Credeblug, mundu mailako liderra industria astunerako pieza handien negozioan
Konpainia horrek Azpeitian (Gipuzkoa) du egoitza, non 100-120 garabi, pintza, hamarratz eta zali fabrikatzen baititu urtero
Oraingo honetan, Made in Basque Country irratsaioaren GPSa hamarratzetan eta zalietan zentratuko da, industriaren munduko olagarro eta koilaretan, alegia. Industria astunaz ari gara. Credeblug da munduko garabi, pintza, hamarratz eta zali fabrikatzaile onena. Tresna horiek erabiltzen dira karga handiak manipulatzeko altzairu-fabriketan, portuetan edo hondakin lantegietan.
Credeblug Azpeitiko lantegi txiki bat da, non 25 langile ari baitira lanean. Urtean 100-120 tresna fabrikatzen dituzte eta horietatik %75 esportatu egiten dira. Bere azken garapena mila metroko sakoneran lan egin dezakeen ekipo bat da, 150 tonarainoko kargak mugitu ditzakeena. Gaitasun hori oso baliagarria da itsaso zabalean petrolio plataformak eraikitzen dituzten konpainientzat. Konpainiako zuzendari nagusi Asier Susaetak aurreratu dizkigu Nitxoko txapeldun honen gako batzuk.
Nola lortu duzue txoko bat hamarratz eta zalien sektoreko fabrikatzaile handien artean? Zein da gakoa?
Hainbat faktore daude tartean, baina nire ustez gure berritzeko gaitasuna da garrantzitsuena; hori da gure nortasun ikurra eta enpresan errotuta dagoena duela 53 urte sortu zenetik. Hasieratik mantendu dugu berrikuntzaren dinamika hori eta gainerakoengandik bereizten saiatu gara fabrikatzaile handiagoekin lehiatu ahal izateko.
Berrikuntza… Marketina ala benetako premia?
Gaur egun, bizirauteko modu bakarra da berrikuntzaren aldeko apustua egitea. Batzuetan, apustu arriskutsua izan liteke, baina uste dut azkenean arriskutsuagoa dela ez berritzea, zeren berritzen ez baduzu lehiakideek aurrea hartzen dizute… Gai izan beharra dago teknologia edo produktu berri osagarriak garatzeko, guk egin dugun bezala. Berritu egin behar da negozio-ildo berriak sortzeko. Adibidez, off-shore merkatuan sartu gara, eta horrek lagunduko digu epe ertainean jauzi handi bat egiten, bai fakturazioan eta baita ere tamainan.
Une honetan zuen produkzioaren %75 esportatzen duzue, eta gainerako %25a Estatuan gelditzen da. Duela urtebete, proportzio hori alderantzizkoa zen. Zergatik?
Zorionez, krisia hasi baino lehen ekin genion nazioartekotze prozesuari eta horri esker beste batzuk baino aiseago gainditu dugu bolada txar hori. Lehenagotik ere bagenekien gure produktua gai zela atzerrian lehiatzeko, baina orduan gehiago mugitzen ginen bertako merkatuan. Hala, plan bat diseinatu genuen, uste genuelako aukera genuela atzerrira irteteko. Gogor hasi ginen lanean, apustu komertzial erasokorrago batekin, eta goitik behera aldatu genuen gure negozio-eredua. Gaur egun, zuzeneko esportazioa %75ekoa da gure enpresan, baina kontuan hartu behar da euskal enpresa eta fabrikatzaileei saltzen dizkiegun produktu batzuk atzerrian merkaturatzen direla, beraz, portzentajea %80rainokoa izan liteke.
Zein da hamarratz baten eta zali baten arteko aldea?
Hamarratz bat da beso eta tentakulu handi batzuk dituen pieza bat, tailer edo desegite-lantegi handietan erabiltzen dena txatar tonak jasotzeko eta leku batetik bestera mugitzeko. Zaliaren egitura itxiagoa da, normalean solteko merkatu-gaiak edo produktu txikiagoak kargatzeko erabiltzen dena, zeintzuk erori egingo bailirateke hamarratzaren tarteetatik. Biek dute karga-gaitasun handia. Badaude 50 litrorainoko zaliak, eta 150 tonaraino jaso ditzaketen piezak.
Denborarekin Txina ere sartuko al da merkatu nitxo honetan?
Hala da, bai. Une honetan, gure lehiakide nagusiak ez daude Asian, baizik eta Europan, non kalitate-prezio erlazioa gurearen antzekoa baita. Baina badakigu Txinako hainbat fabrikatzaile hasiak direla antzeko gauzak egiten barne-merkaturako, beraz seguru asko epe ertainean nahiko erraz iritsiko dira Europako merkatura.
Eta zer gertatuko da orduan?
Orduan geure burua defendatu beharko dugu gure produktuak desberdin eta lehiakorrago bihurtuko dituzten proiektuekin eta garapen teknologikoekin.
Lotutako albisteak

Irizar Forge, mende bat garabietarako kakoetan espezializatuta
Enpresak egoitza Lazkaon du eta bere produktu sofistikatuak 60 herrialdetara esportatzen ditu. Gainera, bere merkatua hainbat sektoretara zabaldu du, off shorera, adibidez.

Asier San Millán (Siderex): “Deskarbonizazioa eta emisioen murrizketa ezinbesteko helburuak dira lehiakorrak izaten jarraitzeko”
Euskadiko Siderurgiaren Kluster Elkarteak siderurgiaren balio-kate osoko enpresak biltzen ditu, eta funtsezko arlo batzuetan egiten du lan, hala nola nazioartekotzean, garapen jasangarrian, berrikuntza teknologikoan eta talentuaren prestakuntzan.

Loco Polo: “Hauxe da zerotik hasita sortu dudan eta urte gehien dituen proiektua”
Iñigo Galdonak, enpresaren sortzaileetako batek, artisau-izozkien proiektua bultzatu du Gipuzkoatik, eta beste hainbat herritan ere saltzen dute: Frantzian edo Omanen, adibidez

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Iddermanek eski-sektorerako zinta garraiatzaile estaliak diseinatu eta fabrikatzen ditu Legution
Arabako enpresak azpiegitura mugikor horietatik zazpi kilometro baino gehiago instalatu ditu orain arte Europan, Asian eta Estatu Batuetan