Euskadiko 250 bat enpresak jaso dute Nazioartekotze Agentziaren aholkularitza bederatzi herrialderi buruz
Euskadiko 250 bat enpresak jaso dute SPRI Taldeko Euskadiko Nazioartekotze Agentzia-Basque Trade & Investmenten aholkularitza pertsonalizatua beren negozioak bederatzi herrialde hauetan gara edo koka ditzaten: Estatu Batuak, Txile, Mexiko, Kolonbia, Italia, Txekia, Errusia, Txina eta India. Agentziak bederatzi herrialde horietan dituen bulegoetako ordezkariak enpresa horietakoekin elkartu ziren azaroan, euskal konpainiei laguntzeko hark dituen zerbitzuen berri emateko: martxan dauden proiektuetarako aholkularitza, ideiak garatzeko laguntza, enpresa bakoitzaren premietara egokitutako negozio-planak eskaintzea…
Batez beste 25 eta 30 enpresarekin bildu zen Euskadiko Nazioartekotze Agentziako bederatzi bulego horietako bakoitza azaroaren 12, 13, 19 eta 20an, Bilboko egoitzan. Bulegoetako arduradunek diru-laguntzei buruzko informazioa eman zuten, baita herrialde bakoitzeko merkatuaren gaineko zenbait datu ere. Arduradunek adierazi dutenez, enpresa askok ez dakite, oraindik ere, zer zerbitzu eskaintzen dituen Euskadiko Nazioartekotze Agentziak.
Jardunaldien barruan, bisitaldiak ere egin zituzten herrialde horietan diharduten enpresetara; zehazki, 84. Interes berezia adierazi dute euskal enpresek herrialde hauekiko: Txile, Kolonbia, Estatu Batuak, Mexiko, Txina eta Txekiar Errepublika. Zenbait sektoretan dihardute enpresa horiek, industrian batez ere. Ezaugarri bat partekatzen dute konpainia horiek guztiek: ideia zehatzak dituzte nazioartekotzeari buruz, bai herrialdeari, bai merkatu-motari dagokionez.
Euskadiko Nazioartekotze Agentziak, Mundura Begirak, Intergunek eta Basquetrade International Meetingsek hainbatean behin antolatzen dituzte horrelako jardunaldi komertzialak, non agentziako zuzendariek, atzerriko bulegoetako arduradunek eta aholkulariek esku hartzen baitute. Beraz, urte osoan dihardu atzerriko sareak euskal enpresen zerbitzura.
Euskadiko Nazioartekotze Agentzia aurten sortu da, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dituen gaitasunak eta aktiboak bateratzeko eta sendotzeko, eta, hala, bere ekintzaren eraginkortasuna, kalitatea eta irismena indartzeko. Horrenbestez, ezabatu egin da nazioartekotze-programen eta -zerbitzuen arteko sailkapen funtzionala, eta enpresen premia zehatzetara hobeto egokitzeko aukera dago orain.
Agentziako kanpo-sarea 70 herrialde baino gehiagotan hedatzen da, eta mundu osoan 15 bulego eta 60 aholkulari baino gehiago ditu.
Lotutako albisteak

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.