Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 2 abendua, 2024 Basque Trade & Investment Nazioartekotzea Global Training Bekak

Euskadik gazte talentua indartu du nazioarteko prestakuntzarako 500 Global Training beka berrirekin

Batez beste 8 hilabeteko egonaldia eginez, 30 urtetik beherako bekadunek atzerrian jasoko dute prestakuntza eta esperientzia, mundu osoko 51 herrialdetan banatutako 400 enpresa eta lehen mailako erakundetan baino gehiagotan.
  • 2012az geroztik 5.088 gaztek jaso dituzte beka horiek eta funtsezko tresna da Eusko Jaurlaritzak talentu gaztearen alde egin duen apusturako.
  • Nazioartekotze-politikak hiru ardatz ditu Euskadin: pertsonen prestakuntza eta gaikuntza, non kokatzen ditugun Global Training bekak; euskal enpresei nazioarteko jarduera ekonomikoan laguntzea; eta Euskadiko Kanpo Sarea, 92 herrialdetan presentzia duena, 22 merkataritza-bulego propiorekin.

Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez atzerrian enpresa-praktikak egiteko ematen dituen Global Training beken aitorpena jaso dute 500 gaztek. Beka horien helburua nazioarteko mugikortasuna sustatzea da, eta, horretarako, ezinbestekoa da unibertsitateko titulua edo goi-mailako LHko prestakuntza izatea. Global Training programaren aurtengo aurrekontua 6,45 milioi eurokoa da.

Imanol Pradales lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, Gipuzkoako Teknologia Parkean, Donostian. Alboan izan ditu Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Nagore Bonilla Basque Trade & Investment-eko zuzendari nagusia eta erakunde laguntzaileetako ordezkariak: hiru Merkataritza Ganberak, Confebask, Adegi, Txorierri Politeknika Ikastegia, Hetel, Ikaslan, AFM Cluster, Donostiako Sustapena, Garapen eta Novia Salcedo Fundazioa, baita UPV-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea ere.

Ziurtagiria jaso duten gazteek 400 enpresa eta lehen mailako erakundetan baino gehiagotan egingo dituzte praktikak, 4 kontinenteko 51 herrialdetan. Enpresa horien artean daude, besteak beste, Microsoft Institutua, Harvard Medical School, NBE – Emakumeak edo ikerketa aurreratuko hainbat zentro, Euskadirentzat estrategikoak diren sektoreetan lan egiten duten kanpoko euskal enpresekin batera.

Lehendakariak adierazi duenez, “atzerrian zaudetenean, enbaxadore bat gehiago izango dugu atzerrian. Gure begiak izango zarete. Informazioa partekatuko duzue eta planetako hainbat lekutan egunero sortzen diren aukerak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko diguzue. Gazteak herri honen etorkizunaren funtsezko parte zarete”.

Global Training beka-programa Euskadiren garapen ekonomikorako funtsezko talentua sortzeko ahaleginen barruko ekintzetako bat da. Gaur egun, enpresek pertsona prestatuak eskatzen dituzte, eta esperientzia horrek lan-jardunerako beharrezkoak diren trebetasunak eta ezagutzak eskuratzeko aukera ematen die euskal gazteei, hori nazioarteko eta kultura anitzeko ingurune batean egin ahal izateak dakarren balio erantsiarekin.

Mikel Jauregi sailburuak baloratu duenez, “Euskadin nazioartekotze-estrategia gero eta biziagoa dugu, eta hiru ardatzetan egituratzen da: pertsonen prestakuntza eta gaikuntza, non kokatzen ditugun Global Training bekak; euskal enpresei nazioarteko jarduera ekonomikoan laguntzea; eta Euskadiko Kanpo Sarea, 92 herrialdetan presentzia duena, 22 merkataritza-bulego propiorekin, eta Australian laster irekiko den beste bat gehituko zaiona urtearen amaierarako, 23.a, alegia”.

Global Training programak aukera ematen du atzerrian profesionalki trebatzeko, ordaindutako praktikak eginez enpresetan edo erakundeetan, gazte bakoitzaren espezialitate akademikora egokituta.

