AVL jatorri austriarreko multinazional bat da, automobilgintzaren sektorean diharduena eta arestian Euskadin kokatu dena, SPRI Taldeak bultzatutako Invest in The Basque Country arloari esker, arlo horren helburua baita atzerriko inbertsioa erakartzea. AVL-ren iberiar penintsulako egoitza zentrala Valladoliden dago, bulegoak ditu Madrilen eta Bartzelonan, eta aurrerantzean Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parketik ere eskainiko ditu bere zerbitzuak. Ez du kasualitatez aukeratu Euskadi, gure erkidegoak Europako gune garrantzitsuenetako bat izan nahi baitu mugikortasun adimentsu eta jasangarri berriaren arloan. Eta, hain zuzen, aholkularitza honek ingeniaritza-proiektuak garatu nahi ditu arlo horretan, dagoeneko geldiezina den errealitate hau indartzeko; halaxe adierazi du Ander López de Sabandok, AVL-k Euskadin duen Negozio Garapeneko arduradunak.
Zein da AVL-ren testuinguru historikoa?
AVL jatorri austriarra duen nazioarteko enpresa bat da, gaur egun 10.000 langile baino gehiago enplegatzen dituena mundu osoan dauzkan 45 filialetan. Familia-enpresa bat da, egungo zuzendari nagusiaren aitak 1948an sortua. Hasieran, diesel motorretarako ingeniaritza-jarduerak garatzen zituen, nagusiki ikerketarako. Motor bat diseinatzeko ezinbestekoa da bitartekoak izatea entseguak egiteko, entsegu horietatik ateratako datuekin egiaztatu ahal izango delako garapena egokia den. Horrez gain, funtsezkoak dira orobat fluxuen dinamika, bibrazioak, etab. simulatzeko tresnak.
Hiru alderdi horietan oinarritzen dira enpresaren gaur egungo hiru negozio-eremuak: ingeniaritza-zerbitzuak, instrumentazio-sistemak eta simulazio-tresnak.
Merkatuko ikuspegitik, zein da jarduera-ildo horien emaitza?
Konponbide aitzindariak eskaintzen ditugu, bai eta garapenerako ingurune osatu eta integratuak, entseguetarako eta neurketarako sistemak, eta simulazio-metodo modernoenak. Automobilgintzako garapen, simulazio, entsegu eta integrazioan diharduen munduko enpresa independente handiena gara, eta mugikortasunarekin lotutako beste sektore batzuetara ere iristen gara.
Eta nolako profilak sartzen dira filosofia horretan?
Konponbide onenak eskaintzen ditugu eta bazkide ezin aproposagoa gara fabrikatzaileei nahiz merkatuko eragile berriei euren emaitzen hobekuntza jasangarria lortzen laguntzeko: CO2 emisio gutxiago, motor-propultsore elektrifikatuak, era guztietako hibridoak, erregai-pilak, ADAS sistemak eta gidatze autonomoa, eta sistema horien guztien integrazioa ibilgailuan. Laguntza ematen diegu garapenaren prozesu osoan, hasi kontzeptutik eta produkzioraino.
Zein testuingurutan sortu zen mugikortasunaren aldeko apustua?
Mugikortasunaren aldeko apustua egitea -mugikortasuna kontzeptu global gisa- urrats natural bat izan da guretzat, propultsio-sistemen arloan dugun ezagutza zabala osatu ahal izateko. Europar Batasunak deskarbonizaziorako finkatu dituen helburu handiak lortu nahi badira, besteak beste funtsezkoa izango da ibilgailuaren ezagutza global bat izatea, hobeto ulertzeko CO2 emisioen murrizketak izango duen inpaktua. Eta gure enpresak horregatik egin du apustu hau, bere bezeroei zerbitzu integrala eskaini ahal izateko. Euskadiri dagokionez, mugikortasunaren aldeko apustuak zerikusi estua du sektorerako egiaztatze eta baliozkotze zerbitzu eraginkorrak eskaintzeko asmoarekin. Erronka teknologikoa gero eta handiagoa da, aldiz, garapen-denbora gero eta laburragoa eta, beraz, ezinbestekoa da eraginkortasuna lortzea garapen eta baliozkotzearen kate osoan.
Zergatik aukeratu zenuten Euskadi eta, zehazki, Gipuzkoako Teknologi Parkea?
Euskadi presentzia industrial handiko lurraldea da, eta lotura sendoa izan du beti automobilgintzarekin. Hemen asko dira OEMentzat osagaiak fabrikatzen dituzten enpresa edo hornitzaile osagarriak, eta hori garrantzitsua izan da erabakia hartzeko orduan. Gainera, ohartu ginen Euskadi hainbat urrats ematen ari dela Europar Batasunak deskarbonizaziorako finkatu dituen helburuak lortzeko. Asmo handiko helburuak dira, eta eragin zuzena izaten ari dira gaur egungo mugikortasun kontzeptuan, hainbeste non aldatu egin baitute mugikortasuna ulertzeko dugun modua. Zentzu horretan, egungo eta etorkizuneko mugikortasuna elektrifikaziorantz doa argi eta garbi, eta ibilgailuaren konektagarritasunak garrantzia hartu du arlo guztietan, aurrera doalarik gidatze autonomo eta adimentsuagorantz.
