BOJ enpresak Latinoamerikan eta AEBetan zentratu du bere hazkundea
BOJ ehundik gora urteko konpainia bat da, Eibarko enpresa-ekosistemaren barruan dagoena. 1905ean jaio zen metalezko piezen fabrikatzaile gisa: gerrikoen belarriak, futboleko intsigniak eta dominak… Baina gaur egun sukaldeko tresnen marka ezaguna da, sukaldeko tresnak diseinatzen eta fabrikatzen baititu duela 117 urtetik, eta 31 herrialdetan saltzen ditu, produkzioaren % 95eko esportazio-kuotarekin. BOJ akronimo bat da, Manuel Barrenechea, Bernardo Olañeta eta Vicente Juaristi konpainiaren fundatzaileen izenak biltzen dituena. Eta bi elementu uztartu ditu bere markaren barruan: altzairua eta estiloa. Enpresa honen sorkuntza ezagunena El Búho kortxo-kentzeko mitikoa da, diseinu industrialaren historiako 250 objektu garrantzitsuenetako bat alegia. Halaxe diosku Kristina Apiñaniz enpresako zuzendari nagusi berriak. Kristina mekanikaren adarrean espezializatutako ingeniari industriala da, eta hainbat enpresa nahiz erakundetan garatu du bere ibilbide profesionala, hala nola Guascor-en, Ingeteam-en edo Ingurumen Klusterrean (ACLIMA).
Oraindik fabrikatzen al da Búho kortxo-kentzekoa?
Bai, jakina. Gure ikurretako bat da, hormako kortxo-kentzekoarekin batera. Gaur bertan osteratxo bat egin dut fabrikan, eta ohartu naiz oraindik ere eskatzen dela modelo tradizionala, hau da, kromatua, baina orobat arrakasta handia dutela koloretan egiten ditugun modeloek. Pixkanaka modernizatzen ari gara, bertsio berriak sortzen, baina betiko diseinuari eutsiz.
Ez da oso ohikoa emakume bat ikustea zuena bezalako enpresa industrial baten buru…
Egia da ez dela oso ohikoa emakumeak aurkitzea ingurune industrialetako aginte-karguetan, baina BOJ enpresan ez dira harritu nire etorrerarekin, historikoki beste emakume batzuk ere egon baitira erantzukizunezko karguetan.
Gauzak aldatzen ari dira pixkanaka, baina berdintasuna lortzeko bidea luzea da oraindik…
Egia da, bai, baina aurrera goaz, zeren jada ez gaituzte hainbeste kuestionatzen zuzendari nagusiarena bezalako karguetan ikusten gaituztenean.
Ia hiru hilabete egin dituzu enpresaren buru. Nola doa dena?
Niretzat guztiz ezezaguna den sektore bat deskubritzen ari naiz; merkatu oso lehiakor batean ari gara lanean, non funtsezkoa baita bereiztea, bai produktuaren kalitateagatik eta diseinuagatik, eta baita ere aurkezpenagatik eta merkaturatzeagatik.
Zer da gehien harritu zaituena?
Deigarriena enpresaren jabea bera izan da, Santiago Olañeta. Enpresaren fundatzaileetako baten biloba da, oso pertsona azkarra, sortzailea, kementsua eta gauzak egiteko gogo handia duena.
BOJen erradiografia orokor bat egin beharko bagenu, nolakoa izango litzateke argazkia?
Nire ustez, BOJen oreka egokia lortu dugu esparru tradizionalaren eta modernoaren artean. Kontuan izan behar da ehundik gora urteko enpresa bat garela, eta hainbat produktu tradizional eta ezagun fabrikatzen jarraitzen dugula, baina orobat jakin dugu garai berrietara egokitzen, eta produktu modernoagoak sartu ditugu gure katalogoan, inguruko bezeroek nahiz horeca kanalekoek eskatzen dizkigutenak. Gainera, produktuaren aurkezpena eta salmentarako posizionamendua (bai dendan eta bai onlineko salmentan) oso garrantzitsuak dira guretzat; gure produktuen kalitatearekin batera, horixe da lehiakideengandik bereizten gaituena.
Ikuspegi pertsonalago batetik begiratuta, zein da enpresari eman nahi diozun estiloa?
Alde batetik, nire lana da estrategia, kudeaketa, kontrola eta zentzua eskaintzea, eta hori ez da beti hain agerikoa, batez ere pertsonen kudeaketaz ari garenean. Oso antolatua naiz, ordenatua -akaso koadrikulatuegia-, eta lantalde ona osatzen dut Santirekin, bera oso sortzailea delako. Hala, enpresak hazten jarraitu ahal izango du modu ordenatu eta jasangarrian. Eta ez naiz ari soilik ingurumen arloko jasangarritasunaz, baita ere BOJen baloreez eta konpromiso sozialaz; bere ADNaren parte dira eta mantendu egin behar ditugu.
Zeintzuk dira BOJen epe ertaineko helburuak?
Hazten ari gara, eta helburua hazten jarraitzea da, betiere markaren funtsa ahaztu gabe eta gure produktuak Eibarren fabrikatzeari utzi gabe, baina merkatu desberdinek eskatzen dizkiguten nobedadeak txertatuz. Espero dugu hemendik aurrerako hazkundea nazioartekotzearen bidetik etorriko dela: aurreikuspen interesgarriak ditugu Latinoamerikako merkatuan, eta AEBetan ireki berri dugun filiala ere fruituak ematen hasiko delakoan gaude. Gainera, onlineko plataformen bidezko salmenta hazten ari da, eta datozen hilabeteetan ere hazten jarraituko duela espero dugu. Hazkunde horrek berekin dakar operazioak eta tramiteak ugaritzea eta, beraz, prozesuen digitalizazioa hobetzea ere garrantzitsua izango da BOJentzat.
Lotutako albisteak

Asier San Millán (Siderex): “Deskarbonizazioa eta emisioen murrizketa ezinbesteko helburuak dira lehiakorrak izaten jarraitzeko”
Euskadiko Siderurgiaren Kluster Elkarteak siderurgiaren balio-kate osoko enpresak biltzen ditu, eta funtsezko arlo batzuetan egiten du lan, hala nola nazioartekotzean, garapen jasangarrian, berrikuntza teknologikoan eta talentuaren prestakuntzan.

Loco Polo: “Hauxe da zerotik hasita sortu dudan eta urte gehien dituen proiektua”
Iñigo Galdonak, enpresaren sortzaileetako batek, artisau-izozkien proiektua bultzatu du Gipuzkoatik, eta beste hainbat herritan ere saltzen dute: Frantzian edo Omanen, adibidez

Iddermanek eski-sektorerako zinta garraiatzaile estaliak diseinatu eta fabrikatzen ditu Legution
Arabako enpresak azpiegitura mugikor horietatik zazpi kilometro baino gehiago instalatu ditu orain arte Europan, Asian eta Estatu Batuetan

JAZ-Zubiaurrek mendeurrena bete du eskuila metalikoak fabrikatzen eta komertzializatzen, eta 65 herrialde baino gehiagotara esportatzen du
Gipuzkoako ETEa estatuko merkatuko liderra da eta lurzoruak tratatzeko 3.000 erreferentziazko produktutik gorako gama handia eskaintzen du

Ainhoa Etxeberria: “Dimaqen anbizio handiko proiektu batean ari gara lanean McDonaldsen eta KFCren hornitzaile izateko”
Hondarribiko enpresa elikadura makineriaren inportazioan eta banaketan espezializatua dago, eta 2011tik hezurrik gabeko haragia mozteko makina horizontala fabrikatzen du.