Taiwango enpresaburuen ordezkaritza Euskadi bisitatzen ari da, bertako teknologia- eta industria-ahalmena ezagutzeko
Taiwango enpresaburuen ordezkaritza bat —Taiwan Global Cherry Friendship Social Foundation fundazioarekin lotura duena— Euskadin bisitan da, finantza-kudeaketaren sektoreko TALDE enpresak gonbidatuta. Bisitaren helburua da Euskadiko teknologia- eta industria-ahalmena zuzenean ezagutzea, etorkizunean inbertsioak egiteko aukera aztertze aldera.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua izan da Taiwango enpresaburuei Euskadiko industria-, teknologia- eta berrikuntza-ekosistema erakutsi dien Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren buru. Euskal ordezkaritzak mikroelektronikaren eta adimen artifizialaren sektoreetako punta-puntako enpresak ere erakutsi dizkie, eta IKERLAN zentro teknologikoa bisitatu dute, Ion Etxeberria zuzendari nagusiaren eskutik.
Arrasaten kokatuta, IKERLAN zentroa liderra da, duela 50 urtetik, teknologiaren transferentzian eta industriari lehia-balioa ematen. Soluzio integralak garatzen ditu Teknologia Digitalean, Adimen Artifizialean, Sistema Elektroniko Txertatuetan, Zibersegurtasunean, Teknologia Mekatronikoan eta Energiaren esparruan. Mondragon Korporazioan sartuta dagoen kooperatiba da eta 16 zentro teknologikorekin batera BRTA – Basque Research and Technology Alliance itunean biltzen da.
IKERLANen instalazioetara egindako bisitan, Taiwango ordezkaritzak 2022an inauguratu zen DIGILAB laborategia ezagutu ahal izan du, Estatuko lehen laborategi digital multiteknologikoa: 2000 m²-ko espazio horretan, abangoardiako teknologia desberdinak ikertzeko azken belaunaldiko azpiegiturak integratzen dira, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, safetya eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. Era berean, ENERGYLAB espazioa (jasangarritasuna eta energia-efizientzia) eta MECHLAB espazioa (teknologia mekanikoak, robotika, automatizazioa, eta kontrola) bisitatu dituzte.
Asia-Pazifikoa, Euskadirentzat eta Euskadiren Kanpo Sarearentzat interesa duen eskualdea
Euskadiren Kanpo Sareak 22 bulego propio ditu eta guztira mundu osoko 73 herrialderi egiten die zerbitzu —horien artean dago Taiwan—.Asia-Pazifikoa eskualdea interes handikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, euskal enpresentzako aukera-zona gisa. Taiwan Euskadirentzat gero eta garrantzi handiagoa duen merkataritza-bazkidea da; izan ere, 2022an euskal esportazioen 49. helmuga izan zen eta inportazioen 19. jatorria. Taiwanerako esportazioen erdia baino gehiago ibilgailu automobilak dira (% 55,4), eta ondoren datoz ekipo mekanikoak eta elektrikoak eta tresna optikoak. Guztira Euskal Autonomia Erkidegoko hamar enpresa daude Asiako herrialde horretan ezarrita, eta horietatik erdiak fabrikazio aurreratuaren sektorekoak dira.
Horregatik guztiagatik, azken bi hamarkadetan euskal erakundeen presentzia modu jasangarrian handitu da Asia-Pazifikoa eskualdean. Euskadik ordezkaritzak ireki ditu Txinan (2003), Singapurren (2015), eta Japonian eta Hego Korean (2022). Ordezkaritza horiei 2024an Australian irekiko den bulegoa batuko zaie.
Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “Taiwango merkatuak aukera interesgarriak ditu Euskadirentzat, batik bat honako lau arlo hauetan: energia berriztagarria, bio-osasunaren industria, automozio, eta kontsumoko elektronika eta erdieroaleak. Oso ekonomia indartsua duen herrialdea da —maila globalean 22. ekonomia da—, eta industria-garapen handia du, barne-produktu gordinaren % 36rekin. Horregatik, konbentzituta gaude herrialde horrekin harremanak estutzea funtsezkoa dela, hango enpresek teknologiaren eta industriaren arloetan Euskadik duen lehen mailako ahalmena ezagut dezaten eta Europan erreferentziatzat har dezaten, balizko inbertsioei begira, baita gure enpresek Taiwan aukera-merkatutzat har dezaten erreferentzia garen industria-sektoreetan, hala nola berriztagarrietan edo automozioan”.
Imanol Pradales Lehendakariak gaur arratsaldean Taiwango ordezkaritzari egingo dion harrerarekin emango zaio amaiera bisitari.
Lotutako albisteak

Euskadik eta Koreak lankidetza teknologikoa bultzatu dute adimen artifiziala eta digitalizazioa ardatz dituen ikuspegi berezi batez
Koreako erakunde ekonomiko eta industrialen ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du, berrikuntza eta teknologia digitalaren arloan bi lurraldeen arteko lankidetza indartzeko asmoz

Invest in Basque Countryk Euskadin atzerriko 31 enpresa ezartzen lagundu zuen eta 68 milioi euro inbertitu zituzten
Atzerriko inbertsioak erakartzeaz eta mantentzeaz arduratzen den SPRI Taldearen arloak 258 enplegu berri sortzea aurrez ikusi du

Mikel Jauregi sailburuak Euskadik dituen gaitasun industrial, teknologiko eta berritzaileak aurkeztu ditu Erresuma Batuan
Quantum Motion enpresara egin duen bisitan CIC nanoGUNErekin sinatutako akordioren bidez etorkizunean Euskadin izango duen ezarpena baloratu du sailburuak, "Euskadiren irudia nazioartean finkatu izanaren adibide ona bazkide sendo eta balio berritzaile handiko gisa"

Euskadiko Kanpo Sarea hazi egin da Australian zabaldu duen merkataritza-bulego berriarekin
Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, “gure merkataritza-bulegoek merkatu berrietara jo nahi duten euskal enpresei laguntzen diete, eta, aldi berean, funtsezko tresna dira Euskadin inbertitu eta ezarri nahi duten atzerriko enpresak erakartzeko "

Euskadin finkatuta dauden atzerriko enpresen % 84k uste du 2025ean fakturazioa handitu edo mantenduko duela
Gainera, atzerriko enpresen % 40 baino gehiagok ekoizpen-inbertsioak egitea aurreikusten du datorren urtean eta % 28k uste du plantilla handituko duela