Euskadiko 75 gazte nazioartekotze-arloari ekingo diote BEINT bekei esker
Euskadiko Nazioartekotze Agentziak gazte hautatuak elkartu ditu. Gazteek badakite dagoeneko nora joango diren, eta urtarrilean hasiko dira bekadun gisa lanean
Aurten 33 urte bete dituen programa honek zortzi hilabeteko praktikaldia bermatzen die atzerrian dauden zenbait euskal enpresatan
Euskadiko 75 gazte nazioartekotze-arloari eta kanpo-merkataritzari ekingo diote Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren BEINT bekei esker (SPRI Taldearen —Eusko Jaurlaritzako enpresa-agentziaren— barnean dago Euskadiko Nazioartekotze Agentzia). Datorren urtean bekadun gisa arituko dira lanean gazteak, eta, hurrengo zortzi hilabeteetan, praktikak egingo dituzte mundu osoko 40 herrialdetan baino gehiagotan dauden enpresetan edo erakundeetan.
BEINT bekek milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua izaten dute urtero, eta haien helburua da nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan espezializatutako profil profesionalak sustatzea. Euskadiko enpresetako nazioarte-sailen, produkzio-inbertsioen eta atzerriko ordezkaritza-bulegoen ardura hartuko duten pertsona talentudunak gaitzen laguntzea da asmo nagusia.
Programak espezializazioa sustatzen du, eta diziplina profesional jakin bati —hots, nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari— bideratutako talde profesionalak sortzen lagundu nahi du. 30 urte baino gutxiago eta unibertsitateko titulua duten eta ingelesa badakiten gazteei dago zuzendua. Titulu hauek dituztenak hautatu ohi dira gehien: enpresa-zuzendaritza, zuzenbidea eta ingeniaritza, eta, ingeniaritza barruan, industriala, antolamendua eta zibila.
Programari esker, bekadunak bermatua du 12 hilabeteko egonaldia SPRIren eta ICEXren (Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutua) atzerriko sareko bulegoetakoren batean eta, ondoren, zortzi hilabeteko praktikaldia enpresa batean.
Enpresa-nazioartekotzean espezializatzeko EHUk duen berezko tituluaren bidez trebakuntza teorikoa gainditu ondoren (30 kreditu), gazte hautatuek bilera bat izan zuten asteartean Euskadiko Nazioartekotze Agentziarekin, beren helmugak ezagutu ondoren: 40 herrialdetan banatutako kanpo-merkataritzako zenbait bulego, SPRIren bulego-sarea, edo klusterren (AFM, HABIC) eta Mugikortasun Klusterraren kanpo-delegazioak. Abenduaren 1ean hasiko da ofizialki bekaren betetze-aldia, eta une horretan hartuko dituzte hautatuek beren gain bekadun izatearen betebeharrak eta eskubideak.
Urtarrilean, atzerrian lan egiten hasiko dira bekari esker; trebakuntzaren zati honetan, bekadunek beren adimena eta laguntza jarriko dute enpresen esku. Azkenik, 2020an, praktikak egiten hasiko dira atzerriko enpresetan. Normalean, bekadun gisa egon diren herrialdean bertan egingo dituzte, eta, ahal dela, Euskadiko enpresetan.
Programak bekadunei praktiketarako aukerarik onenak ematea duenez helburu, beste erakunde aldeaniztun ugarik ere parte hartzen dute programan, besteak beste, Munduko Bankua, Garapenerako Banku Interamerikarra, Kolonbiako Findeter eta Nazio Batuen Garapen Programa. Azken horietan, gero eta BEINT bekadun gehiago ari dira lanean.
Nazioartekotzerako BEINT bekek 33 urte bete dituzte dagoeneko. Bekadun ia erdiek praktikak egin dituzten enpresan bertan jarraitzen dute lanean. 25 urtean, 800 gazte baino gehiago trebatu dira nazioartekotze-gaietan, eta horietatik ia 500ek nazioartekotzearekin erlazionatutako jardueretan lan egiten dute gaur egun.
Lotutako albisteak

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.