Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta Cofides-ek hobetu egin nahi dituzte euskal enpresei atzerrira irteten laguntzeko diru-laguntzak
Bi erakundeetako arduradunak Bilbon elkartu dira finantza-instrumentuei buruz hitz egiteko
SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade&Investment) eta Estatu mailako Cofides sozietateak bilera bat egin dute, aztertzeko nola hobetu euskal enpresei atzerrira irteten laguntzeko diru-laguntzak. Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko 2017/2020 Planak helburu estrategiko bezala aipatzen du Agentziak finantza-tresnak bultzatu behar dituela, eta Cofides sozietatearekin eginiko bilera lan-ildo horren barruan kokatzen da. Iragan urrian eginiko jardunaldiaren jarraipena izan da.
Bilbon asteartean eginiko bileran parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Javier Zarraonandiak eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek, Cofides sozietateko presidente José Luis Curbelok eta Cofides-eko zuzendari nagusi Rodrigo Madrazok.
Bileran hainbat lankidetza-esparru identifikatu ziren bi erakundeek eskaintzen dituzten finantza-instrumentuen erabilpena eta bateragarritasuna hobetzeko, tresna horien bidez erraztasunak eman nahi zaizkielako euskal enpresei beren nazioartekotze prozesuan egin behar dituzten operazio korronteak eta inbertsioak egiteko.
Cofides, Garapenaren Finantzaketarako Espainiako Konpainia, Estatu mailako merkataritza sozietate bat da, 1988an sortua, eta helburutzat duena epe ertain eta luzeko finantzaketa ematea atzerriko inbertsio-proiektu pribatuei, baldin eta interesa badute Espainiarentzat eta bideragarriak badira.
Euskadiko Nazioartekotze Agentzia aurten sortu da Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dauzkan gaitasunak eta aktiboak integratu eta sendotzeko, eta bere ekintzaren eraginkortasuna, kalitatea eta irismena hobetzeko. Nazioartekotze arloko programa eta zerbitzuen arteko bereizketa funtzionala desagerraraziko da horrela, enpresen premia zehatzei hobeto egokituz.
Agentziaren kanpo-sarea presente dago 70etik gora herrialdetan, 15 bulego propiorekin eta mundu osoan dauden 60 aholkularirekin.
Lotutako albisteak

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.