Eusko Jaurlaritzak laster irekiko ditu enpresa-proiektuak birfinantzatzeko eta berrikuntzarako laguntzak eta nazioartekotzeko Global bekak
Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen bitartez, epe bat irekiko du apirilaren 20an proiektuak birfinantzatzeko eta berrikuntzarako laguntzak eta nazioartekotze bekak eskatzeko. Lortu eta Innobideak programek eta Global Training bekek 10,5 milioi euroko aurrekontua dute, eta hirurak daude Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren “Oso ETEzaleak gara” Laguntza Planaren barruan.
Plan horrek 68 laguntza-programa biltzen ditu, 430 milioi eurotik gorako zuzkidura dutenak eta arlo desberdinetara zuzenduta daudenak: I+G+B, teknologiak, digitalizazioa, berrikuntza, ekintzailetza, garapen industriala, nazioartekotzea, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak eta ingurumena, lehen sektorerako laguntzak, elikaduraren industria eta jasangarritasuna.
Laguntzen jardunaldi telematikoetan 1.300 enpresak azalpenak jaso zituzten eskaintzen diren 68 laguntzei buruz, eta 6.000 enpresak baino gehiagok aukera izan dute jardunaldi horiek ikusteko SPRI Taldearen kanalaren bitartez. Enpresa erakundeak eta beste erakunde batzuk informazio zuzena jasotzen ari dira, Jaurlaritzako nahiz sozietate publiko desberdinetako ordezkariekin antolatzen diren jardunaldien bitartez.
Hilaren 20tik aurrera eskatu ahal izango diren laguntzak
Lortu programaren helburua da euskal industria-sarea babestea, eta milioi bat euroko zuzkidura du horretarako. Zehazki zuzentzen zaie Covid-19aren inpaktua gainditzeko eta jarduerarekin jarraitu ahal izateko euren zorra birfinantzatu behar duten enpresei.
Hala, laguntzak ematen ditu kanpoko profesionalak kontratatzeko. Profesional horiek abiapuntuko egoeraren diagnostikoa eta negozioaren bideragarritasuna errazteko ekintza-plana egiten laguntzen dute eta, hala badagokio, finantza-pasiboaren birfinantzaketa ahalbidetzen dute prozesuan inplikatutako hartzekodun guztiekin. Laguntza hauek eskatzeko epea irailaren 15ean amaituko da.
Innobideak programak, 3,3 milioi euroko aurrekontuarekin, laguntzak ematen ditu berrikuntzara, kudeaketa hobetzera, pertsonen parte-hartzera eta negozio-ereduak egokitzera bideratutako proiektuentzat.
Enpresa onuradunek gutxienez 10 lanpostu izan behar dituzte Innobideak-Lehiabide eta Pertsonak planetan parte hartzeko, eta 50 lanpostu Innobideak-Kudeabide laguntzak eskuratzeko. Interesatuek irailaren 23a baino lehen aurkeztu behar dituzte euren eskaerak.
Global Training programako 500 bekek 6,2 milioi euroko zuzkidura dute, zeintzuen helburua baita Euskadiko gazteen nazioarteko prestakuntza eta mugikortasuna ahalbidetzea esperientzia profesionala har dezaten atzerrian.
Programa honek hasierako prestakuntza eskaintzen du, bai eta 6-12 hilabete arteko praktikaldi bat atzerriko enpresa eta antolakundeetan, bekadunek esperientzia profesionala eskura dezaten nazioarteko inguruneetan.
Global Training programa goi-mailako unibertsitate edo lanbide heziketako gradu-ikasketak dituzten 31 urtetik beherako gazteei zuzentzen zaie, eta 500 beka eskaintzen ditu, beka bakoitzak hileko 1.500 euroko aurrekontua duelarik mantenu gastuetarako. Laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 21ean amaituko da.
Lotutako albisteak

Industria Erronka-k 700 ikasle baino gehiagok industria-enpresa bat izatea simulatzea ahalbidetzen du
Industria Erronka Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker posible da, SPRI - Euskal Enpresen Garapenerako Agentziaren bidez

Euskadik Txinan finkatutako euskal enpresen babesa indartu du Kunshanera egindako bisita baten bidez
Bisita honek Eusko Jaurlaritzak Euskadiko industria-sektorearen alde hartu duen konpromisoa indartu du euskal enpresen lehiakortasuna Txinakoa bezalako merkatu garrantzitsu batean bermatzeko, lurraldearen garapen ekonomikorako funtsezkoak diren hornidura-kateen oinarriak sendotuz

Eusko Jaurlaritzak Gauzatu Industria programa aktibatu du 28 milioi eurorekin
Oinarri teknologiko eta berritzailea duten enpresa txiki eta ertainen sorrera eta garapena bultzatzeko

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Optidel Biosystems-ek arrisku-kapitaleko inbertitzaileen babesa jaso du
Optidel Biosystems startupek kosmetika sektorean osagai aurreratuak eta konponbide pertsonalizatuak garatzeko muga berriak irekiko ditu