Euskadik zuzendutako proiektu europar batek xedetzat du “Big data” aplikatzea industrian
Innovalia Taldeak koordinatuko duen ekimen horretan, Boost 4.0, Europako berrogeita hamar enpresa eta unibertsitatek parte hartzen dute
Europako Batzordeak hainbat urte daramatza estrategia bat prestatzen gizartea eta industrializazioa digitalizatzeko. Lan horri esker argi ikusi du datuen analitika eta kudeaketaren arloa lideratu beharra dagoela. Ildo horren barruan kokatzen dira Europari “big data” edo “smart data” arloen ekosistema propio bat emateko zuzentarau eta proiektu guztiak.
Testuinguru horretan, Innovalia euskal taldeak, bere menpeko Carsa aholkularitzaren bitartez, Boost 4.0 (Big Data For Factories) ekimen europarra zuzenduko du, zeinaren helburua baita datuen analitika aplikatzea industrian. Kontinente zaharreko berrogeita hamar bat konpainiak eta unibertsitatek parte hartzen dute programa horretan, besteak beste, hauek: IBM, Volvo, Siemens, Gestamp, Philips, Whirpool, Volkswagen, Telefónica eta Vista Alegre.
Boost 4.0 programaren bidez, Europako industriak azkarrago bereganatuko ditu “big data” eta datuen analitikako konponbide aurreratuak, horretarako erabiliko dituelarik Fiware teknologian oinarritutako estandar eta API ireki fidagarri eta babestuak. Jesús de la Mazak, Innovalia Taldeko presidenteak, esan duenez: “Parte-hartzaile bakoitzak “big data”ren erabilpenari buruzko esperientzia desberdinak garatu eta lantegi propioetan probatuko ditu. Helburu nagusia da aldez aurretik identifikatutako komunikazio eta enkriptazio estandarrak eta protokoloak zabaltzea, eta hortik abiatuta, proben emaitzak sustatzea pilotuak martxan jarriz”.
Innovalia euskal enpresak lideratutako ekimen europar horrek jomugatzat du datuen analitika erabiltzea fabrikazio prozesuetan. Nahiz eta pilotu asko automozioaren sektoreko konpainietan garatuko diren, Boost 4.0 ekimena fabrikazioaren mundura zuzenduta dago, sektorea gorabehera.
Boost 4.0 ekimenak, Europako enpresa industrial handienen arteko lankidetza ahalbidetzen duenak, 20 milioi euroko finantzaketa dauka (horietatik 6 zuzenean Batzordeak berak jarritakoak eta gainerakoak konpainia parte-hartzaileek) eta 36 hilabeteko iraupena izango du. Espero da proiektu honek 100 milioi euroko inpaktua izango duela, baina zifrez harago, “Batzordea sinetsirik dago ekimen honen baitan garatzen diren proiektuek trakzio-lana egingo dutela Europako industrientzat” azpimarratu du Jesús de la Mazak.
Innovalia Taldeak Europako hamar proiektutan parte hartu du 2017an, euren artean Boost 4.0 delakoa. “Big data”ren arloko Europako beste proiektu bat koordinatuko da Euskaditik, zehazki, Deustuko Unibertsitatetik: European Data Incubator (EDI). Partzuergo bat da Europako hamar herrialdetako 20 erakundez osaturik dagoena, eta helburutzat du “big data” erabiltzeko estrategiak garatu nahi dituzten enpresa eta “startup” askok izan ohi dituzten oztopoak gainditzen laguntzea.
Lotutako albisteak

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa