Lascaray enpresa arabarrak ia 200 urteko ibilbidea du; 1823an sortu zen gantzezko kandelak fabrikatzeko, eta hainbat ikerketak diote bera dela Euskadiko enpresa zaharrena. Gasteizen finkatua, 85 langileko plantilla du une honetan, eta jarduera bikoitza garatzen du -bata sektore oleokimikoan eta bestea kosmetikoan-, 500dik gora erreferentziako portfolioa duelarik. Bere DNA familiarra da erabat, eta Lascarayren gidaritza seigarren belaunaldiarena da. Iaz 36 milioi euro fakturatu zituen, eta % 35 inguruko esportazio-mailara iritsi zen, Latinoamerikako merkatua delarik garrantzitsuena bere nazioarteko negozioetarako. Konpainiako zuzendari nagusi Félix Lascarayk euskal enpresa erreferente honen giltzarriak aztertu ditu SPRIrentzat.
Zein da familia-enpresa batean halako konpromiso-maila lortzeko giltza (halakorik badago)?
Seguru asko, gure arbasoek txikitatik irakatsi diguten erantzukizun-sentimendua, eta horrekin batera, grina, konstantzia eta ahalegina. Gure aita, berriki erretiratu dena 75 urterekin, egunero etortzen da enpresara. Eta 85 urterekin hil zen gure osaba ere berdin-berdina zen… Bizimodu bat da hau, lana baino gehiago.
Zu familiako seigarren belaunaldia zara, baina enpresan badago zazpigarren belaunaldikoren bat ere…
Bai, 34 urte ditut eta zortzi daramatzat konpainian lanean, hau da, 26 urterekin sartu nintzen, aitari iruditu zitzaionean bazela ordua. Familian badugu protokolo bat, lehenbizi atzerrian ibili nintzen, prestakuntza jasotzeko eta familia-enpresatik kanpo lan egiteko. Ikaskuntza-prozesu haren ostean Gasteizera itzuli nintzen, eta behetik hasi nintzen lanean, lantegia eta enpresa sakonago ezagutzeko. Zazpigarren belaunaldiari dagokionez, badago senitarteko bat, gure lehengusua hain zuzen, Esportazio saileko zuzendaria dena, eta Lascaray familiaren zazpigarren belaunaldiko kidea.
Ez dago datu ofizialik Euskadiko enpresa zaharrena zaretela ziurtatzeko, baina kontrakoa dioenik ere ez…
Ezin da jakin ofizialki, baina hainbat ikertzailek egin dituzten azterketek diote ez dutela besterik aurkitu, eta momentuz geu garela Euskadiko enpresa zaharrena.
Nork bultzatu zuen enpresa-talde hau?
Juan Bernardo Lascarayk. 1823an Ziburutik Gasteizera etorri zen gantzezko kandelak egitera eta Prado auzoan jarri zuen lehen lantegia. Handik gutxira, 1855ean, Casimiro Lascarayk (bigarren belaunaldia) beste urrats bat eman zuen. La Estrella Alavesa, LEA izeneko bigarren lantegia sortu zuen, non bujia estearikoak eta oleinazko xaboia egiten hasi zen. Adibidez, garai hartan sortu zen Marfilezko xaboia… Handik aurrera belaunaldi berriak etorri ziren, eta enpresa dibertsifikatzen eta handitzen joan zen; adibidez, 1973an, gaur egungo kokalekura eraman zuten enpresa, Arriaga industrialdera.
Lascaray erreferente historikoa da Euskadiko enpresa-sarean, bai bere ibilbide luzeagatik eta baita ere erreferentea delako sektore oleokimikoan, gantz-azidoak fabrikatzeko duen trebeziagatik. Zer egiten duzue zehazki, eta zein da zuen balore nagusia?
Gantz-azidoa ez da oso ezaguna bere izenagatik, baina egunero erabiltzen ditugun produktu askoren osagaia da. Naturan eta izaki bizidunengan aurkitzen ditugun gantz eta olio gehienetatik ateratzen den deribatu esentzial bat da, eta asko erabiltzen da garbigarriak, leungarriak, gorputzerako kremak edo pneumatikoak egiteko, adibidez. Espainian fabrikatzen diren garbigarri guztiek eta Europako herrialde askotan egiten direnek darabiltzate gure fabrikatik ateratako gantz-azidoak, eta berdin gertatzen da gurpilekin.
Zuen bigarren negozio-ildoa kosmetikarena da, LEA markaren azpian biltzen dena. Zenbateko pisua du negozioaren egunerokotasunean?
Une honetan, kosmetika sailak gure fakturazioaren % 45 inguru suposatzen du, eta 500dik gora erreferentzia dauzkagu. Marka propioa fabrikatzen dugu (LEA), baina beste marka batzuetarako produktua ere egiten dugu, batez ere banaketa eta azalera handien sektorerako.
Nolako produktuak dira?
Erreferentzia asko eta oso desberdinak fabrikatzen ditugu. Adibidez, bizarra mozteko 15 milioi aiztotik gora saltzen ditugu urtero, eta desodoranteen sektorean beste bost milioi unitate inguru. Eta, horrez gain, krema hidratatzaileak, eskuetarako xaboiak, toailatxo higienikoak, bizarra mozteko aparrak…
Zergatik hasi da Lascaray hain berandu esportatzen?
Aurreko krisiaren ondoren, 2010. urte inguruan, hasi ginen nabaritzen bagenuela nazioartekotzeko premia. Esportazioko partidak oso txikiak ziren ordura arte, baina plan bat prestatu genuen, eta Latinoamerikara bideratu ginen, batik bat, gure produktuentzat ibilbide-marjina handiagoa izan zezaketen herrialdeetara. Eta hala, hazten hasi ginen. Gaur egun, Lascarayk bere produkzioaren % 35 inguru esportatzen du, eta Peru, Kolonbia edo Kuba bezalako herrialdeetan dugu sarpen-maila handiena.
COVID-19ak eragin duen testuinguruan, hidrogel desinfektatzaileak sekulako gorakada izan du, eta produkzio-maila izugarri altuetara iristen ari da.
15 urte baino gehiago daramatzagu hidrogel desinfektatzailea fabrikatzen, baina, martxotik hona gertatzen ari dena guztiz berria da. 2009an, “A gripea” iritsi zenean, nabaritu genuen produkzioak eta salmentek gora egin zutela, baina gailur hura ez zen izan hau bezalakoa, eta horregatik zuhur jokatzen ari gara pandemiari dagokionez.
Zuhur eta tentuz… Zergatik?
Gaur egun bizi duguna bezalako desorekak ez direlako onak ekonomiarentzat eta merkatuentzat; sektore batzuk oso ondo daude, baina beste batzuen egoera oso txarra da… Egoera hori bizi izan genuen aurreko krisian ere, zeina 2008an hasi arren, handik pare bat urtera igarri baikenuen. Horregatik, egoera aldakor honetan, nahiago dugu zuhur eta erantzukizunez jokatu, eta gure negozio-ereduaren oreka mantentzen saiatu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?