Beken helburua atzerrian eskuratzen diren ezagutzak eta trebetasunak Euskadira itzultzea da, baina, era berean, bekadunek atzerriko egonaldiak luzatzea erabakitzen badute, Euskadiko ekonomiaren interesetarako ere balio izatea aurreikusten da.

Ildo horretan, Jauregik gazteei gogorarazi dienez, “behin esperientzia hau amaituta, Euskadi eraikitzen jarraitzeko behar zaituztegu; denboraldi baterako zoazte kanpora, eta itzuli egin behar duzue; gure herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoak zarete”.

Beken baldintzak

Global Training beka-programaren aurtengo aurrekontu-zuzkidura honako hauetarako da:

  • Hilean 1.715 euro gordineko 500 plazako zuzkidurak, 6 hilabetez (80 euro bekadunak hartzen dituen erakundearen konturako Gizarte Segurantzako kotizazio-gastua estaltzeko).
  • Kudeaketa-gastuak erakunde kolaboratzaile bakoitzarentzat, 1.000 eurokoak plaza bakoitzeko.
  • 40 orduko prestakuntza-gastuen partida bekadun bakoitzeko.
  • Bekadunen asegurua estaltzeko partida, bidaia eta estaldura medikoa barne.

Bekek gutxienez 6 hilabete eta gehienez 12 hilabete irauten dute, eta erakunde kolaboratzaileetatik jasotako eskaintzen arabera, batez besteko iraupena 8 hilabetekoa izango da, gutxi gorabehera, erakundeek ahalbidetzen dituzten luzapenei esker.

Programa 30 urte arteko eta B1 eta B2 mailako ingelesa menderatzen duten goi-mailako prestakuntza (graduak, lizentziaturak edo lanbide-heziketa) duten gazteei zuzenduta dago.

Erakunde kolaboratzaileak

Global Training bekek mota horretako prestakuntza-programen eta nazioarteko mugikortasunaren kudeaketan esperientzia dutela egiaztatzen duten erakundeen laguntza dute.

Edizio honetan honako hauek dira:

Fundacion Novia Salcedo80 beka
Ikaslan + AFM80 beka
Euskal Ganberak75 beka
EHU / UPV60 beka
Deustu Unib. +  Mondragon Unib.50 beka
Garapen + Donostia Sustapena80 beka
HETEL + Confebask + Adegi75 beka

Lankidetza honetan datza:

  • Prestakuntza-praktika onenak bilatzea nazioarteko enpresa eta erakundeetan, gazteek esperientzia praktikoa jaso dezaten.
  • Hautagaiei zuzendutako deialdia egitea, baita hautaketa-prozesua ere, Basque Trade & Investment-ekin lankidetzan.
  • Hasierako prestakuntza egitea gazteak nazioarteko “esperientziaren” aurrean prestatzeko.
  • Bekadunei eta harrera-enpresei jarraipena eta laguntza ematea bekaren aldi osoan.
  • Azken txostena idaztean bekadunen prestakuntzaren emaitza eta haien esperientziak ebaluatzea.

Lotutako albisteak

18 abendua, 2024 Basque Trade & Investment
82 gazte abiatuko dira urtarrilean beren atzerriko lanpostura, Eusko Jaurlaritzaren BEINT nazioartekotze-bekei esker
Irakurri gehiago
5 abendua, 2024 Basque Trade & Investment
Euskadik eta Alemaniako hegoaldeak adimen artifizialean eta fabrikazio aurreratuan duten harremana indartu dute
Irakurri gehiago
BasqueTrade Japón Euskadi Webinar 5 abendua, 2024 Basque Trade & Investment
Automozioko euskal enpresek beraien berrikuntzak aurkeztu dizkiete Japoniako 30 enpresa baino gehiagori
Irakurri gehiago
China Euskadi 4 abendua, 2024 Basque Trade & Investment
Txinan kokatutako berrogeita bost euskal enpresek Asiako merkatuaren joerak eta erronkak aztertu dituzte
Irakurri gehiago
3 abendua, 2024 Basque Trade & Investment
Nagore Bonilla Gabarain, Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari nagusi berria
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak