Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak hasierako onarpena jaso du
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onarpena. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak landutako plana da, eta Lurralde Antolamenduko Gidalerroak garatzen ditu, zenbait araudi eta adostasun sozial eta instituzional kontuan hartuz betiere.
Euskadin energia-jasangarritasuna lortzeko oinarrizko erremintetako bat izatea da Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren xede nagusia. Ekonomiaren deskarbonizazioa burutuko duen energia-trantsizioa egiteko Euskadik beharrezkoak zaizkion energia berriztagarrien instalazioak izan ditzala bultzatuko du. Horrenbestez, lurralde- eta ingurumen-muga guztiak kontuan hartuz energia berriztagarri guztien energia-aprobetxamendua bilduko duen dokumentua dugu.
Zenbait mailatan (Europa, estatua eta autonomia-erkidegoa) energia berriztagarrien garapenari buruz beste estrategia eta planetan ezarritako helburuekin lotzen da Lurralde Plan Sektoriala. Horrenbestez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial hau energia berriztagarrien garapena sustatzeko helburu eta planekin lerrokatuta dago, eta energia berriztagarriaren eta berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketaren arloan helburuak eta jomugak lortzen lagunduko du. Ildo horretan, nabarmentzekoa da testuaren funtsetako bat gizarte bezala autokontsumoaren eta komunitate energetikoen alde egin behar dugun apustua dela. Bi funtsezko alderdi dira energiaren azken kontsumoan energia berriztagarrien kuota hobetzeko.
Lurralde Plan Sektorial honetarako denbora-horizontea bi hamarkadatarako aurreikusten da, kontuan izanda plana 2030erako Euskal Energia Estrategian ezarritako eta 2050erako Bide Orrian eta Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako geroko Estrategietan ezarriko diren helburuak betetzeko energia berriztagarrien hedapena antolatzen saiatuko dela.
Gaur egun, 2021eko datuen arabera, energia berriztagarrien aprobetxamendu-maila urtean 617 ktep da, eta 2030. urteari begira urtean 966 ktep-era iritsi nahi dugu. Era berean, energia berriztagarriek azken kontsumoan duten kuota, inportatutako elektrizitatea barne % 16,6 da, eta faktore hori gabe % 10 da zifra hori, eta 2030. urteari begira % 21era iristea aurreikusten dugu.
Modu garden eta adostuan pentsatutako Lurralde Plan Sektoriala
Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala euskal herritarrekin batera idatzi da modu garden eta adostuan. Horretarako, 2021eko maiatzean hasi zen parte-hartze prozesua Oinarrizko Dokumentu bat prestatzeko lehen fase batekin. Izan ere, parte hartzeko tresnen bidez aztertu beharreko gaiak zerrendatzen ziren dokumentu horretan, eta abiapuntua izan zen aipatutako prozesu hori abian jartzeko.
Aurrerago, 2021eko urrian, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren Aurrerapen Dokumentua eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa argitaratu ziren, eta eraginpeko Administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsultetarako izapidea gainditu behar izan zuten, baita Ohiko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren izapidea ere. Beste azterketa publiko bat gainditu behar izan zuten dokumentu horiek 2021eko azaroan eta abenduan, Herritarren Parte-hartzearen bigarren fasea gainditu behar izan baitzuten data horietan, hain zuzen ere.
Azkenik, 2022ko apirilean jaso ziren kontsultatuko Administrazio publikoen txostenak, baita hedadura estrategikoko dokumentua ere.
Orain jendaurrean erakusgai egoteko 45 egun balioduneko beste aldi bat zabalduko da, egoki iritzitako alegazio guztiak egiteko. Jendeak Irekian izango du bere eskueran Lurralde Plan Sektoriala, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian ere, www.euskadi.eus webgunearen barruan.
Energia berriztagarriak gehiago ezartzeko erreminta bat
Energia- eta klima-larrialdiak agerian utzi du iturri autoktono eta berriztagarriekin gero eta gehiago, eta modu urgentean, hornitzeko dugun egiazko premia. Mix energetikoa aldatzea da helburu nagusia, hori lehentasuna baita Euskadirentzat ez ezik, Europa osoarentzat.
Egungo energia- eta ingurumen-testuinguruak ekonomiaren deskarbonizazioaren helburua lortzeko prozesua bizkortzea eskatzen du. Lurraldean energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko instalazioak hedatzea eskatuko du horrek, eta hedapen hori nahitaez izango da handiagoa hurrengo urteetan. Ingurumen-eskakizunak bete beharko ditu instalazio berrien ezarpenak, eta kultura-ondarea, ingurumen sozioekonomikoa, segurtasuna eta osasuna zaindu beharra errespetatu.
2002ko Euskadiko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala eguneratu eta egokituko du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, eta energia berriztagarrien esparruan helburu energetiko berriak lortzen lagunduko du.
Lotutako albisteak

Optimus3Dk neurrira egindako gailu medikoak landuko ditu Gregorio Marañón ospitalearekin batera
Arabako enpresak bidalitako Lorena Cros doktoreak 3D modelaketan, inplanteen diseinuan eta irudi medikoen segmentazioan lagunduko du.

Ekisolarrek bere negozioa deskarbonizaziorantz hedatu nahi du
Gasteizen kokatuta dagoen enpresak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du eta estalki industrialetan energia fotovoltaikoa eskaintzen du.

Euskadi agenda 2030 sariak 60 erakunde aintzatetsi ditu, garapen jasangarriaren helburuekin duten konpromisoagatik
SPRIk eta Euskadiko Parke Teknologikoak konpromiso-diploma lortu dute

E&M Combustion-ek Chileko meatzaritza deskarbonizatzen laguntzen du hidrogenoa erabiliz, Sprilur-en Bildosola Poligonotik
Euskal ingeniaritzak hidrogenoaren errekuntzako I+G proiektu pilotu hau garatu du Chileko Gobernuarentzat.

Agua Embrujadak infusioen sektorea gama handiko alternatiba jasangarriekin irauli du
Arabako enpresak osagai naturalen eta prozesu iraunkorren aldeko apustua egin du, kalitate handiko teak eta infusioak eskaintzeko.