Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 27 otsaila, 2019 Finantziazioa Nazioartekotzea Alemania Araudia Erresuma Batua Errusia Europa Irlanda Italia Polonia eta Ukrainia Txekiar Errepublika eta Eslovakia

Eusko Jaurlaritzak eta Elkargik 25 milioi euroko finantzaketa lerro berria jarri dute martxan, Brexit-aren eragina jasango duten enpresei laguntzeko

Erresuma Batuarekin merkataritza harreman zuzenak dituzten enpresek eta horien hornitzaile eta bezero sare osoak izango du finantzaketa jasotzeko aukera

 

Erresuma Batuarekin merkataritza harreman zuzenak dituzten enpresek eta horien hornitzaile eta bezero sare osoak izango du finantzaketa jasotzeko aukera

FEI-IVFk, ELKARGIren abalarekin, 50.000€ eta 500.000€ arteko maileguak emango ditu

Oinarriak www.ivf-fei.euskadi.eus edo www.elkargi.es webguneetan kontsulta daitezke

 

Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuaren bitartez, eta ELKARGIk hitzarmena sinatu dute, 25 milioi euroko finantzaketa linea martxan jartzeko, Brexit-aren eragina jasan dezaketen euskal enpresei epe labur-ertaineko laguntza emateko.

 

Merkataritza transakzioek aurrean duten agertoki berri eta aurreikusezinaren eta horren eragin ekonomikoaren ondorioz, enpresen likidezia arriskuan jar dezakeen finantza efektua gerta daiteke. Hori dela eta, komenigarria da enpresa txikien eta ertainen, mikroenpresen, autonomoen eta saltokien finantzaketarako sarbidea eta likidezia babestea.

 

Finantzaketa linea hori, Erresuma Batuarekin inportazio eta esportazio merkataritza harreman zuzenak dituzten enpresek eta horien hornitzaile eta bezero sare osoak erabili ahal izango du. FEI-IVFk, ELKARGIren abalarekin, 50.000€ eta 500.000€ arteko maileguak emango dizkie hitzarmenean ezarritako eskakizunak betetzen dituzten enpresei.

 

Enpresa txikien eta ertainen nazioartekotzeari laguntza ematea, enpresa horiei laguntzeko politika ekonomiko orokorren barruan, lehentasun garrantzitsua izan da eta da Eusko Jaurlaritzarentzat. Kanpoko jardueraren pisua, esportazioena batez ere, gure Autonomia Erkidegoaren nortasunaren zeinuetako bat da, eta beharrezkoa da lehiakortasunerako abantaila hori ahalik eta gehien babestea. Horrela, finantza tresna horrek, Eusko Jaurlaritzaren Brexit Batzordearen barruan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak martxan jarritakoak osatuko ditu.

 

Enpresa onuradunak

Enpresa onuradunek jarduera ekonomikoa egin beharko dute Euskadin, eta euren egoitza, erabaki gunea edo/eta gutxienez jarduera zentro bat bertan izan beharko dute.

 

Halaber, Erresuma Batuko enpresekin merkataritza jarduera izan beharko dute, euren bezeroen artean Erresuma Batuarekin merkataritza harremanak dituzten enpresak eduki beharko dituzte, edo euren jarduera edo bertatik sortutako transakzio ekonomikoek Brexit prozesuaren eragina jasan dezaketen enpresak izan beharko dira. Horrez gain, zerga eta Gizarte Segurantza betebeharren ordainketan egunean daudela eta FEI-IVFrekin edo ELKARGIrekin zorrik ez dutela egiaztatu beharko dute.

 

Interesatuta dauden erakundeek FEI-IVFren www.ivf-fei.euskadi.eus edo ELKARGIren www.elkargi.es webguneetan kontsultatu ahal izango dituzte oinarriak eta dokumentazioa.

 

Finantzatu beharreko kontzeptuak arantzelen tasak, jardueraren aldi baterako beherapena, kobrantzen atzeratzeak, stock-a ziurtatzeko merkantzia gehiago erosi beharra, heltze prozesu luzeagoak… dira. Hau da, ekonomia-merkataritza testuinguru berriaren ondorioz duten maniobra funtsaren finantzaketa.

 

Maileguen baldintzak

Mailegu zuzen horiek baldintza hauek izango dituzte:

  • Gutxieneko zenbatekoa: 50.000,00 euro.
  • Gehieneko zenbatekoa: 500.000,00 euro.
  • Interes tasa: Urteko %1,20ko finkoa.
  • Finantzaketarako epea: 3 urte.
  • Gabezia: 6 hilabetera arte.
  • Kuotak: Hiru hilabetez behin, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.
  • Irekiera komisioa: maileguaren printzipalaren gaineko %0,5ekoa.
  • Aurretiazko amortizazio eta kantzelazio komisiorik gabe.

 

Gauzatuko diren finantzaketa eragiketa guztiak ELKARGIk abalatuko ditu, eta bera izango da aurkeztutako eskariak aztertu eta ebaluatuko dituena. Mailegu linea 25 milioi eurora heldu arte edo 2020ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik, eta modu automatikoan urteko epealdietan luzatzeko aukera egongo da.

 

Euskal enpresak eta Brexit-a

Euskadiko enpresek 2018an Erresuma Batura egindako esportazioen bolumena 1.732 milioi eurokoa da, hau da, Europar Batasun osora saldutakoaren hamarrena. Laugarren herrialdea da esportazioei dagokienez, Alemaniaren, Frantziaren eta Estatu Batuen ondoren. Jarduera talde esanguratsuenak automobilgintza, galdaketa eta makineria dira.

 

Inportazioei dagokienez, erregaiak eta burdinaren eta altzairuaren galdaketa dira erosketa guztien erdia baino gehiago hartzen dutenak. Euskadik 756 milioi euro erosten dizkio Erresuma Batuari.

Lotutako albisteak

5 abendua, 2024 Finantziazioa
VIVEbiotech-ek Ampersand Capital Partners-en inbertsioa lortu du bektore lentibiralen garapen- eta fabrikazio-gaitasunak zabaltzeko
Irakurri gehiago
26 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Bizkaiak bigarren Berrikuntza Funtsa bultzatuko du, % 15eko zerga-kenkariarekin, ETEetan berrikuntza sustatzeko
Irakurri gehiago
5 Azaroa, 2024 Finantziazioa
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 631,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2025erako, industriaren zerbitzura, enpresen lehiakortasunerako eta energia berriztagarriak hedatzeko
Irakurri gehiago
9 urria, 2024 Basque Trade & Investment
1M €-rainoko laguntza ematen dizugu zure enpresa Nazioarteko Gauzatu programarekin nazioartera zabaltzeko
Irakurri gehiago
IVF, instituto vasco de finanzas, Ajebask 20 iraila, 2024 Ekintzailetza
Finantzen Euskal Institutuak ekintzaile gazteentzako finantzaketa-lerroa jarriko du abian
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak