Euskadik eta Txileko Biobio eskualdeak akordio bat sinatu dute nazioartekotzea eta ingurumena bultzatzeko
Euskadik eta Txileko Biobio eskualdeak euren arteko harreman ekonomikoak sendotu dituzte, lankidetza-akordio bat sinatu baitute nazioartekotzea eta ingurumen arloko ekintzak bultzatzeko. Helburua da ezagutzak, datuak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea hainbat sektore industrialetan, besteak beste hauetan: basogintza, papergintza, siderurgia, nekazaritza eta elikadura, hondakinen kudeaketa, lurzoru kutsatuak, uraren kudeaketa edo airearen kalitatea.
Industriako euskal sailburuorde Mikel Amundarainek eta Biobio eskualdeko gobernadore Rodrigo Diaz Wörner-ek sinatu dute SPRI Taldearen barruko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta Desarrolla Biobio-Eskualdeko Garapen Korporazioaren arteko akordio hori.
Biobio erreferentziazko eskualdea da berrikuntza arloan ez bakarrik Txilen, baita ere Latinoamerikan. 1,5 milioi herritar ditu, biztanle gehien dituen herrialdeko hirugarren eskualdea delarik, Santiago eta Valparaíso eskualde metropolitarren atzetik. Bere jarduera ekonomiko garrantzitsuenak basogintza eta arrantza dira, eta atzetik doazkie nekazaritza, manufaktura industria eta zerbitzuak.
Gaur egun hainbat jarduera ekonomiko berri bultzatzen ari da, esaterako, osasun arloko berrikuntza, hidrogeno berdea, zerbitzu teknologikoen industriaren sustapena eta birziklapenaren arloko programa pilotu bat.
Euskadiren eta Txileko eskualde horren arteko akordioak hiru urteko indarraldia izango du, eta epe horretan hainbat ekintza garatuko dira, besteak beste informazio eta jardunbide egokien trukea, bi eskualdeetara bidaiak egitea, eta mintegiak nahiz bilerak antolatzea ezagutza partekatzeko.
Euskadiren eta Biobio eskualdearen arteko harremanak ez dira berriak. Duela hainbat urte lankidetza-akordio bat sinatu zuten berrikuntza teknologiko, unibertsitate eta sormen-industrien arloan. Biobio eskualdeko ordezkaritza bat SPRI Taldeko zuzendaritza-karguekin bildu zen 2019an, lehen eskutik ezagutzeko Euskadiko politika publikoak eta hainbat eragileren gaitasunak, arlo teknologikokoenak barne. Ordezkaritza horrek orobat harremanak egin zituen kluster, teknologi zentro eta administrazio publikoekin.
Lotutako albisteak

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.

Kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza behar duzu? Eman izena lehenbailehen nazioartekotzeko BEINT beketan
Programak 3,6 milioi euroko aurrekontua du eta bi urtez prestakuntza ematen die 30 urtetik beherako gazteei, kanpo merkataritzan espezializatu daitezen euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzuteko. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da martxoaren 7tik apirilaren 10era.

Singapurrek eta Euskadik negozio-aukera berriak esploratuko dituzte energia berriztagarrietan eta biozientzietan
Asiako herrialde horretako enpresen garapena bultzatzeaz arduratzen den gobernu-agentziaren ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du aste honetan, sektore estrategikoetan balizko lankidetza-arloak jorratzeko asmoz

Egaña Group, zazpi hamarkadako historia eta nazioarteko asmoak dituen Gipuzkoako familia enpresa
Aurten hiru enpresak lantegi berean batzeaz gain, atzerrian duten presentzia zabaltzea du helburu konpainiak.