Makina-erremintako euskal enpresak Indiara abiatu dira Eusko Jaurlaritzaren eskutik
Asiako herrialdeak sektoreari eskaintzen dizkion negozio-aukerak esploratuko dituzte
SPRI Taldeari atxikitako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak misio bat antolatu du AFM klusterrarekin batera, Indiak makina-erremintako sektoreari eskaintzen dizkion negozio-aukerak esploratzeko.
Misioak bi jardunaldi tekniko ditu: bata, astelehen honetan, Bangaloren, eta bestea, asteazkenean, hilak 27, Punen. Horiez gain, BEML trenbide-enpresa publikoa bisitatuko dute, baita azpiegituretarako fluidoen kudeaketako merkatuan buru den Kirloskar Pneumatic deritzona ere.
Jardunaldi hauen bitartez, Indian nahiz Euskadin, manufaktura aurreratuaren eta 4.0 Industriaren arloan izandako azken aurrerapenak aurkeztu eta ezagutzera emango dituzte. AFM makina-erremintako klusterrak eta Fagor Automation, Lantek eta Fagor Arrasate enpresek azken aurrerapenak aurkeztuko dituzte Indiako automobilgintza eta aeronautikako lehen mailako enpresekin batera. Gainera, B2B saioak antolatuko dira bertaratutakoen eta euskal enpresen artean. Topaketa hauetan, aipatutako euskal enpresekin batera, Zayer, Ona, Juaristi eta Geminisen eragile eta ordezkariek parte hartuko dute.
BEML da trenak eta ordezko piezak fabrikatzen dituen enpresa publikoa. Kirloskar Pneumatic delakoa aitzindaria da azpiegitura-proiektu handietarako fluidoak kudeatzeko soluzio konplexuen merkatuan, ur-hornidura, energia-instalazioak, ureztapena, petrolioa eta gasa, eta itsas-armada eta defentsa tarteko direla. Ponpak, balbulak eta turbinak diseinatu eta fabrikatzen ditu, industriarako, nekazaritzako zein etxe barruko erabileretarako.
Indian euskal enpresen 62 ezarpen daude, sektore hauei atxikitakoak: energia berriztagagarriak, automobilgintza, makina-erreminta, ekipamendu elektrikoa eta tren-industria. Konpainia horiek guztiak Pune, Chennai, New Delhi eta Bangaloren finkatuta daude.
Indiak 1.339 milioi biztanle ditu, eta euskal enpresek herrialde horretara egindako esportazioen guztizko balioa 189 milioi eurokoa izan zen 2018an.
Lotutako albisteak

Euskadik osasun arloko berrikuntzan duen posizioa indartu du Alemaniako MedtecSUMMIT 2025 delakoan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Basque Health Clusterraren ordezkariekin batera parte hartu zuen ekitaldian, Bavariako erakunde estrategikoekiko harremanak estutzeko eta lankidetzarako arloak jorratzeko, medikuntza arloko gailuei aplikatutako adimen artifiziala eta osasun digitala kasu

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektore aeroespazialaren egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko.

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa