OSASUNBERRI, Euskadiko osasun-industriaren sektorea indartzeko proiektua
Eusko Jaurlaritzak OSASUNBERRI proiektuari eman dion dirulaguntzaren sinadura ofizialaren ekitaldia gaur, asteazkena, Zamudioko Parke Teknologikoan egin da. Estibaliz Hernáez Laviña Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Asier Albizu BIOLAN Microbiosensores S.L.ko zuzendari nagusiak eta OSASUNBERRI proiektuko koordinatzaileak, eta proiektuan parte hartzen duten erakunde guztietako ordezkariek parte hartu dute sinadura-ekitaldian. OSASUNBERRI proiektuaren helburua da Euskadiko osasun-sektorea indartzea eta 0 km-aren filosofian oinarritutako sektore hurbila, eraginkorra eta integrala eraikitzea, gaur egun oraindik ere gurekin dugun pandemiari eta etorkizuneko beste egoera batzuei aurre egiteko gai izango dena.
Osasunaren sektoreak dituen erronkei lankidetzan lan egiteko beharretik sortu da proiektu hau, banaka aurre egiteko mugak gainditzeko. Lankidetza-lanari esker, sektorean aitzindari diren euskal erakundeek helburu bateratu bat lortuko dute: osasunaren arloan aurrera egiteko I+Gko estrategia bat garatzea, gaur egungo oztopoak eta erronkak gainditzeko beharrezko gaitasunez hornitzeko, eta, hala, Euskadiko osasunaren 0 km-aren balio-katea indartzeko.
Helburu amankomun horrekin, OSASUNBERRIk lau ekintza-arlotan dihardu: testak, terapia, laguntza eta konexio digitala. OSASUNTEST-ek hainbat test lortu nahi ditu. Horretarako, I+G plataformak ditu diagnostiko-test berrien inguruko irtenbide teknologikoak eta ekoizpenerako gaitasunak garatzeko. Bigarren arloak, OSASUNTHERAPY-k, hainbat terapia aplikatzen ditu, eta botikak zein terapia zelularrak eta errehabilitazio-terapiak garatzeko I+G gaitasunak finkatzen ditu. OSASUNASSISTANCE-k COVID osteko gune pilotuak garatzen ditu, osasun-laguntzaren digitalizazio-maila handitzen du eta berrikuntza-plataformak sustatzen ditu. Azkenik, OSASUNCONNECT arloak lehiakortasun-joerak, jabetza intelektualaren babesa, ekodiseinua eta sistema digitalizatuen integrazioa zaintzen ditu.
OSASUNBERRI lankidetza-ekimenak 17 enpresa biltzen ditu, horietatik 15 ETEak dira eta 2 korporazio farmazeutiko handiak, 5 laguntza-erakunde, 3 erakunde zientifiko-teknologiko eta 2 elkarte sektorial: BIOLAN Microbiosensors S.L. (liderra), Asebio, Asunción Klinika, Basque Health Klusterra, Biolan Health, C4E Consulting Services, CIC bioGUNE, Cinfa, Dhemen, Faes Farma, Galbaian, Gogoa, Hermanas Hospitalarias Aita Menni, Histocell, Ikerlat, Zorrotzaurreko IMQ Klinika, Innoprot, Larrañaga Plasticos, Lazpiur, Mikrobiomik, Mizar, Naru, P4Q, Quiron Salud, Tecnalia, Tekniker eta Vithas. 27 erakunde horiek guztiek beren gaitasunak eskaintzen dituzte ikerketa eta garapen teknologikoan, diseinu industrialean, fabrikazioan, ziurtapenean, babes intelektualean, zaintza teknologikoan, sustapenean eta dibulgazioan, interes sozial handiko egoeretarako konponbide bideragarriak eta eraginkorrak lortzeko, hala nola gaur egungo pandemiarako.
Gaur izenpetutako Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza OSASUNBERRI ekimenaren euskal erakundeek 2022ko martxotik aurrera gauzatzen ari diren proiektuaren lehen faseari buruzkoa da. Fase hori aurtengo abenduan bukatuko da. Guztira, 23 erakundek jasoko dute laguntza hori, eta beren esperientzia batuz lagunduko dute osasunaren arloan gaur egun dauden beharren kudeaketa hurbila, eraginkorra, integrala eta jasangarria lortzeko.
Proiektua Euskadiko Inbertsio Estrategikoen 2022-2024 Planaren lehentasunezko proiektuetako bat da. Plan horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programa sustatu nahi du baliabide propioekin, Next Generation Funtsak jaso arte itxaron gabe, Pertsonen Osasun eta Zaintzaren alorrean.
Lotutako albisteak

Optimus3Dk neurrira egindako gailu medikoak landuko ditu Gregorio Marañón ospitalearekin batera
Arabako enpresak bidalitako Lorena Cros doktoreak 3D modelaketan, inplanteen diseinuan eta irudi medikoen segmentazioan lagunduko du.

Ekisolarrek bere negozioa deskarbonizaziorantz hedatu nahi du
Gasteizen kokatuta dagoen enpresak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du eta estalki industrialetan energia fotovoltaikoa eskaintzen du.

Euskadi agenda 2030 sariak 60 erakunde aintzatetsi ditu, garapen jasangarriaren helburuekin duten konpromisoagatik
SPRIk eta Euskadiko Parke Teknologikoak konpromiso-diploma lortu dute

E&M Combustion-ek Chileko meatzaritza deskarbonizatzen laguntzen du hidrogenoa erabiliz, Sprilur-en Bildosola Poligonotik
Euskal ingeniaritzak hidrogenoaren errekuntzako I+G proiektu pilotu hau garatu du Chileko Gobernuarentzat.

Agua Embrujadak infusioen sektorea gama handiko alternatiba jasangarriekin irauli du
Arabako enpresak osagai naturalen eta prozesu iraunkorren aldeko apustua egin du, kalitate handiko teak eta infusioak eskaintzeko.