Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 15 otsaila, 2023 Basque Trade & Investment Nazioartekotzea

Mugikortasun berriak bultzada bat eman dio Teknia enpresari, zeinak aurreikusi baitu 350 milioi euro baino gehiago fakturatuko dituela 2022an

Enpresa bizkaitarrak automobilgintzarako konponbide globalak eskaintzen ditu 12 herrialdetan banatuta dauzkan 22 lantegietan

Teknia enpresa familiar bat da, Elorrion (Bizkaia) errotua, baina nazioarteko ikuspegia duena. Konpainia honek 1992an ekin zion bere jardunari, garai bateko 300 milioi pezetako hasierako kapitalarekin eta, batez ere, langile talde txiki baten kezkak, jakin-minak eta konpromisoak bultzatuta. Langile haiek denboran zehar izan duten konstantziari zor dio enpresak bere egungo profila: enpresa multinazionala da, automobilgintzaren industriarako konponbideen hornitzailea, eta 3.200 profesional enplegatzen ditu 12 herrialdetan banatuta dituen 22 produkzio-lantegietan. Funtsean, familia-negozio bat da, duela hiru hamarkada sortu zena eta etorkizunari baikortasunez begiratzen diona. Tekniako Ingeniaritza eta Arlo Teknikoko zuzendari Michel Peñak esan du 2025ean 400 milioi euro fakturatzea espero dutela.

Teknia automobilgintza sektorerako konponbide hornitzailea da. Horrela esanda anbiguo samarra dirudi… Zein da zuen jarduera zehazki?
Tradizionalki, esan genezake automobilgintza sektorerako metalezko eta plastikozko osagaien fabrikazioan espezializatutako multinazional bat garela, eta  askotariko teknologiak baliatzen ditugu, hala nola estanpazioa, hodi konformatuak, plastiko injektatua, barrako mekanizatua eta aluminioaren presio handiko injekzioa. Gure bezeroak OEM eta Tiers 1 handiak dira. Hogeita hamar urte hauetan, pare bat milioi fakturatzen zituen Zaldibarko tailer txiki bat izatetik teknologia ugari baliatzen dituen talde multinazional global bat izatera igaro gara, eta oso harro gaude.

Denbora horretan asko aldatu dira bezeroen eskaerak?

Mugikortasun berri honen harira, gure bezeroek konponbide osoak eskatzen dizkigute, hau da, elkarrekin uztartzen dituztenak plastikoa, metala edo aluminioa bezalako materialak eta askotariko teknologiak (hala nola, estanpazioa, hodi konformatuak, plastiko injektatua, barrako mekanizatua eta aluminioaren presio handiko injekzioa) eta, horrezaz gain, berrikuntza-maila jakin bat eskatzen dute prozesuetan, merkatuan oso berriak diren produktuak direlako.

Nola iraunarazten dira hainbesteko zehaztasuna eskatzen duten proiektuak?

Konponbide oso horiek eskaini ahal izateko oso ongi datorkigu 12 herrialdetan dauzkagun eta 3.300 langile baino gehiago enplegatzen dituzten 22 lantegiak, eta ez soilik teknologiagatik, baita ere kokapenagatik.

Nola eragiten dio horrek Euskadiri?

Euskadin 230 pertsona enplegatzen dituzten bi lantegi ditugu, 32 milioi inguruko fakturazioarekin.

Zeintzuk dira enpresak 1992an sortu zenetik gaur arte egin duen jauzi handia azaltzen duten baloreak?

Nire ustez, honaino iristeko behar dena da ahalegina, lana eta dedikazioa. Eta jakina, gurea bezalako ETEen kasuan, arriskua eta ausardia. Inbertsioekin arrisku handiak hartu behar dira, askotan bezeroen aldetik gutxieneko lan-bolumena izateko bermerik gabe, eta hori oso zaila da.

Inoiz aipatu izan duzue: “onak gara gauza askotan, baina ez gara onenak guztietan”… Horrek esan nahi du zuen apustua gehiago zentratzen dela dibertsifikazioan eta ez hainbeste espezializazioan?

Ez dira termino bateraezinak, ezta gutxiagorik ere. Teknologia eta produktuetan dibertsifikatu dugu, eta baita ere kokapenean. Horrek aukera ematen die gure bezeroei konponbide osoak aurkitzeko Teknian eta euren hornikuntza-premiak hornitzaile bakar batean zentralizatzeko. Bestalde, oso espezializatuta gaude oso teknikoak eta konplexuak diren hainbat osagaitan. Hala, posible dugu bezeroari behar dituen diseinu eta garapen gaitasunak eskaintzea, prozesu eta kalitate onena bermatuz prezio lehiakorrean.

Beraz…?

Badugu esperientzia, hainbat teknologia menperatzen ditugu, eta oso espezializatuta gaude zenbait osagai konplexutan. Horrek esan nahi du gai garela merkatuaren premiei aurrea hartzeko eta gai garela gure bezeroei konponbide aproposenak eskaintzeko, seriean (batik bat, bolumen ertain eta altuetan) fabrikatzeko prozesu globalak diseinatuz.

Zerk bereizten zaituzte besteengandik?

Gure planteamendua da bezero bakoitzari tratu desberdin eta pertsonalizatua eskaintzea. Beti egin izan dugu horrela, 1992an  sortu ginenetik. Horregatik, beti eskaintzen diegu epe luzera bazkide gisa kolaboratzea, eurek planteatzen dizkiguten premiei erantzutea eta elkarrekin berritzea.

Eta fase, nolabait esateko, humanistiko horretaz gain…?

Egokitu egiten gara, eta esperientzia zabala daukagu fabrikazioaren balio-kate osoan. Lantegiak dauzkagu munduan barrena, sektorerako funtsezkoak diren kokalekuetan eta, gainera, gure produktu-zorroak bere baitan biltzen du ibilgailuentzako osagai-kategoria sorta zabal bat.

Askotan automobilgintzako fabrikatzaile handien eskuin esku bezala funtzionatzen duzue, eta horrek sektorearen ikuspegi pribilegiatua ematen dizue. Zure ustez, zein da automobilgintza sektorearen egoera une honetan?

Esan genezake une zirraragarria dela, aukera eta arrisku handiz betea. Industria mugikortasun jasangarriago baterantz eboluzionatzen ari da, eta horrek aldatu egin du sektorea, modu ia dramatikoan. % 100ean elektrikoa den auto bat fabrikatzeko % 30-40 lan-esku gutxiago behar da, eta trantsizio berde horrentzat markatu diren epeak direla medio (2035ean ezingo da saldu konbustiozko autorik edo auto hibridorik Europan), automobilaren balio-katean azkartzen ari dira estrategia-aldaketak, merkatuaren premia berrietara egokitu ahal izateko.

Zure ustez Europak badu gaitasuna mugikortasun berriranzko trantsizioan lider gisa posizionatzeko?

Halaxe uste dugu, eta horretarako ari gara lanean. Baina ea denon artean egokitzen ditugun epe horiek produkzio-sarearen errealitate ekonomiko-sozialera. Industriak asko du esateko arlo horretan, lortu nahi diren helburuetara iristeko oinarrizkoak garelako, baina ez zaigu entzun.

 Zein da Tekniaren epe laburreko helburua?

Zorionez, eta azken urteotako zailtasunak gorabehera, gure finantza-posizioa sendoa da,  ongi garatu dugulako negozioa, zuhur jokatuz kudeaketa arloan eta enpresa kontrolatuz ziurgabetasunaren erdian. Horri esker, oraindik badugu hazteko gaitasuna, eta hori zutabe bat da guretzat enpresa sortu zenetik. Horrez gain, gure ahaleginaren zati bat bideratu nahi dugu fabrikazio aurreratuaren arlora. Hau da, digitalizazioa eta datuen kudeaketa jorratu nahi ditugu manufakturan dugun bikaintasuna hobetzeko eta gure bezeroen erreferentziazko hornitzaile-bazkide eta aliatu gisa dugun posizioari eusteko. Hala, taldeak ahalegin handia egin du, bai manufaktura aurreratuari dagokionez eta bai estrategia korporatiboari dagokionez. Azken kasu horretan, sail espezializatu bat sortu dugu, zeinaren helburua izango baita aukerak aztertu eta aprobetxatzea, eta erronkak aztertu eta gainditzea.

Mugikortasun berriarena izan liteke horietako bat. Zein espiriturekin heldu diozue erronka horri?

Baikortasunez heldu diogu mugikortasun berriaren erronkari, eboluzio horrek aukera izugarriak eskaintzen baititu gurea bezalako enpresa batentzat, enpresa bat gai dena askotariko teknologiak lantzeko eta  behar den esperientzia daukana bezeroek eszenatoki berri honetan eskatzen dituzten premiak asetzeko. Zentzu horretan, mugikortasun berriaren ibilbide-orrian hainbat ildo lantzen ditugu, esaterako, osagaiak garatzea gure gaitasun globalei esker, horretarako baliatzen ditugularik presio handiko aluminio injekzioa edo konplexutasun handiko mekanizatuak bezalako teknologiak. Eta ez soilik ibilgailu tradizionalarentzat, baizik eta mota guztietako mugikortasun konponbideentzat, barne daudelarik motorrak eta besteak beste bizikletak.

Bat zatoz Euskadi industrial honetan dimentsio eza arazo bat dela diotenekin…?

Baieztapen horrek bazuen zentzua iraganean. Tamaina funtsezkoa da lehiakor izateko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, batez ere automobilgintza sektorean. Horregatik uste dut enpresa askok -besteak beste gureak- aspaldi ulertu genuela hori, eta tamaina handitu eta sendotzeko estrategiak aplikatu ditugula, aukera eman digutenak merkatuan dugun posizioari baikortasunez begiratzeko. Jakina, aipatu behar da Euskadik baduela oinarri industrial sendo bat, eta baditugula lehiakortasun-abantailak gure hornikuntza-katean, hornitzaile hurbil eta adituekin eta merkatuan asko baloratzen den jakintza industrialarekin. Gainera, maila instituzionalean, Eusko Jaurlaritzak badu ongi landutako politika industrial bat, enpresei eta berrikuntzari laguntzen diena Estatuan baino are indar eta irmotasun handiagoarekin.

 

 

Lotutako albisteak

23 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Iñigo Alonso: “Urtero, mundu osoan produzitzen ditugun elikagai guztien heren bat alferrik galtzen da”.
Irakurri gehiago
17 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Worldpats: “Gure helburua da atzerrira lan egitera doan langilea ahalik eta azkarren produktiboa izatea, beste kontu batzuez arduratu gabe”
Irakurri gehiago
21 iraila, 2023 Basque Trade & Investment
Lontana Group: 75 urte industriaren garapen jasangarria bultzatzen
Irakurri gehiago
5 ekaina, 2023 Basque Trade & Investment
Ventipet: “Biriketako aireztapena ebaluatzeko erreferentziazko estandar berria izatea da helburua”
Irakurri gehiago
23 maiatza, 2023 Basque Trade & Investment
La Nave enpresaren farolak Asia eta Afrikako merkatuetaraino iritsi dira
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak