Aitor Lagunilla, Altuna Hermanos S.A.ko kudeatzailea.
Basque Trade & Investment Berrikuntza Nazioartekotzea
Albisteak 23 maiatza, 2023

Altuna, kimaketarako eta lorategietarako tresnen Euskadiko fabrikatzaile bakarra

Kimaketan espezializatutako enpresa oñatiarrak produktu guztiz berritzaile bat eskaintzen du: titaniozko kimaketa-guraizeak

Altuna Hermanos S.A. Oñatin (Gipuzkoa) kokatutako ETE bat da. Nekazaritza, lorezaintza eta burdingintzarako ebaketa-tresnak egiten dituen Euskadiko fabrikatzaile bakarra da, eta kimaketarako tresnetan espezializatuta daude. Zerrak eta pertikak ere egiten dituzte. Tresnen diseinuan, fabrikazioan eta muntaian zentratzen dira batez ere.

Informazio hau “Zutaz mintzo gara” ekimenean jaso da, zeinaren bidez SPRI Taldeak bere plataforma eskaintzen baitie euskal enpresei euren proiektuak ezagutzera eman ditzaten.

Ehun urte baino gehiagoko enpresa hau (1921ean sortu zen) kimaketarako eta txapa ebakitzeko guraizeak fabrikatzen hasi zen nekazaritza, lorezaintza eta industriarako. “Lehen hamarkadetan enpresan bertan egiten ziren pieza guztiak (osagaiak, heldulekuak…), eta mendi magaletik jaisten zen ibaiko ura baliatzen zuten enpresarako eta Zubillaga auzo osorako argindarra sortzeko. Gainera, ikusirik langile kopurua urtez urte handitzen zela, haientzako etxeak eraiki ziren. Mendearen erdialderako esportatzen hasi zen, eta produkzioaren erdia Hego Amerikara bidaltzen zen” azaldu du Aitor Lagunilla, Altuna Hermanos S.A.ko kudeatzaileak.

Enpresak Auste Estana (alegia, hausten ez dena) hitzak aukeratu zituen bere kimaketarako guraizeen lehen marka gisa, argi utziz produktuaren kalitatea, gaurdaino mantentzen dutena. Gero, Altuna markarekin geratu ziren.

1978an, banaketa handiko establezimenduak indartu zirenean, Bikain marka sortu zuen: “marka honek bere baitan biltzen ditu lorezaintzarako beste elementu batzuk, esaterako eskularruak, lorategirako oinetakoak… helburua da hipermerkatuetan saltzea eta gehiago iristea etxeetara zuzendutako merkatura”.

1983ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten lantegian, eta aukera aprobetxatu zuten instalazioak modernizatzeko. “90eko hamarkadatik aurrera, kimaketarako guraizeentzako teknologia berriak aztertu genituen. Ordura arte burdinurtuz egiten ziren, eta oso astunak ziren. Karbono-zuntzezko linea bakar bat merkaturatu genuen. Heldulekuak, zurezkoak edo burdinazkoak izan beharrean, karbono-zuntzezkoak dira; hala, ez dira hain astunak, ez dira erraz hausten, eta kimaketa-lanak azkarrago eta erosoago egiten dira”.

Tratamendu berezia

Altunak kimaketarako guraizeen aiztoetan ere berritu du: tratamendu berezi bat ematen die gas bidez injektatutako titanioarekin, “horrela, errendimendua % 60 hobetzen da eta iraunkortasuna hirukoiztu egiten da. Eskuko guraizeetan tratamendu hori erabiltzen duten bakarretakoak gara. Eta orain teknologia horixe bera duten bateriadun kimaketarako guraizeak lantzen ari gara”.

Fabrikatzaileak direnez, konpainiak mota guztietako ordezko piezak eskain diezazkieke bere bezeroei, eta garrantzi handia ematen diote zerbitzu teknikoari.

Mota guztietako kimaketarako guraizeez gain (esku baterako, bi eskutarako, bateriadunak), bestelako produktuak ere eskaintzen dituzte, hala nola kimaketarako zerrak, kimaketarako pertikak, motozerrak, adarrak moztekoak eta bestelako osagarriak. 40 herrialde baino gehiagotara saltzen dute, eta negozioaren % 30etik gora esportatzen dute. Hegoaldeko Europa, iparraldeko Afrika eta Hego Amerika dira enpresaren merkatu garrantzitsuenak.

Sektoreei dagokienez, nekazaritza profesionaleko hornikuntzan, burdindegietan, lorezaintzako zentroetan eta sektoreko handizkarietan dituzte bezero gehien. Altunak 30 langile enplegatzen ditu, eta iazko fakturazioa 8,5 milioi euro ingurukoa izan zen.

Altunaren erronketako bat da softwarean eta banaketan inbertitzea. “Gainera, esportazioak handitu nahi ditugu, eta enpresaren digitalizazioa hobetu nahi dugu, bai produkzio arloan eta bai arlo komertzialean”.

 

Lotutako albisteak

Elvira,  berrikuntza  eta  tradizioa  osagai  nagusi  dituen  istorio  gastronomikoa

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa

Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Euskadik  Txinan  finkatutako  euskal  enpresen  babesa  indartu  du  Kunshanera  egindako  bisita  baten  bidez

Euskadik Txinan finkatutako euskal enpresen babesa indartu du Kunshanera egindako bisita baten bidez

Bisita honek Eusko Jaurlaritzak Euskadiko industria-sektorearen alde hartu duen konpromisoa indartu du euskal enpresen lehiakortasuna Txinakoa bezalako merkatu garrantzitsu batean bermatzeko, lurraldearen garapen ekonomikorako funtsezkoak diren hornidura-kateen oinarriak sendotuz

Lorra,  lau  hamarkada  inguru  Bizkaiko  nekazaritzako  elikagaien  kooperatibismoaren  funtsezko  zutabe  gisa 
31/03/2025 Berrikuntza

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa 

Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez. 

Pozikek  osasun  mentaleko  estrategietan  inbertitzeko  itzulkina  maximizatzen  laguntzen  die  enpresei

Pozikek osasun mentaleko estrategietan inbertitzeko itzulkina maximizatzen laguntzen die enpresei

Bere plataformak aukera ematen du langileei buruzko informazioa biltzeko eta enpresen zuzendaritzari produktibitatea hobetzeko tresnak emateko, langileen ongizatearen bitartez.

NudgeXperience  Bilbon:  CX  eta  Portaera  Zientzien  ekitaldia
28/03/2025 Berrikuntza

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia

Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.