko garraioarekin lotzen den emisioen murrizketa eragin nahi du.

Laguntza-programa horrek helburu bikoitza du, deskarbonizazioa eta industriari laguntzea. Teknologikoki aurreratuagoak diren ibilgailuen ondoriozko eta motor efizienteagoen ondoriozko emisioen murrizketa lortu nahi izateaz gain, Europako gainerako herrialdeekin parteka daitekeen esperientzia berritzailea ere izan nahi du. Izatez, Europan eta Euskal Autonomia Erkidegoan hain garrantzitsua den automobilgintzaren sektoreari bultzada emango dio (Euskadin kalitateko 40.000 lanpostu inguru ditu sektore horrek).

Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere esperientzia eskaini nahi die Espainiako Gobernuari zein Europako Batzordeari, deskarbonizazioa bultzatzeko neurri berriak abian jar daitezen, eta, aldi berean, automobilgintzaren sektoreari lagundu dakion.

Gizarte-errealitateari erantzutea

Azken urteotan, gaur egun zirkulatzen ari diren ibilgailuen flota zahartzen ari dela ikusi da, Euskadin 14,5 urtekoa da, Estatuko batez bestekoa baino pixka bat handiagoa (14,2 urte); 2019an, batez bestekoa 12 urtekoa zen. Kopuru horien aurrean, Eusko Jaurlaritzak kezkaz ikusten du azken urteotan nagusitu den bigarren eskuko ibilgailuak erosteko joera. 2024an, Euskadin saldutako auto berri bakoitzeko bigarren eskuko hiru auto erosi ziren, eta horrek ez du errepideko garraioaren deskarbonizazioa eraginkorrean laguntzen.

Hasierako fase horretan, gutxi gorabehera 2.000 auto eta furgoneta emisio txikiagoko beste ibilgailu batzuekin ordeztea aurreikusten da (125 g/km-tik beherako CO2-emisioko automobilak eta 150 g/km-tik beherako CO2-emisioko furgonetak).

Ibilgailu horiek ordezteak 24.000 tona inguruko CO2-emisioa saihestuko du balio-bizitzako 10 urtetan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko 16.000 etxek sortzen duten karbono dioxidoko emisioen parekoa. Horrek urtean 115.000 zuhaitzek sortzen dutenaren pareko arazte-efektua izango du.

“Emisio txikiagoko ibilgailuak” programak ere alderdi sozial bikoitza du: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen sektore zabalago bati ibilgailu berria erosten laguntzen dio, eta, bestetik, hirietako erdiguneko emisio txikiko eremuetan sartzea errazten du. Horri gehitu behar zaio, bide-segurtasuna hobetuko dela, teknologikoki aurreratuagoak diren eta gidatzeari laguntzeko sistema berriak dituzten ibilgailuen kopurua gehitzearekin, ibilgailu horiek seguruagoak baitira.

Azken batean, laguntza-programa horrekin, Eusko Jaurlaritzak, EEE – Energiaren Euskal Erakundearen bidez, deskarbonizazio adimendunaren aldeko apustua egiten du. Apustu horretan, industriaren hazkundea, emisioak murrizteko konpromisoa eta gizarteari laguntzeko ahalegina uztartzen dira, eta bat egiten da industria, deskarbonizazioa eta justizia soziala bultzatzeko helburuarekin.

Laguntza-programan sartzea

Dirulaguntza eskuratu ahal izango dute ezaugarri hauek dituzten autoek eta furgonetek: 2025eko apirilaren 1etik aurrera erosten diren ibilgailu elektriko huts eta hibrido entxufagarriak, autonomia hedatukoak, petrolioaren gas likidotu bidezkoak, gas natural bidezkoak, gasolina bidezkoak edo gasolio bidezkoak, 125 g/km-tik beherako CO2-emisioak dituzten autoetarako, eta 150 g/km-tik beherako CO2-emisioak dituzten furgonetetarako.

Edonola ere, ibilgailu zaharra nahitaez bihurtu beharko da txatar, ordezkapena benetan gauzatzeko eta ibilgailu bakoitzeko 3.500 eurorainoko laguntza jasotzeko. Ibilgailu berriaren gehieneko prezioa, oro har, ezin izango da 40.000 eurotik gorakoa izan autoetarako eta 75.000 eurotik gorakoa hidrogeno-autoetarako.

Laguntzak apirilaren 1etik aurrera egindako erosketei aplikatuko zaizkie, baldin eta erosketa egun horretatik aurrera egin bada eta osorik ordainduta badago. Energiaren Euskal Erakundearen web-orrian eskatu ahal izango dira laguntzak.

Laguntzen ezaugarri nagusiak

Diruz lagundu daitezkeen jarduketak:

M1 (automobilak) eta N1 (furgonetak) kategorietako ibilgailu arinak erostea, berriak edo erakustekoak.

  • 125 g/km-tik beherako CO2-emisioak dituztenak N1 kategoriako ibilgailuetarako
  • 150 g/km-tik beherako CO2-emisioak dituztenak N1 kategoriako ibilgailuetarako

Erakusketako ibilgailutzat hartuko dira bederatzi hilabete arteko antzinatasuna duten ibilgailuak, lehen matrikulaziotik salerosketa-fakturaren egunera arte zenbatuta.

Diruz lagundu daitezkeen ibilgailuak izan daitezke elektriko hutsak, hibrido entxufagarriak, autonomia hedatukoak, petrolio-gas likidotu bidezkoak, gas natural bidezkoak, gasolina bidezkoak edo gasolio bidezkoak.

Hauek dira dirulaguntza jaso dezaketen 125 g/km-ko ibilgailuetako batzuk: Volkswagen Golf, Seat León, Audi A3, Peugeot 508. 900 modelo/ibilgailu-bertsio (M1) baino gehiago daude aukeratzeko.

Auto horiek Euskadiko Emisio Baxuko Zona guztietara sar daitezke.

Txatar bihurtuko den ibilgailuak baldintza hauek bete beharko ditu NAHITAEZ:

  • Laguntza eskatzen duenak ibilgailuaren jabea izan behar du.
  • Ibilgailuak 2025eko apirilaren 1etik aurrera bihurtu behar du txatar.
  • M1 edo N1 kategoriakoa izan behar du.
  • Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan jasota egon behar du, eta behar bezala ordainduta, gutxienez 2024tik eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean; eta, azkenik,
  • Txatar bihurtzen den ibilgailuak bi baldintza hauetako bat bete beharko du:
    • 20 urteko edo gehiagoko antzinatasuna izatea (lehen matrikulaziotik txatar bihurtzen den arte), edo
    • 175 g/km-tik gorako CO2-emisioak izatea M1 kategoriako ibilgailuen kasuan, eta 200 g/km-tik gorako CO2-emisioak izatea N1 kategoriako ibilgailuen kasuan.

 

Laguntzen zenbatekoa

  • 3.500 euroko dirulaguntza ibilgailu bakoitzeko, gehienez ere erositako ibilgailurako diruz lagundu daitekeen kostuaren % 20.

 

Erositako ibilgailuaren gehieneko prezioa

  • M1 kategoriako ibilgailuen kasuan, erositako ibilgailuaren prezioa ezin izango da 40.000 eurotik gorakoa izan (BEZa eta matrikulazio-zergak EZ dira barne hartzen).
  • Hidrogenozko M1 kategoriako ibilgailuen kasuan, erositako ibilgailuaren prezioa ezin izango da 75.000 eurotik gorakoa izan (BEZa eta matrikulazio-zergak EZ dira barne hartzen).
  • N1 kategoriako ibilgailuetarako ez da gehieneko preziorik aplikatzen.

 

Onuradun bakoitzeko mugak

  • Gehienez, ibilgailu bat pertsona fisiko bakoitzeko, eta hiru ibilgailu laguntza eskatzen duen pertsona juridiko bakoitzeko.

 

Bateragarritasuna beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin

  • Bateragarriak dira, baldin eta, oro har hartuta, diruz lagundu daitekeen kostuaren % 70eko edo gutxiagoko laguntza badira.

 

Eskabideak aurkezteko epea

  • Ibilgailua apirilaren 1etik aurrera erosi beharko da, hau da, apirilaren 1etik aurrera erositako ibilgailu oro sartuko da laguntza-programan.
  • Eskabideak jasotzeko programa apirilaren 1ean irekiko da.
  • Programaren epeak: irekitzen denetik (apirilaren 1a) 2025eko irailaren 15era arte edo deialdiaren aurrekontua agortzen den arte. Eskabideak aztertu, eta, gero, aurkeztu diren ordenaren arabera tramitatuko dira. Nolanahi ere, behar bezala formalizatuta eta osatuta dauden heinean eta hurrenkeran ebatziko dira.

 

Tramitazio administratiboa

  • Laguntzaren tramitazioa fase bakar batean izapidetuko da, ibilgailua erosi ondoren.
  • Ibilgailua osorik erosita, fakturatuta eta ordainduta egon beharko da apirilaren 1etik aurrera. Ez da onartuko ez ordainketa-seinalerik ezta aurrerakinik ere.

Lotutako albisteak

Optidel  Biosystems-ek  arrisku-kapitaleko  inbertitzaileen  babesa  jaso  du

Optidel Biosystems-ek arrisku-kapitaleko inbertitzaileen babesa jaso du

Optidel Biosystems startupek kosmetika sektorean osagai aurreratuak eta konponbide pertsonalizatuak garatzeko muga berriak irekiko ditu  

Industria  Defendatzeko  Taldeak  Euskadiko  industriari  laguntzeko  lehen  neurria  onartu  du

Industria Defendatzeko Taldeak Euskadiko industriari laguntzeko lehen neurria onartu du

Industria Defendatzeko Taldeak lehen laguntza-programa bat aurkeztu du, “Emisio gutxiagoko ibilgailuak” erosteko, Euskadin errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunean aurrera egiteko eta, aldi berean, euskal industriarako funtsezkoa den sektore bati, automobilgintzari, laguntzeko

Haizea  Wind  Groupek  bere  hazkundea  sendotu  du,  2024an  371  milioiko  salmentekin  eta  18  milioiko  irabaziekin

Haizea Wind Groupek bere hazkundea sendotu du, 2024an 371 milioiko salmentekin eta 18 milioiko irabaziekin

Haizea Wind Groupek, gainera, 2025ean hazkundea sendotzea aurreikusten du, kontratatutako eskaera zorroari esker

Euskadik  bere  aurrerapena  sendotu  du  ingurumenaren  babesean,  airearen  kalitatean  eta  isurketen  murrizketan  hobekuntza  nabarmenak  eginez,  Ingurumen-koiunturari  buruzko  2024ko  txostenaren  arabera

Euskadik bere aurrerapena sendotu du ingurumenaren babesean, airearen kalitatean eta isurketen murrizketan hobekuntza nabarmenak eginez, Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenaren arabera

Euskadiko airearen kalitatea nabarmen hobetu da, zeren 2023ko egunen ia % 91k kalitate "ona" edo "oso ona" izan baitute

TECH  friendly-k  plangintza  estrategikoa  eta  hiri-inguruneen  eraldaketa  digitala  eta  fisikoa  uztartzen  ditu

TECH friendly-k plangintza estrategikoa eta hiri-inguruneen eraldaketa digitala eta fisikoa uztartzen ditu

Bizkaiko enpresa hiriaren garapenean eta tokiko administrazio publikorako aholkularitza teknologikoan aritzen da.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.