Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 14 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna

Mikel Jauregi sailburuak ITP Aero bisitatu du, motor aeronautiko efizienteagoen eta jasangarriagoen fabrikazioan nazioarteko liderra den euskal enpresa

Egoitza Zamudion duen enpresak aire-garraioaren deskarbonizazioaren aldeko apustu garrantzitsua egin du, azken hamarkadan 600 milioi inbertitu baititu I+G+Bn, eta Estatuan hidrogenoz propultsatutako lehen abiazio-motorra garatzeko partzuergo bat zuzentzen du.
Mikel Jauregi sailburua, eskerretik lehenengoa, bisitan.
  • Eusko Jaurlaritzak % 6ko partaidetza du ITP Aeron, FINKATUZ funtsaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estrategikoa eta euskal ekonomiaren bultzatzailea den enpresa baten errotzea bermatzeko.

 Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi ITP Aeroren Zamudioko egoitzan izan da, Bizkaiko Parke Teknologikoan. Bertan, konpainiako CEO Eva Azoylayk eta kontseilari ordezkari eta zuzendari nagusi Carlos Alzolak harrera egin diote, eta, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarainekin batera, konpainiaren instalazioak bisitatu ditu.

Bisitan zehar, duela bost urte inauguratu ziren —enpresaren 30. urteurrenaren esparruan— ekoizpen-instalazioak bisitatu dituzte, Rolls-Royceren Trent 1000 motorrari eskainitako erakusketa-gunea barne; ITP Aero motor horien behe-presioko turbinen diseinu, garapen, ekoizpen eta muntaketaren arduraduna izan zen. Motor hori mugarri bat da Zamudioko konpainiaren historian, horren bidez, 2023an Londrestik New Yorkera hegan egin zuen Virgin Atlantic-en Boeing 787 hegazkina propultsatu baitzen, % 100ean abiazio-erregai erabat jasangarriarekin (SAF), erreaktoreentzako erregai fosilaren ordezko seguru eta zuzena izan daitekeela frogatuz.

ITP Aero, 1989an sortua, motorren eta osagaien fabrikazioan nazioarteko enpresa liderra da, eta motor aeronautikoen munduko fabrikatzaile garrantzitsuenen konfiantzazko bazkidea, efizienteagoak eta jasangarriagoak izateko ahalegin handia eginez. 35 urteko esperientzia du bere sektorean, eta aire-garraioaren deskarbonizazioaren aldeko apustuan lan egiten du, emisiorik gabeko hegaldiak garatuz; horretarako, Estatuan hidrogeno bidez propultsatutako abiazioko lehen motorra garatuko duen enpresa, teknologia-zentro eta unibertsitateen partzuergo baten buru da. Bertan, propultsio hibrido elektrikoko motor bat ere garatuko dute.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak % 6ko partaidetza du ITP Aeroren kapital sozialean, FINKATUZ funtsaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estrategikoa eta bere ekonomiaren bultzatzailea den enpresa baten errotzea bermatzeko. Gaur egun, konpainia honek 5.000 langile ditu mundu osoan eta 17 produkzio-zentro; horietatik 7 munduan zehar. Azken 10 urteetan, enpresak 600 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu I+G+Bn.

Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, “bi minuturo ITP Aerok bultzatzen duen hegazkin bat aireratzen da munduko edozein lekutan. Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estrategikoa den enpresa bat da, garrantzi handiko industria-sektore batekoa, sektore aeronautiko-aeroespaziala alegia. Berrikuntzaren alde egin duen apustua bereziki aipagarria da, mundu osoan aplikatzen duen % 100 made in Euskadi teknologiaren garapenarekin. Industria gehiago eta hobearen alde egiten dugunean, I+G+Bn etengabe inbertitzen duten ITP bezalako enpresei buruz ari gara; izan ere, azken hamarkadan 600 milioi euro inbertitu dituzte”.

“Eusko Jaurlaritzak % 6ko partaidetza du ITP Aeroren kapital sozialean. Gure asmoa ez da soilik enpresaren sustraitzea bermatzea, enpresaren bidelagun ere izan nahi dugu etorkizunari begira aurre egin beharreko erronka eta aukeretan, hala nola inbertsio teknologikoetan, emisiorik gabeko aireko garraiorantz aurrera egiteko. Argi dugu klima-aldaketaren aurrean gure bidea emisio gutxiago sortzea, eta industriaren eta garraioaren deskarbonizazioan aurrera egitea dela; eta zentzu horretan ezinbestekoa da ITP bezalako enpresak gidatzen ari diren garapen teknologikoa”, gaineratu du Mikel Jauregik.

 

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Vascolacek bigarren bizitza ematen dio gatzurari
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Energia Klusterrak aurreikusten du Euskadin 6.000 enplegu baino gehiago sortuko direla 2040an sektore eoliko flotatzailean
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Artechek eta Bilboko Portuak bat egin dute Basque Ecodesign Centerrekin Euskadin ekonomia zirkularra bultzatzeko
Irakurri gehiago
12 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Cocoon Bioscience, proteina birkonbinatzaileen ekoizpenean aditua
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak