Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
- Mikel Jauregik eskerrak eman nahi izan dizkio Iberdrolari milioi erdi kaltetu baino gehiagori hornidura elektrikoa berrezartzeagatik, GOIDI Valentziatik igaro ondoren, baita Euskaditik mobilizatutako giza taldeei eta baliabide teknikoei ere, hala nola osasun-langileei, suhiltzaileei edo Ertzaintzari.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Bilbon izan da, Iberdrola taldearen banatzaile den i-DE enpresaren egoitza nagusian. Bertatik egituratzen da hornidura elektrikoko sarea eta hor dago sare adimendunak banatzeko munduko zentroa. Bertan harrera egin diote Iberdrolak Euskadin duen ordezkari Asis Canalesek, i-DEko Iparraldeko Eskualdeko zuzendari Javier Arriolak eta Iberdrola Energía Españako zuzendari David Martinezek.
Bisitan, bertatik bertara ikusi ahal izan du nola, teknologiarik berritzaileenei esker, egoitza honetatik berehala konpondu daitekeen, telematikoki, hornidura elektrikoaren sarean gerta daitekeen edozein gorabehera, denbora laburrean erreakzionatzeko gaitasuna baitu. Hori dela eta, beste herrialde batzuetatik eredu hori inportatu nahi dute, arreta berezia jarrita larrialdi-kasuetan, eta hondamendi naturaletan eta muturreko fenomeno meteorologikoetan.
Duela aste gutxi Valentzian gertatutakoaren kasua da, GOIDIa pasa eta gero. Horri buruz mintzatu da, hain zuzen ere, Jauregi sailburua; hala, enpresak eta bertako profesionalek egindako lana eskertu nahi izan du, kaltetutako milioi erdi pertsona baino gehiagoren etxe eta negozioei argindarra berrezartzeko orduan. “Iberdrola euskal enpresa bat da, eta bere langile eta baliabide tekniko guztiak mobilizatu ditu Valentzian gertatutako hondamendiaren ondorioak arintzen laguntzeko. Iberdrola taldeari eta bertako profesional guztiei, gure eskerrik beroenak eta Eusko Jaurlaritzaren berariazko aintzatespena helarazi nahi dizkiegu egin duten lan eskergagatik”.
Mikel Jauregik Euskaditik mobilizatutako giza taldeak eta bitarteko teknikoak ere izan ditu hizpide, eta haientzat ere esker oneko hitzak izan ditu. “Eusko Jaurlaritzatik beharrezko baliabide guztiak aktibatu ditugu Valentziako herritarrei laguntzeko GOIDIk eragin duen hondamendiaren aurrean. Foru Aldundiekin, Udalekin eta EUDELekin elkarlanean, lehorreko bitarteko ugari eta larrialdi zerbitzuetako, suhiltzaileetako, osasun zerbitzuetako edo Ertzaintzako langileak bidali ditugu. Guztiei eskertu nahi diet egindako ahalegina eta dedikazioa. Harro egon gaitezke herrialde gisa eman dugun erantzunarekin”, nabarmendu du Jauregik.
Lotutako albisteak

Euskadik bere automobilgintza sektoreko industria indartuko du errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunerako laguntza-programa berri batekin
Eusko Jaurlaritzak "Emisio Txikiagoko Ibilgailuak" laguntza-programa aurkeztu du Industriaren Defentsarako Taldearen baitan, euskal automobilgintzaren sektoreak egungo muga-zergen gerraren testuinguru globalean dituen erronkei erantzuteko

Euskadik bere aurrerapena sendotu du ingurumenaren babesean, airearen kalitatean eta isurketen murrizketan hobekuntza nabarmenak eginez, Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenaren arabera
Euskadiko airearen kalitatea nabarmen hobetu da, zeren 2023ko egunen ia % 91k kalitate "ona" edo "oso ona" izan baitute

TECH friendly-k plangintza estrategikoa eta hiri-inguruneen eraldaketa digitala eta fisikoa uztartzen ditu
Bizkaiko enpresa hiriaren garapenean eta tokiko administrazio publikorako aholkularitza teknologikoan aritzen da.

Lansolar Ingenieros, bi hamarkada inguru abangoardiako irtenbideak eskaintzen trantsizio jasangarriagoa bultzatzeko
Bizkaiko enpresak hidrogenoarekin lan egiten hastea du helburu datozen hilabeteetan, energia fotovoltaikoa biltegiratzeko sistema gisa.

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa