Mende-erdi bat euskal industria hozten
1967an sortu zen Torraval, Senerren babespean, eta hozte-dorreen fabrikazioan espezializatuta dago; gaur egun, ekoizpenaren % 40 esportatzen du, eta 25 langile ditu Alonsotegiko lantegian
Bizkaiko Alonsotegi eta Leioa herrien artean dauzka egoitza nagusiak Torraval Coolingek: batean, lantegia; bestean, bulegoak. Hozte-dorreak egiten espezialista da taldea, eta 25 langile ditu; ia sei milioi euro fakturatzen ditu urtean, eta ekoizten duenaren % 40 esportatzen du. Fernando Riaño zuzendari nagusiak adierazi duenez, hauek ditu enpresak etorkizunerako helburu nagusi: “askoz ere hobeak eta lehiakorragoak izatea”, eta urtean % 8 inguru haztea hurrengo hirurtekoan. Euskal industriako zenbait enpresa ezagun daude konpainia historiko honen bezeroen artean: Ence, Petronor, Tubacex, Viscofan eta Vidrala, besteak beste.
Zer da hozte-dorre bat, eta zertarako balio du?
Sistema batean sobran dagoen beroa —hau da, beste ezertarako erabili ezin dena— kentzeko erabiltzen den ekipamendu bat da. Fenomeno natural bat —lurruntzea— da gure ekipamenduetako hozte-prozeduraren printzipioa: ekipamenduak ur-tanten laino bat sortzen du; erortzean, tanta horiek gora doan aire-korronte bat ukitzen dute, eta, ondorioz, uraren parte bat lurrundu egiten da. Horrek, berriz, gainerako ura ere hoztea dakar. Grabitatearen eraginez, andel batera erortzen da ura, eta prozesuaren zirkuitu itxira itzultzen da.
Zergatik dira garrantzitsuak ekipamendu horiek edozein industriatarako?
Lehenik eta behin, oso eraginkorrak direlako energiaren aldetik. Prozesua naturala da; teknologia, berriz, ez da atzo goizekoa, baina merkatuko eraginkorrena izaten jarraitzen du. Batez ere, honetarako erabiltzen dira ekipamendu horiek: aire girotuko hozte-sistemetarako (hotelak, saltokiak, ospitaleak eta abar), hotza ekoizteko (ostalaritza, elikagaigintza, laborategiak eta abar) eta prozesu industrialetarako. Azkena aipatu dugun horretan jarduten gara gehienbat.
Zenbat dorre instalatu dituzue 50 urteotan?
Gure kalkuluen arabera, 25.000 bat mundu osoan, 25 herrialdetan baino gehiagotan.
Zein da zuen azken proiektua?
Asko eta asko ditugu esku artean; izan ere, eta zorionez, jarduera biziko urtea ari da izaten 2018a, ekonomiaren susperraldia dela eta. Baina adibide batzuk aipatzearren, hona hemen bi: Bilboko hotel batek gure ekipamendu bat jarri du establezimenduko aire girotua teilatutik disiparazteko. 750 kW disipatu behar ditu establezimenduko airea girotzeko, orduko 130 m³ ureko emariarekin. “Eremu tertziariokoa” deritzogun aire girotuaren adibide bat dugu hori.
Eta industriako adibide bat?
Hor ditugu, besteak beste, Sidenor eta Tubacex enpresak: ijezketa-prozesua hozteko erabiltzen duten ura ere hoztu beharra daukate biek.
1967an jaio zen enpresa, Sener ingeniaritzaren babespean; gero, zenbait multinazionalen mende jardun zen, eta bost urte dira Italiako Mita taldean dagoela. Jabez horrenbeste aldiz aldatuta, jatorrizko nortasuna galdu egingo zuen enpresak, agian…
Zorionez, ez, zeren eta enpresa kapitalizatu egin baitugu, eta azken 50 urteotan jabe izan ditugun guztien gainetik hegaldatu gara. Mitari dagokionez, duela bost urte etorri zitzaigun, proiektu industrial sendo-sendo bat zekarrela. Oso argi zuen, hasieratik, ez ziola ez Mita España ez Mita Euskadi deitura jarriko: Torraval izena eta haren ospea gorde nahi zuten, gure bezeroen konfiantza gureganatzen jarraitzeko.
Atzerrira ere joaten al dira zuen dorreak?
Bai, noski, eta oso goi-mailan gainera. Ondo bidaiatzen du produktuak, bai Alonsotegiko lantegitik muntatuta bidaltzen dugunean, bai bezeroaren “etxean” bertan muntatzen dugunean. Gure ekoizpenaren % 40 esportatzen dugu.
Talentua erakartzeko arazoak al ditu Torravalek ere?
Bai, arazoak ditugu bai teknikariak bai enpresako beste postu batzuetarako langileak aurkitzeko. Esango nuke euskal ETE guztien arazoa dela hori; eta ez bakarrik talentua erakartzea, baizik eta hari eustea. Horretarako, hiru bide hauetatik jotzen dugu guk: lehenbizi, jendea trebatzen dugu. Erabateko konfiantza dut trebakuntzaren balioan, eta bost urterako plan bat prestatu dugu oso sendoa; bigarrenik, ahalegina saritzen dugu eta, azkenik, emaitzak neurtzen ditugu. Torravalen soldata finko eta aldakorraren sistema bat dugu, eta helburuen araberako zati aldakor horren bidez saiatzen gara pizgarri izaten. Ondo azaldu behar da sistema hori, baina uste dut pixkanaka-pixkanaka lortzen ari garela.
Lotutako albisteak

Loco Polo: “Hauxe da zerotik hasita sortu dudan eta urte gehien dituen proiektua”
Iñigo Galdonak, enpresaren sortzaileetako batek, artisau-izozkien proiektua bultzatu du Gipuzkoatik, eta beste hainbat herritan ere saltzen dute: Frantzian edo Omanen, adibidez

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Iddermanek eski-sektorerako zinta garraiatzaile estaliak diseinatu eta fabrikatzen ditu Legution
Arabako enpresak azpiegitura mugikor horietatik zazpi kilometro baino gehiago instalatu ditu orain arte Europan, Asian eta Estatu Batuetan

Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Elhuyarreko adimen artifizialeko zentroak Llama-eus-8B garatu du, eredu fundazionala (adimen artifizial sortzailearen oinarri gisa erabiltzen den eredu-mota), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten sistemak garatzeko.

JAZ-Zubiaurrek mendeurrena bete du eskuila metalikoak fabrikatzen eta komertzializatzen, eta 65 herrialde baino gehiagotara esportatzen du
Gipuzkoako ETEa estatuko merkatuko liderra da eta lurzoruak tratatzeko 3.000 erreferentziazko produktutik gorako gama handia eskaintzen du