Irizar Forge, mende bat garabietarako kakoetan espezializatuta
“Gure bezeroei beren kargak mugitzen laguntzea, dauden tokian eta karga horiek edozein izanda ere”. Horixe bera da Gipuzkoako Irizar Forge familia-enpresak duela mende bat baino gehiagotik betetzen duen helburua. Erabakiak hartzeko ETE malgua eta azkarra, galdaketaren sektorean izaera industriala eta dinamikoa duena eta, batez ere, adimentsua. Hori guztia agerian geratzen da 102 urte baino gehiagoko historian zehar egokitzen eta bizirik irauten jakiteko erakutsi duen gaitasunarekin. Irizar garabientzako kakoen fabrikazioan espezializatuta dago, bereziki eskakizun handiko metalurgiaren sektorean. Bertan, lanak oso astunak izaten dira eta ingurune zailetan egiten dituzte. Lazkaon (Gipuzkoa) du egoitza, eta 60 herrialdetako nitxo-merkatuetan dago. Ondorioz, Euskadiko ekonomiaren Txapeldun Ezkutuetako bat dela esan dezakegu. Dagoeneko familiako laugarren belaunaldia dago enpresaren buruzagitzan eta gaur egun Maria Lasa Irizar da bertako CEOa.
Enpresaburuen alaba, biloba eta birbiloba. Oinordekotza horrek eragina al du izaeran?
Nahi ala ez, eragina du. Alde onak eta txarrak dituen bidesari modukoa da. Beste era batera esanda, nolakotasuna zehazten duen zerbait da. Balio batzuk eta nolabaiteko nortasuna betikotu egiten da eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta esango nizuke ez dela nahita egiten.
Zer moduz doaz gauzak urtearen hasiera honetan?
2030erako plan estrategiko berriarekin ilusionatuta gaude. Bertan, industria-hedapen garrantzitsua aurreikusten da, hazkunde organiko eta esponentzial nabarmenarekin, merkatu-nitxo berriak identifikatuta, arazo konplexu eta ezohikoei irtenbidea emateko produktu berriekin… Horrek guztiak bezero berriak eta negozio-lerro berriak dakartza, batez ere offshore merkatuan.
Zer baloreri esker iritsi da zuena bezalako enpresa bat honaino?
Lehenik eta behin, errespetuari esker, nondik gatozen jakiteko atzera begiratuta. Gero, ilusioari esker, nora goazen jakiteko aurrera begiratuta. Talentua, alboetara begiratuz, bidaia honetan ondoan duguna baloratzeko eta, noski, inor ez zapatzeko beherantz begiratuta. Talentu hori ahaldundu egin behar da eta, horretarako, funtsezkoa da eskuordetzen jakitea. Baina ez dut pazientzia ere ahaztu nahi, gauzak ez baitira lehenengoan ateratzen eta saria atzeratzen jakin behar baita. Eta nola ez, diskrezioz egitea, gipuzkoarrek egin ohi duten moduan. Eta baita umore onez eta baikortasunez ere, gauzak beste modu batera ikusten baitira jarrera horrekin. Gauzak ongi ateratzen ez direnean ere, ikasitako ikasgaiek balioa eta ezagutza ematen dute.
Irizar Forgek egiten duenaren moduko kako baten diseinuan, I+Gak zer proportzio du?
Egiten dugun guztia segurtasun altuko osagarriak eta osagaiak dira eta, horrenbestez, nahiko araututa eta horren inguruko legeak eginda daude. Produktu batzuetan, nazioarteko araudiak zehaztuta daude eta, hasiera batean, ezin da funtsezko aldaketarik egin, baina, gero, beste produktuk oraindik arautu gabe daude, eta gure I+Ga segurtasun gehiagora, tamaina optimizatzera (batez ere, XXL gametan) eta balio-bizitza luzatzera bideratuta dago. Horretarako, beharrezkoa da lehenengoetakoak izatea.
Lehiakide asko al dituzue horren zehatza den merkatu-nitxoan?
Lehia beti da beharrezkoa eta ondo ikusia, etengabe hobetzea eta lehia askea ahalbidetzen baitizu. Gure negozio-eredua merkatu-nitxoetan oinarrituta dagoenez, oharkabean igarotzen gara bolumen txikiko merkatuetan, inbertsio sendoko merkatuetan, balio erantsi handiko merkatuetan eta sartzeko oztopo handiak dituztenetan. Horren ondorioz, gutxi gara, korporazio handientzat oharkabean igarotzen gara, eta hortik dator gure Txapeldun Ezkutuaren etiketa.
Zer sektoretan egiten du lan Irizarrek batez ere?
Merkatu errepikakor eta sendoena garabiena da, eta era guztietako garabiez ari naiz: eraikuntzakoak, industriakoak, portuetakoak, itsasontzienak… Merkaturik berriena (15 urte baino ez daramatzagu bertan lanean) kostaldetik kanpoko instalazioena da (offshore): bai garabi handiak subsea instalazioetarako, bai amarratzeko eta herrestatzeko elementuak instalazio flotatzaileetarako. Hori guztia egiteko, 55 pertsona inguru ari gara enpresan lanean, eta heren bat ingeniariak dira. Gainera, ingeniariak ez daude soilik ingeniaritza-sailean; izan ere, ingeniariak sail guzti-guztietan daude, salmenta, fabrikazioa eta ziurtapena maila tekniko oso altukoak baitira. Ni ez naiz ingeniaria, eta negozioaren ikuspegia osatzen duten onenez inguratzeaz arduratu naiz.
Gaur egungo geopolitikaren egoera ikusita, 2025 honetarako aurreikuspen-agertokia ikusten saia daiteke?
Asko ikasi dugu aurreko plan estrategikoan (2020-2025). Izan ere, besteak beste, nork imajina zezakeen pandemia bat XXI. mendean edo gerra militar bat Europa barruan? Bizirik irautea lortu ez ezik, ohiko gorabeherekin ezarritakoa betetzea ere lortu dugu. Kontingentzia-planak berritzea pentsatu dugu, eta negozioaren jarraipen-plana egin dugu, beti baita positiboa plana eskura izatea. Oro har, ezohiko egoeretan ere, negozio-aukerak sortzen dira. Atsekabetu beharrean, altxatu, modu positiboan ikusi eta behin eta berriro saiatu beharra dago.
Lotutako albisteak

