Ehun bat euskal enpresak jasotzen dute Nazioartekotze Agentziaren aholkularitza Estatu Batuei, Txileri, Kolonbiari eta Mexikori buruz
Hitzordu pertsonalizatuak antolatu ditu erakunde publiko horrek bere kanpoko sarearen eta zenbait konpainiaren artean, atzerriko negozioei buruzko laguntza eta informazioa eskaintzeko.
Hurrengo astean ere izango du jarraipena ekimenak, eta topaketak egingo dira Italia, Txekia, Errusia, Txina eta Indiako bulegoetan.
Ehun bat euskal enpresa bildu dira, joan den astelehen eta asteartean, atzerriko lau bulegoetako ordezkariekin SPRI Taldeko Euskadiko Nazioartekotze Agentzia-Basque Trade & Investmentek atzerrian dituen lau bulegotako ordezkariekin, Estatu Batuak, Txile, Mexiko eta Kolonbiakoekin. Zenbait jardunaldi antolatzen ditu Agentziak euskal konpainiei laguntza-zerbitzuak eskaintzeko —martxan dauden proiektuetarako aholkularitza, ideiak garatzeko laguntza, enpresa bakoitzaren premietara egokitutako negozio-planak eskaintzea…—, eta haien barruan prestatu dira topaketok.
Batez beste 30 enpresarekin bildu da Euskadiko Nazioartekotze Agentziako lau bulego horietako bakoitza bi egunotan, Bilboko egoitzan. Bulegoetako arduradunek diru-laguntzei buruzko informazioa eman dute, baita herrialde bakoitzeko merkatuaren gaineko zenbait datu ere. Arduradunek adierazi dutenez, enpresa askok ez dakite, oraindik ere, zer zerbitzu eskaintzen dituen Euskadiko Nazioartekotze Agentziak.
Munduko merkatu nagusiari dagokionez (Estatu Batuak), sektore ugariri buruzkoak izan dira kontsultak: energia, makina-erreminta, elikadura… Estatu Batuetako merkatura nola sar daitekeen galdetu dute enpresek, eta nola jar daitekeen harremanetan bezero eta bazkideekin.
Euskadin jarraituko dute lanean lau bulegoek aste honetan, eta bisitaldiak egingo dituzte aipatutako herrialdeetan jarduera duten enpresen egoitzetara. Ostiralera arte, 40 bisitaldi dira egitekoak.
Hurrengo astean ere izango du jarraipena euskal enpresa-sarearentzako aholkularitza-ekimen horrek, eta zenbait enpresarekin hitzorduak antolatu dituzte dagoeneko Euskadiko Nazioartekotze Agentziako beste bost bulego hauek: Italia, Txekia, Errusia, Txina eta Indiakoak. Aste honetan bezala, hurrengoan ere egingo da bisitaldirik bost herrialde horietan nolabaiteko jarduera duten enpresetara.
Nazioartekotzeko Euskal Agentzia aurten sortu da, Eusko Jaurlaritzak alor horretan dituen gaitasunak eta aktiboak integratzeko eta sendotzeko, eta, hartara, bere ekintzen eraginkortasuna, kalitatea eta irismena sendotzeko. Horrenbestez, ezabatu egin da nazioartekotze-programen eta -zerbitzuen arteko sailkapen funtzionala, eta enpresen premia zehatzetara hobeto egokitzeko aukera dago orain.
Hirurogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan dihardu Agentziaren kanpoko sareak, eta 15 bulego propio eta 60 aholkularitik gora ditu mundu osoan.
Lotutako albisteak

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.