Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak emango dio hasiera foroari hilaren 26an, goizeko 09:00etan. Euskadiko esportazio-jarduerari buruzko ekitaldi garrantzitsuena da, eta SPRI Taldeko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatzen du.
Euskadiko esportazio-jarduerari buruzko ekitaldi garrantzitsuena da, eta SPRI Taldeko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatzen du
INTERGUNEn presente egongo dira euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren hainbat sektoretako -hala nola automobilgintza, energia, ingurumena edo osasuna- adituak. Foro honek mundu osoko enpresa-liderrak, nazioarteko merkataritzako espezialistak eta arduradun politiko nahiz akademikoak bilduko ditu, munduko ekonomiaren egoeraz eta epe laburreko perspektibez eztabaidatzeko.
Ekitaldian hizpide hartuko dituzte, besteak beste, Europako automobilgintzaren trantsizio teknologikoa, trantsizio energetikoaren aro berria Europar Batasunean edo ingurumenaren eta biozientzien euskal sektoreentzako aukerak.
Euskal konpainien erronkak aztertuko dira nazioartekotze arloko adituekin eta baita ere Kanpo Sareko kideekin eginiko bilera pertsonalen bidez, tresna eta konponbide indibidualizatuak eskaintzeko eta euskal enpresei zuzeneko sarbidea errazteko 80 herrialde baino gehiagotara.
Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak emango dio hasiera ekitaldiari, eta ondoren, hizlari arituko da Daniele Fraietta, ekonomia globaleko aditua eta nazioarteko kredituen kalifikazioan espezializatutako Fitch Solutions enpresako langilea. Jarraian, Emakumea eta Nazioartekotzea mahai-ingurua egingo da, zeinetan aztergai izango baita emakumearen lidergoa eta nazioartekotze-prozesuetan duen papera; parte-hartzaileen artean izango dira Smart Jidoka aholkularitzako, Basque Trade Nazioartekotze Agentziako eta Sisteplant, Arteche nahiz Dikar enpresetako emakumezko zuzendaritza-karguak.
INTERGUNEn hainbat panel sektorial egingo dira euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren industriei buruz, eta adimen lehiakorraren arloko mundu mailako enpresa onenetako nazioarteko espezialistek parte hartuko dute. Bertan izango dira S&P Global (automobilgintza sektorea), Globaldata (osasun sektorea) edo Wood Mackenzie (energia sektorea) enpresetako adituak, eta xeheki azalduko dute zer espero dezaketen euskal enpresek 2023an sektore horietan.
Ekitaldia bereziki zuzentzen zaie atzerrian kokatuta dauden euskal enpresei, baina baita ere oraindik nazioartekotzeko jauzia egin ez dutenei eta epe labur edo ertainean urrats hori ematekotan daudenei. Aldi berean, foroaren bidez erakarri nahi dira esportazioarekin lotutako eragile publiko eta pribatuak, eta baita ere euskal enpresek eskatzen duten nazioarteko espezializazioa ezagutu nahi duten ikasleak.
Arreta berezia eskainiko zaie Asian hedatzeko aukerei, eta batik bat fokua jarriko da Korea, Turkia, Japonia eta Indiako merkatuetan. Ekitaldian izango dira herrialde horietan adituak diren hizlariak, azaldu dezaten zein den gaur egungo egoera, nolakoak diren 2023rako espektatibak eta, batez ere, zein aukera eskaintzen dituzten merkatu horiek euskal enpresentzat.
Era berean, Intergune ekitaldiaren bigarren jardunaldian (osteguna, hilak 27), “Talent Spot” talentuaren foroa egingo da, Euskadiko erreferentziazko ekitaldia, eta bere helburua da pertsonek enpresen nazioartekotze-prozesuetan betetzen duten paperaren garrantziaz sentsibilizatzea.
Hala, foro horretan bilduko dira bai ikasleak, bai profesionalak eta baita ere erakunde eta enpresak, eta elkarrekin konektatuko dituzte prestakuntzako aukerak, enplegua nahiz nazioarteko erronkak, zeintzuetan talentua oinarrizko elementua baita. Gune honetan hizpide hartuko dira laguntza-tresna publikoak (besteak beste “Beint” eta “Global Training”), eta enpresen nazioartekotze arloan gaitzeko unibertsitate-tresnak, eta baita ere Euskadira itzultzeko erronkak eta laguntzak. Helburua: talentua erakarri eta atxikitzea.
Programa, HEMEN
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?