Asier San Millán (Siderex): “Deskarbonizazioa eta emisioen murrizketa ezinbesteko helburuak dira lehiakorrak izaten jarraitzeko”
Euskadiko Siderurgiaren Kluster Elkarteak siderurgiaren balio-kate osoko enpresak biltzen ditu, eta funtsezko arlo batzuetan egiten du lan, hala nola nazioartekotzean, garapen jasangarrian, berrikuntza teknologikoan eta talentuaren prestakuntzan.

Loco Polo: “Hauxe da zerotik hasita sortu dudan eta urte gehien dituen proiektua”
Iñigo Galdonak, enpresaren sortzaileetako batek, artisau-izozkien proiektua bultzatu du Gipuzkoatik, eta beste hainbat herritan ere saltzen dute: Frantzian edo Omanen, adibidez

Iddermanek eski-sektorerako zinta garraiatzaile estaliak diseinatu eta fabrikatzen ditu Legution
Arabako enpresak azpiegitura mugikor horietatik zazpi kilometro baino gehiago instalatu ditu orain arte Europan, Asian eta Estatu Batuetan

JAZ-Zubiaurrek mendeurrena bete du eskuila metalikoak fabrikatzen eta komertzializatzen, eta 65 herrialde baino gehiagotara esportatzen du
Gipuzkoako ETEa estatuko merkatuko liderra da eta lurzoruak tratatzeko 3.000 erreferentziazko produktutik gorako gama handia eskaintzen du

Ainhoa Etxeberria: “Dimaqen anbizio handiko proiektu batean ari gara lanean McDonaldsen eta KFCren hornitzaile izateko”
Hondarribiko enpresa elikadura makineriaren inportazioan eta banaketan espezializatua dago, eta 2011tik hezurrik gabeko haragia mozteko makina horizontala fabrikatzen du.