Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Alberto José Gutiérrez Airbuseko COO eta Airbus Espainako presidenteak Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) izenpetu dute gaur goizean EAEko Administrazio Orokorraren eta enpresaren arteko lankidetza indartzeko, COVID osteko susperraldirako Euskadiko ekoizpen-egitura eraldatzeko eta indartzeko prozesuan, eraldaketa teknologiko-digitalean eta energetiko-klimatikoan oinarrituta.
Gaur sinatu duten konpromisoan aldeek elkarlanean jardutea adostu dute bi arlo estrategikotan: jasangarritasunean eta digitalizazioan. Horretarako, honako lankidetza-esparruetan egingo dute aurrera: I+G+b, talentua, industrializazioa edo tokiko hornikuntza-oinarriak indartzea. MoUk lau urteko iraupena izango du, eta proiektu bakoitzerako akordio espezifikoen bidez zehaztuko da.
Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzen eta Euskadin ongizatea eta aberastasun ekonomiko eta soziala sortzen laguntzeko ikuspegiarekin, Eusko Jaurlaritzaren ustez, lehentasuna du tokiko ekoizpen-egitura indartzeak eta egokitzeak Euskadiko sektore aeroespaziala garatzen laguntzeko, trantsizio teknologiko-digitalarekin eta energetiko-klimatikoarekin lerrokaturik. Trantsizio horiek 2021-2024ko Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan jasota daude, planaren helburua izanik ekonomia suspertzen laguntzea COVID-19ak eragindako erronka koiunturalak kontuan hartuta. Era berean, trantsizio teknologiko- digitala eta energetiko-klimatikoa ZTBP 20230 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren esparruan zehaztu eta ezarritako RIS3 Euskadi estrategian garatu beharreko zeharkako ardatzak dira.
Hautematen denez, munduko aeronautikaren sektorea pixkanaka deskarbonizatzen ari da, inbertsio handien, lankidetzaren eta garapen teknologikoaren bidez abiazioarentzat energia-ekosistema berri bat ezartzen saiatuz.
Alde horretatik, Airbus konpainiak deskarbonizazio-estrategia progresibo baten aldeko apustua egin du, zaharragoak diren flota kutsatzaileagoak, emisioak murriztuko dituzten eraginkortasuna handiagoko aparatuekin ordezkatuz, abiazioan erregai jasangarri berrien (SAF) erabilpena areagotuz eta bidaiarien lehen zero isuriko hegazkina garatzeko anbizioarekin, ZEROe proiektuaren bidez, Airbus etorkizuneko aireontzien garapenean murgilduta dago, teknologia elektrikoak eta hidrogeno-teknologiak konbinatuko dituzten propultsio-teknologia hibridoetan oinarrituta, eta emaitza 2035ean burutuko da, zero emisioko lehenengo aireontzia zerbitzuan jartzen denean.
Bestalde, Euskadik bat egin du 2050ean zero emisio garbietara iristeko trantsizio industriala bultzatzeko World Economic Forum (WEF) erakundea garatzen ari den eta COP26an Glasgown aurkeztu zen programarekin.
ZEROe hegazkinak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu sektore aeroespazial osoarentzat. Euskadiri dagokionez, euren balio-katean produktuak, teknologiak, materialak eta ekoizpen-produktu berriak, aireontzi jasangarriekin erlazionatuta daudenak, integratuko dituzten ikerketa-prozesuak gauzatzeko erronka eta aukera izango da. Euskadik garrantzizko gaitasun eta azpiegitura zientifiko eta teknologikoak ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen (ZTBES) bidez, bai eta, bereziki, Basque Research Technology Alliance (BRTA) osatzen duten zentroen gaitasunak ere.
Airbus aireontzien munduko fabrikatzaileetan eta Europako sektore aeroespazialeko enpresa liderra da. Orain dela 50 bat urtetik egindako lanari esker, konpainiak Europa munduko erreferente bihurtu du aireontzien fabrikazioan; zehazki, 2021ean 611 hegazkin komertzial entregatu zituen. Espainiako Estatuan 12.700 pertsona baino gehiago ditu zuzenean enplegatuta, eta 100.000 inguru zeharka. Tokiko hornitzaileen sarea 400 enpresak baino gehiagok osatzen dute.
Euskadiri dagokionez, sektore aeroespaziala nagusiki manufakturan oinarritzen da, eta zerbitzu aurreratuak eta produktuak hornitzen dizkie ia munduko bezero handi guztien programa handi guztiei. Bereizten du balio-katea eratzean funtsezko eginkizuna betetzen duten TIER1 eta TIER2 puntako enpresa ugari izateak. TIER1 enpresa multzoa batez ere osatzen dute osagai metal-mekanikoak, ingeniaritza, zerbitzu aurreratuak eta material ezberdinetako jarduerak hornitzen dituzten enpresek, batez ere ETEek. Goi-teknologiako enpresak dira, kualifikazio handiko enplegua dutenak. Azken 10 urteotan sortutako fakturazioaren % 10 inguru inbertitu du sektoreak I+G+b-n, eta ahalegin handia egin du erronka berriei, hau da, jasangarritasunari eta ingurumenaren babesari, aurre egiten. Horretarako, Europako ekimen publiko-pribatu nagusian, horretarako Clean Sky programan, parte hartzen du.
Gaur izenpetutako MoU betetzeko, Airbus konpainiak I+G+b jarduera Euskadin garatzeko aukera aztertuko du, aireontziak elektrifikatzearen, ekoizpen-prozesuak digitalizatzearen eta konektibitatearen, produktu eta sistema espazialen garapenaren, ingurumen-jasangarritasunaren eta langile guztien gaikuntzaren alde egindako apustuaren baitan.
Era berean, bere industria-ekimenei erantzuteko, Airbus Helicopters España SAUren asmoa da Euskadiko tokiko industria-gaitasunak aztertzea, ahal den neurrian hornidura-katea hobetzeko bai kostuetan, bai ekoizpenaren kalitatean eta eskuragarritasun-epeetan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Airbusen esku jarriko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareari (ZTBES) atxikita dauden erakundeetara sarbidea izatea, bai eta beharrezko ikusten dituzten proiektuetako lanak gauzatzeko beharrezko ikerketa taldeak sortzeko laguntza ere.
Era berean, Airbusen esku jarriko du 4GUNE Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Hezkuntzako Klusterraren, Tknika Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroaren eta Hetel Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartearen gaitasunekin harremanetan jartzeko bidea, fabrikazio-prozesu digital eta jasangarri berrietarako behar diren profil profesionaletan gaitasun berriak sortzea sakontzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?