Industria sailburuordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzak “edozein enpresaren neurrikoak” direla
Javier Zarraonandiak, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, ostegun honetan azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzak “edozein enpresaren neurrikoak” direla. “Deituiguzue beldurrik gabe” esan du bigarren informazio-jardunaldian, non xeheki azaldu baititu Eusko Jaurlaritzak ekonomia berraktibatzera eta enplegua sortzera bideratu dituen ETEentzako 2021eko laguntzak.
Ekitaldia telematikoki egin da, 650 enpresa inguruk jarraitu dutelarik, eta sailburuordeak nabarmendu du industria eta ingurumen sailak “lanean ari direla industriaren garapen jasangarria lortzeko”. Gogora ekarri du Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hiru helburu dituela jomugan: industria eta bere zerbitzu aurreratuak gure BPGaren % 40ra iritsi daitezela, enpresen nazioartekotzea Covid-19ak eragin duen ingurunera egokitzea, eta energia berriztagarrien kuota Euskadin kontsumitzen den energia guztiaren % 20ra iritsi dadila.
Informazio-jardunaldian hizpide hartu dira ingurumen, garapen industrial, trantsizio energetiko eta nazioartekotze arloetako laguntzak. Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak esan du hauek direla hiru helburu nagusiak: berotegi efektua eragiten duten gas isurketak % 45 murriztea –“sektore industrialak ahalegin handia egin du eta, horri esker, 2006tik % 25 gutxitzea lortu du” adierazi du-, hondakin sorkuntza gutxitzea eta ingurumen-politika faktore transbertsal bilakatzea.
Laguntza programei dagokienez, aipatu du bikoiztu egin dela ingurumen proiektuentzako laguntza-plana, “bi milioi euroko zuzkidura izatetik lau milioi euro izateraino”. Baita ere nabarmendu du bio-ekonomia programa -hiru milioiko aurrekontua duena-, proiektu pilotuak, proiektu eraldatzaileak eta atzerriko ekimenak detektatu eta erakartzeko proiektuak babesten dituena.
Garapen Industrialeko zuzendari Mikel Amundarainek azpimarratu du “erronkaz betetako unean gaudela. Covid-19aren ondorioez gain, hor ditugu baita ere ingurumen arloko erronkak eta erronka digitalak. Pandemiak azkartu egingo ditu industriako aldaketa estrukturalak”. Hala, laguntza-planak tresna gehiago eskaintzen dizkie zailtasunak dituzten eta lehiakortasuna hobetu nahi duten enpresei. “Programak indartu ditugu, partidak handituz eta eskakizunak murriztuz. Hiru programa berri abiarazi ditugu: dibertsifikazioa, enpresen tamaina handitzea eta adituen aholkularitza finantzaketa-operazioetan”.
Halaber, hizpide hartu du Bateratu programa berria, hiru milioi euroko zuzkidura duena. Programa horrek helburutzat du “500.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak” ematea xurgatze edo bat-egiteen bidez hazkunde-operazioak planteatzen dituzten enpresei. Horrez gain, bada beste nobedade bat, 11 milioiko zuzkidura duen Bilakatu plana, “zeinaren helburua baita laguntza ematea negozio-ildo berriak garatu nahi dituzten edo Euskaditik kanpo zeuden gaitasunak berriz Euskadira ekarri nahi dituzten (“reshoring”) enpresei”. Plan honen onuradun izateko, enpresa handiek gutxienez 1,5 milioi euroko inbertsioak egin behar dituzte, eta ETEek 200.000 eurokoak. “Gehieneko laguntza milioi bat eurokoa da eta ez da itzuli beharko” zehaztu du.
Amundarainek esan duenez, krisian dauden enpresak berregituratu eta berrabiarazteko “Bideratu” plan berriak bere partida bikoiztu du, bost milioi euroraino. Interesik gabeko aurrerakin itzulgarriak izango dira, sei urtean ordaindu behar direnak. Gainera, bada beste programa berri bat, “Lortu”, birfinantzaketa proiektuentzako laguntza profesionala eskaintzen duena.
Iñigo Ansolak, EEEko (Energiaren Euskal Erakundea) zuzendari nagusiak, baieztatu du hiru kontzeptu landuko direla energiaren arloan: energia eraginkortasuna, energia berriztagarrien ezarpena eta itsasoko teknologien garapena. “Zazpi laguntza-ildo desberdin dauzkagu” zehaztu du, besteak beste: itsasoko energientzako laguntzak, 2,5 milioi euroko zuzkidura dutenak, zeren “potentzial energetiko handiko teknologia bada ere, oraindik ongi heldu gabe baitago”, eta 4,5 milioi euroko zuzkidura duen Moves II plana, mugikortasun elektriko eta jasangarrira bideratua dagoena.
Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek gogoratu duenez, aurreikusi zen nazioartekotzea izango zela pandemiaren eragina gogorren jasango zuen arloetako bat, “baina ikusi dugu enpresek segurtasun handiz aurre egin diozuela egoerari, eta Agentziak, bere aldetik, aholkularitza gehiago eskaini du, eta baita arreta handiagoa ere”. “Nazioartekotzeak” gaineratu du “palanka estrategikoa izaten jarraitzen du lehiakortasuna lortzeko eta negozio berriak garatzeko. Hazkunde ekonomikoaren ardatzetako bat izango da”.
Ondarzabalek adierazi du 21,3 milioi euro mobilizatuko direla arlo horretan hainbat laguntza-programaren bitartez. Aipagarria da Nazioarteko Gauzatu programa (5 milioi eurorekin), atzerriko produkzio-inbertsioak finantzatzeko mailegu itzulgarriak ematen dituena, eta baita ere Zabaldu (3 milioirekin) programa, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen dituena atzerriko merkatuetara irteten edo haietan duten posizioa sendotzen ari diren enpresentzat. Halaber azpimarratu du talentuaren aldeko apustua egin dutela, eta horregatik hobetu dituztela Beint eta Global Training beka programak; “lehenengoak 125 bekadun izango ditu 100 izan beharrean, eta bigarrenaren kasuan, onuradunak 500 izango dira eta ez 400”.
Jardunaldi informatiboak ostiral honetan amaituko dira lehen sektorera eta elikadura eta jasangarritasun industrietara bideratutako laguntzei buruzko saioarekin.
Hemen ikus dezakezu jardunaldia:
Lotutako albisteak

Lehengaien Nazioarteko Behatokia 2025ean petrolioaren prezioa progresiboki murriztuko dela aurreratu du Lehengaien Behatokiak
Basque Trade & Investmentek Estatu Batuen muga-zergek eta Txinako ekonomiaren dezelerazioak merkatu global honetan izango duten eragina aztertu du azken Behatokian.

Indiako automozioa: Indiak hub estrategikotzat duen posizioa indartu du automobilgintzako industria globalean
Basque Trade & Investmenten azken txostenak Asiako herrialde horretan jarduteko interesa duten euskal enpresek aurki ditzaketen aukerak eta erronkak aztertu ditu.

Argentinako Vaca Muerta hobian, 35.500 milioi dolarreko inbertsioak aurreikusi dira datozen urteetarako gas naturalaren arloan
Basque Trade & Investmentek merkatu horrek eskaintzen dituen aukerak aztertu ditu bere azken ohar teknikoan, izan ere, mundu osoko mailan shale oil eta shale gas delakoen erreserbarik handienetakoa da.

T&D Behatokia S2 2024: Europa, Estatu Batuak eta Indiaren dinamismoak aukera berriak ireki ditu Transmisio eta Banaketaren sektorean
Transmisio eta Banaketan (T&D) espezializatutako euskal enpresek eskuragarri dute dagoeneko sektore honen joerak eta aukerak aztertzen dituen Behatokiaren laugarren edizioa. Txostena Basque Trade & Investment (BasqueTrade) SPRI Taldeari atxikitako euskal enpresen nazioartekotze-agentziak argitaratu du, eta sektorea sei hilean behin monitorizatzen duen azterketa sakona eskaintzen du aukera globalak identifikatzeko, lehiakortasuna indartzeko...

BT&I-ren Nazioarteko Behatokia: Hazkunde ekonomiko apalak eta tentsio globalek 2025eko lehen seihilekoa baldintzatuko dute
BasqueTrade-ren Nazioarteko Behatokiaren edizio berriak 2024ko laugarren hiruhilekoko egoera politiko-ekonomiko globala aztertzen du eta, aldi berean, hazkundearen eta joeren aurreikuspenak eskaintzen ditu.