Zer eskaintzen dizue Miramongo Teknologi Parkeak?
Hemen kokatzea erabaki dugu batez ere oso ekosistema teknologikoa delako. Uste dugu Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkea bezalako enpresa-ingurune teknologiko batean egotea lagungarri izango zaigula hasierako fasean finkatzeko eta gero pixkanaka hazten joateko. Halere, zalantza handiak izan ditugu hiru probintzien artean, hirurak direlako bikainak.
Dakizuena eta aztertu duzuena kontuan hartuta, Euskadi eta mugikortasunaren arloko enpresak ba al daude haiengandik espero denaren mailan?
Kontuan izanik hainbatekin izan ditugun harremanak, baietz uste dugu. Euskadin kokatzearen aldeko apustua egin baino lehen harremanetan jarri ginen bertako hainbat enpresarekin, zeintzuek euren kezka azaldu baitziguten, ikusten zutelako automobilgintza eletrifikaziorantz zihoala. Geroztik, haietako hainbatekin aritu gara lanean, eta gure ustez ongi egokitu dira merkatura. Lurraldeari dagokionez, badaude hainbat ekimen trakziogile, nolabait deskarbonizazioaren aldeko apustua egin nahi dutenak, dela enpresa-partzuergoen ekimenen bidez, dela Foru Aldundien eta Jaurlaritzaren laguntzarekin garatutako ekimenen bidez.
Zein da AVLren ibilbide-orria Euskadirako?
Gure ibilbide-orriak lotura estua du mugikortasun adimentsu eta konektatuaz dugun ikuspegiarekin. Motor elektrikoa gero eta garrantzitsuagoa izango da etorkizuneko mugikortasun-eragileetan (autoa, motorra, autobusa…), bai modu independentean erabiltzen denean, eta bai konbustiozko motor tradizionalaren osagarri denean. Orain arte, ibilgailua eragile independente bat izan da, ekosistemarekin apenas elkarreragiten zuena. Baina azken urteotan zabaltzen ari den digitalizazioari esker aurrera egin ahal izango dugu konektagarritasun arloan, ibilgailuak konektatuz bai azpiegiturarekin eta bai beste ibilgailu batzuekin. Konektagarritasun hori garrantzitsua izango da aurrera egiteko etorkizuneko mugikortasunak ekarriko duen erronka handienetako baterantz, alegia, gidatze autonomorantz. Hiru frente horiek (elektrifikazioa, konektagarritasuna eta gidatze autonomoa) erronka teknologiko handiak dira, eta horiexek izango dira Euskadirako ibilbide-orriaren oinarriak.
Mugikortasuna, gidatze autonomoa, elektrifikazioa… Zure ustez, noiz ikusiko dugu Euskadin gidaririk gabeko auto autonomo bat?
Zaila da aurreikustea zer gertatuko den arlo teknologikoan hemendik urte batzuetara. Adibide gisa jar genezake azken urteotan telefonia mugikorraren sektorean gertatu den aldaketa disruptiboa. Duela gutxira arte, gailu mugikorrak erabiltzen genituen soilik deiak egiteko, baina gaur egun, Smartphone-ari esker, erabateko konektagarritasuna lortu dugu telefonoan.
Mugikortasunaren arloan ere baliteke horrelako trantsizio fase batetik hurbil egotea. Duela gutxira arte, ibilgailuan gidaria zen eragile nagusia, eta apenas izaten zuen laguntza aktiborik gidatzeko orduan. Aurrerapen teknologikoei esker, gaur egun ibilgailua gai da abiadura bere kabuz mantentzeko baldintza desberdinetan, errepideko abiadura-mugak identifikatzeko, gidariari adierazteko aurreikusi gabeko errei-aldaketa bat egin duela eta zuzenketa txikiak egiteko, baina oraindik ez dauka ibilbidearen gaineko erabateko kontrolik.
Eta iritsiko ote da hamar urteren buruan?
Hemendik hamar urtera aurrerapen handiak egingo ditugu hainbat arlotan: askoz kontrol handiagoa izango dugu ibilgailuaren funtzionaltasun autonomoan, gero eta laguntza gehiago izango ditugu gidatzeko, eta hurbilago egongo gara erabateko gidatze autonomotik, baldintza kontrolatuetan jakina. Halere, gidaririk gabeko auto autonomo bat ikustetik hurbilago edo urrunago egongo gara aurrerapen teknologikoen arabera, baina orobat kontuan hartu beharko dira mugikortasun arloko legerian egiten diren aurrerapenak, eta ikusi beharko da nola barneratzen dituen gizarteak teknologia berri horiek guztiak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?