Fastenex, torloju eta finkatze sektorean esportatzeko funtsezko faktorea
Torlojuen eta finkatzearen sektorean ez da erraza nazioarte mailan haztea; izan ere, kostu txikiko produktua da, eta ez dago espezializazio edo bereizketa handirik fabrikatzaileen artean. Hala ere, badira modelo zehatzetan espezializatutako enpresak, eta horientzat funtsezkoa da laguntza bat izatea Euskaditik nazioarteko merkatuetara iritsi ahal izateko. Horretan dihardu, hain zuzen ere, Fastenexek.
Sektoreko lau enpresak sortutako partzuergoa da Fastenex: Estampaciones Laga, arandelen eta pieza estanpatuen fabrikatzailea; Tornillería Segur, hotzean estanpatutako torlojuen fabrikatzailea; Industrial Laneko, beroan estanpatutako torlojuen fabrikatzailea; eta Rosmil Industrial, kalitate handiko torlojuen banaketan espezializatutako enpresa.
“Fastenexen enpresa bakoitzaren esportazio saila bagina bezala jarduten dugu”, adierazi du Erich Friso Fastenexeko gerenteak. “Nazioarteko merkataritza-kudeaketa guztia egiten dugu, bezero berriak bilatuz, bidaia komertzialak eginez, azoketara joanez eta kontsultak eta merkataritza-eskaerak jasoz”. Horrela, partzuergoko bazkideek kanpoko merkatuetan sartzeko aukera dute, taldeak sortutako sinergiak aprobetxa ditzakete eta bezeroei eskaintza zabalagoa emateko aukera dute.
Fastenexek automozioaren, trenbideen, banaketaren, eraikuntzaren, eolikoen eta nekazaritzaren sektoreetara esportatzen du gehienbat. Esportazioei dagokienez, “funtsean Europako herrialdeetara esportatzen dugu. Guretzat herrialde garrantzitsuenak Alemania eta Frantzia dira”, partzuergoko kudeatzailearen arabera.
Pandemiak eragin handia izan du Fastenexen, azkoinak egiten dituen bazkide bat galdu baitu, baina 2021ak bezeroak eta fakturazioa berreskuratzeko balio izan du. Etorkizunari begira, partzuergotik adierazi dutenez, beren helburua “patzuergoan enpresa gehiago gehitzea da, gure bezeroei produktu gehiago eskaini ahal izateko. Adibidez, gaur egun mekanizazio- eta dekoletaje-fabrikatzaile bat falta da, eta torloju-fabrikatzaile bat”.
Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.
Lotutako albisteak

Kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza behar duzu? Eman izena lehenbailehen nazioartekotzeko BEINT beketan
Programak 3,6 milioi euroko aurrekontua du eta bi urtez prestakuntza ematen die 30 urtetik beherako gazteei, kanpo merkataritzan espezializatu daitezen euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzuteko. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da martxoaren 7tik apirilaren 10era.

Singapurrek eta Euskadik negozio-aukera berriak esploratuko dituzte energia berriztagarrietan eta biozientzietan
Asiako herrialde horretako enpresen garapena bultzatzeaz arduratzen den gobernu-agentziaren ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du aste honetan, sektore estrategikoetan balizko lankidetza-arloak jorratzeko asmoz

Egaña Group, zazpi hamarkadako historia eta nazioarteko asmoak dituen Gipuzkoako familia enpresa
Aurten hiru enpresak lantegi berean batzeaz gain, atzerrian duten presentzia zabaltzea du helburu konpainiak.

Europar Batasunak Errusiaren aurkako zigorrak areagotu ditu, energia, industria eta finantza arloetako murrizketekin
Europar Batasuneko Kontseiluak hamaseigarren zehapen-sorta onartu du aste honetan, Ukrainaren aurkako etengabeko gerrari erantzunez

EJE&CONeko Nodo Norte VIII Topaketa: Mugarik Gabeko Profesionalak
Goi mailakoa topagune berria Bilbon eta talentu-harrobia Goi Zuzendaritzarentzat eta Administrazio Kontseiluentzat.