Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 20 abendua, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna Energia

Saitec: “’Offshore’ energia eolikoa independentzia ekonomikorako aukera da Europarentzat”

Javier Urgoiti Bizkaiko ingeniaritza-enpresaren bazkide sortzaileak nabarmendu du Euskadiko industriak potentziala duela sektore estrategiko hori erakartzeko 

Leioan, zehazki Ibarribarra industrigunean, dago Saitec ingeniaritza-enpresaren egoitza eta 1989tik martxan dagoen arren, duela hilabete batzuk izan zuen bultzada nazioartean Euskadin garatutako aerosorgailuari esker. Armintzan instalatu zuten prototipoa eta urtean 2.000 familia inguru hornitzeko energia berriztagarria sortzeko gai da. Proiektu horrek offshore industria eolikoa irauli dezake. Made in Basque Countryren mikrofonoetatik igaro da Euskadiko enpresa. Dibertsifikazioa, nazioartekotzea eta erresilientzia dira bere nortasunaren oinarriak. Aurrez aurre begiratzen dio munduari ETE horrek, 320 profesional enplegatzen ditu eta arriskuak hartzeko gai izan da, bere teknologia propioa garatzeko. Hala, hainbat arlotan lehiatu da, hala nola ingurumenean, hiri adimendunetan eta energia berriztagarrietan, Javier Urgoiti bazkide sortzailearen eta egungo CEOaren arabera.

Gaian sartu aurretik, jaso berri duzun ‘Euskadiko Enpresari Onena’ sariari buruz galdetu nahi nizuke. Nola hartu duzu halako saria?

Egia esan, ezustean harrapatu nau. Hasieran, ez nuen sinesten, baina gero erantzukizun-sentsazioa sartu zitzaidan: urte osoan zehar ohore hori eraman behar izatearena, datorren urtean beste kide bati eman arte. Oso sari polita da eta, azken batean, nire bizitza osoko bazkidearekin, nire lantaldearekin eta nire familiarekin partekatzeko baliatu nuen.

Denbora asko daramazu enpresa egiten…

Zehazki, 1988tik. Alberto Galdos nire bazkideak proposatu zidan berarekin elkartzeko, Saitec sortzeko. Ordutik, ziztu batean igaro da denbora. Fase asko izan ditugu, azken batean, ingeniaritza negozio gorabeheratsua baita. Negozio ziklikoa da eta industriaren garapenarekin lotuta dago nolabait. Krisiak ere pairatzen ditu, gainerako industria guztiek bezala. Azkar igaro den prozesua izan da.

Eta nolako bilakaera izan du?

Hazkundea etengabea izan da. Bezeroek aurrerapausoak ematera behartu gaituzte gai guztietan eta negozioaren arlo guztietan, adibidez, ingurumenean. Hasieran ez zuen ia inork ezagutzen eta egun pisu handia du negozioaren barruan.

Enpresa Areetako bulego txiki batean hasi zen. Egun, Leioan dago, 320 enplegatu ditu eta bertikal asko negozio-lerroan… Zein da enpresaren helburua?

Saitecen leloa “Etorkizuna diseinatzen” da aspalditik. Baina, jakina, etorkizuna duela 30 urte eta egun ez da berdina. Merkatuak eskatu digunera egokituz joan gara eta proiektu handietan, azpiegitura handien proiektuetan, hartu nahi izan dugu parte betidanik. Uste dut handira jo nahi izan dugula beti. Bilboko saneamendu-plan integralarekin hasi ginen; Hegoaldeko Saihesbidean, Y trenbidean eta Metroan egon gara; eta tokitik, estatu mailara eta hortik mundu mailara igaro gara. Duela 15 urte ingurutik bulegoak ditugu mundu osoan eta, batzuetan, egunaren hasieran kontsulta bat duzu leku batean eta eguna beste puntan amaitzen duzu. Australiatik Kolonbiara Europatik igaroz. Eta hala egunez egun.

Nazioartekotzearen prezioa… Munduan egindako zer proiektu nabarmenduko zenuke?

Dohako metroaren proiektuan, Suedia iparraldeko merkantzien garraiorako trenen planetan edo Panamako saneamendu-planaren garapenean izan dugun parte-hartzea nabarmenduko nuke.

Eta nola egiten duzue enpresaren sustraiak ez galtzeko, egunerokoan duzuen globalizazio-maila ikusita? 

Azken batean ekoizpen-zentroa hemen dago. 35 urte daramatzagu Euskadin lanean eta enpresa nahiko familiarra da alderdi askotan. 30 urte daramatzat lanean ingeniari batzuekin eta familiako konpromisoa dut ia haiekin. Uste dut gure lan egiteko izaera lortu dugula, Euskadin eta beste herrialdeetan. Adibidez, Australian ingeniaritza oso teknifikatua dugu balioari dagokionez eta, agian, han ez daude horretara ohituta. Horregatik aurkitu dugu lanerako hobia. Uste dut proposamen bereizgarri bat dugula eta, batez ere, balio-proposamen bat. Lehiakortasunaren eta produktibitatearen terminoetan, jakina, oso kontuan izan beharreko inputa da hori.

Hasieran esan dugu aerosorgailu flotagarria garatu duela Saitecek Euskadin. Armintzan instalatu duzue prototipoa eta horrek jarri zaituztete nazioarteko foku publikoan. Zer fasetan dago orain prototipo hori edo zein da hurrengo urratsa?

Gu duela 13-14 urte hasi ginen offshore teknologia garatzen, hain zuzen ere, balio erantsi handiagoa zuten eremuak eta hobiak bilatzeko beharragatik. Orain zerbait dugu flotatzen eta oso ikusgarria da. DemoSATH du izena proiektuak, mugarri teknologia da mundu mailan eta aukera eman digu nazioartean lehiatzeko eta interesak eta proiektuak izateko Japoniarekin, Txinarekin, Australiarekin, Indiarekin, Europarekin eta Estatu Batuekin. Tokitik abiatu genuen proiektua mundu mailakoa da orain eta Saitecen spin-off baten emaitza da, Saitec Offshore Technologies. 2016an sortu zen eta egun teknologiaren heldutasun-maila jakin batean egoteko aukera ematen digu, funtzionamendu-arlo erreal batean froga bat baitugu. Gure oraingo erronka da Eiffel Dorrearen garaierako egitura bat egitea, futbol-zelai baten tamainako plataforma baten gainean flotatzeko, eta ahalik eta modurik ekonomikoenean egitea.

Zein da hurrengo urratsa?

Orain hurrengo urratsa egin nahi dugu: garapen aurre-komertzialekin hastea, hainbat unitate arlo errealean jarriz. Horri dagokionez, proiektuak aurreikusten ditugu Euskadin, hala nola GEROA  (Green Energy Research for Offshore Atlantic) izeneko itsas-parke eoliko flotagarri pilotua, euskal kostaldetik hamar kilometrora, Bilboren parean, 16Mwko hiru aerosorgailu instalatzeko.

Horretarako datarik badago?

Teknikoki dagoeneko frogatu dugu egin daitekeela eta teknologia bideragarria dela; horregatik, orain erronka finantzarioa dugu eta, hein txikiagoan, lege eta baimenen erronka. Estatu mailan nahiko atzeratua dago eta uste dut datorren urtean askatu beharko litzatekeela korapiloa. Gauza bat eta beste, 2025ean martxan jartzea aurreikusten dugu.

2024 amaitzear dela, Saitecek sentsazio onak izan ditu aurtengo ekitaldian?

Bai, egia esan bai. Sentsazio onekin itxi dugu urtea eta, gainera, uste dut 2025erako aurreikuspenak askoz hobeak direla. Uste dut aukera asko ekarriko dizkigun urtea izango dela. Energia eoliko flotagarriaren enkante askotan ari gara parte hartzen Europan eta espero dugu arrakasta lortzea. Ezin dugu galdu Europan offshore energia flotagarriarekin independentzia energetikorako dugun aukera, ezin diogu joaten utzi. Horregatik, Euskadiko industria merkatu horretan presente egoteko lanean jarraituko dugu, Euskadiko industriak potentzial handia baitu sektore horretan.

 

 

Lotutako albisteak

12 abendua, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
ScrapAd: “Sektorea digitalizatu nahi dugu ekonomia zirkularra bizkortzeko eta metal birziklagarriak baztertzea saihesteko”
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Fivemasa: “Isurien kontrola ingurumenerako onuragarria izateaz gain, lehiarako abantailak ere eskaintzen ditu”
Irakurri gehiago
5 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
CTA hidrogeno bidezko hegazkinaren fuselajearekin ari da lanean
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
CRH, eraikuntzan soluzio jasangarriak eskaintzen dituen multinazionala
Irakurri gehiago
9 urria, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
PepsiCo-ren Arabako lantegia zero emisio garbi dituen lehenengoa izango da taldean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak