495 gaztek prestakuntza jasoko dute atzerrian Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekei esker
Eusko Jaurlaritzak ireki du Global Training 2021 programako 495 bekak eskatzeko deialdia. Programa horrek 6,2 milioi euroko aurrekontua du Euskadiko gazteen nazioarteko prestakuntza eta mugikortasuna ahalbidetzeko; gazteek euren profil akademikoarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egingo dituzte, esperientzia profesionala eskuratzeko atzerrian. Epea uztailaren 16an amaituko da, eta pertsona bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu hilean.
Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, prestakuntza-programa bat diseinatu du berriro. Programa horrek hasierako fase bat izango du, eta ondoren, 6-12 hilabeteko praktiketako egonaldi bat eskainiko da atzerriko enpresa eta organismoetan, bekadunek aukera izan dezaten esperientzia profesional handia eskuratzeko nazioarteko inguruneetan.
GLOBAL TRAINING nazioarteko beken programa Euskadiko hainbat erakunderen lankidetzaren bidez antolatzen da. Erakunde horien ardura da deialdi-prozesua bideratzea eta hautagaiak aukeratzea. Beren ardura da orobat euskal gazteei aukera ematea prestakuntza praktikoa jasotzeko atzerriko enpresa eta organismoetan eta euren jarraipena egitea.
Aurten eskaintzen diren beken zerrendan hauek dira laguntzak kudeatuko dituzten erakunde kolaboratzaileak (batzuk lankidetzan arituko dira):
- Ikaslan-AFM
- Novia Salcedo Fundazioa
- UPV-EHU
- Garapen-Donostiako Sustapena
- Eusko Ganberak
- Confebask-Adegi-Txorierri-Hetel
- Mondragon Unibertsitatea-Deustuko Unibertsitatea
Global Training bekek eskaintzen dutena
Gazteentzat:
- Aukera paregabea nazioarteko lan-esperientzia baliotsua eskuratzeko, profesional gisa nabarmendu zaitezen zure sektorean.
- 500 eurorainoko finantzaketa pertsonako joan-etorri eta mantenimendu gastuak ordaintzeko.
- Nazioartekotze arloko 40-60 orduko doako ikastaroa.
- Aukera bikaina beste erakunde batzuen kulturak ezagutzeko eta networking-sare bat sortzeko nazioarteko profesionalekin.
Erakunde kolaboratzaileentzat:
- Programaren kudeaketatik eratorritako kostuetarako laguntza.
- Erakunde kolaboratzailearen konpromiso sozialari ikusgarritasuna ematea nazioarteko talentuaren sustapen arloan.
Bestalde, COVID-19aren pandemiak eragin duen mundu mailako egoera honetan, eta ikusirik honelako krisiek sortzen dituzten zailtasunak mugikortasunerako eta atzerrian bizitzeko, 3. artikuluan azaldutako aurrekontuan kontingentzietarako partida berezi bat sortu da, alegia, 1.000 euro bekadun bakoitzeko.
Funtsean, Global Training bekek laguntza ematen dute:
- Enpresa nazioartekotuetan praktikak egiteko.
- Prestakuntza osatzeko, profil akademiko bakoitzari lotutako jarduera eta proiektuak garatuz.
- Nazioarteko lan-esperientzia eskuratzeko.
- Beste erakunde batzuen kultura eta errealitateak ezagutzeko.
- Atzerriko praktikaldiaren gastuak ordaintzeko.
- Nazioarteko networking-sare bat sortzeko, zeina lagungarri izango baita norbere karrera profesionala indartzeko.
- Erakunde kolaboratzaileari ikusgarritasuna emateko nazioartekotze arloko profesionalen talentua bultzatzeko arloan.
Lotutako albisteak

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.

Kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza behar duzu? Eman izena lehenbailehen nazioartekotzeko BEINT beketan
Programak 3,6 milioi euroko aurrekontua du eta bi urtez prestakuntza ematen die 30 urtetik beherako gazteei, kanpo merkataritzan espezializatu daitezen euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzuteko. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da martxoaren 7tik apirilaren 10era.

Singapurrek eta Euskadik negozio-aukera berriak esploratuko dituzte energia berriztagarrietan eta biozientzietan
Asiako herrialde horretako enpresen garapena bultzatzeaz arduratzen den gobernu-agentziaren ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du aste honetan, sektore estrategikoetan balizko lankidetza-arloak jorratzeko asmoz

Egaña Group, zazpi hamarkadako historia eta nazioarteko asmoak dituen Gipuzkoako familia enpresa
Aurten hiru enpresak lantegi berean batzeaz gain, atzerrian duten presentzia zabaltzea du helburu konpainiak.