Nazioartekotzeko Euskal Agentziak jardunaldi bat antolatu du Japoniak euskal enpresentzat dituen negozio-aukerei buruz
Basque Trade &Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak jardunaldi bat antolatu du astelehen honetan, bertatik bertara aurkezteko euskal enpresek Japonian dituzten negozio-aukerak. Ekitaldian izan dira Japoniako enbaxadore Kenji Hiramatsu eta JETRO-Japoniako Kanpo-merkataritza Agentziako hainbat ordezkari.
Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek eman dio hasiera jardunaldiari, eta Japoniaren egoera ekonomikoa eta Japoniako enpresek Euskadin dituzten inbertsio-aukerak aurkeztu ditu. Ondoren, JETROk Madrilen duen bulegoko zuzendari nagusi Tatsuya Kato-k hainbat datu eman ditu euskal enpresentzako negozio-aukerei buruz.
Japoniako merkatuan hedatu nahi duten euskal enpresen parte-hartzearekin amaitu da ekitaldia. Enpresek aukera izan dute euren produktu eta zerbitzuak aurkezteko Japoniako ordezkarien aurrean, horietako asko enpresa mundukoak, esaterako Mitsubishi konpainiakoak. Jarduera hau Basque Trade & Investment-ek Tokion duen bulego berria (zeina operatibo baitago dagoeneko) ofizialki ireki aurreko ekintzen barruan kokatzen da.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak 2018an Japoniara eginiko bisitaz geroztik, Euskadik harremanak estutu ditu Japoniarekin eta enpresa arteko hainbat lankidetza sustatu dira. Bisita hari esker, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-akordio bat sinatu zuen Mie-ko Prefekturarekin, zeinaren helburua baita I+G+B-rako aliantzak bilatzea automobilgintza, aeronautika, 4.0 Industria, bioteknologia eta nekazaritza eta elikadura sektoreetan. Era berean, Nazioartekotzeko Euskal Agentzia elkarlanean aritu da Great Nagoya Initiative ekimenarekin (JETRO- Japoniako Kanpo-merkataritzaren Sustapenerako Agentziak eta Ekonomia, Merkataritza eta Industria Ministerioak babestua), zeinak bere baitan biltzen baititu Nagoya inguruko hiru eskualdeak: Aichi, Mie eta Gifu. Eremu horretan biltzen dira, hain zuzen, Japoniako automobilgintza, aeronautika, elektronika eta makina-erreminta sektoreetako enpresa garrantzitsuenak.
Harreman horien bitartez, Japoniako eta Euskadiko ordezkaritzek enpresa arloko hainbat bisita egin dituzte Japoniara eta Euskadira, enpresen arteko lankidetza-aukerak aztertu dira eta etorkizuneko ekintzak planifikatu dira negozio-aukerak bultzatzeko bi aldeetako enpresentzat.
Iaz, Euskadik 156 milioi eurotik gorako esportazioak egin zituen Japoniara, eta inportazioak ia 189 milioi eurokoak izan ziren. Guztira 17 euskal enpresa daude kokatuta Japonian, horietatik hamabik jarduera komertziala garatzen dute eta zazpi ezarpen produktiboak dira. Aipagarriena da automobilgintza sektorea, eta atzetik jarraitzen dio fabrikazio aurreratuko teknologien sektoreak.
Hauexek dira Japoniako aukera-sektore garrantzitsuenak: automobilgintza, kontsumoko elektronika, energia berriztagarriak eta makina-erreminta.
Lotutako albisteak

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.

Kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza behar duzu? Eman izena lehenbailehen nazioartekotzeko BEINT beketan
Programak 3,6 milioi euroko aurrekontua du eta bi urtez prestakuntza ematen die 30 urtetik beherako gazteei, kanpo merkataritzan espezializatu daitezen euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzuteko. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da martxoaren 7tik apirilaren 10era.

Singapurrek eta Euskadik negozio-aukera berriak esploratuko dituzte energia berriztagarrietan eta biozientzietan
Asiako herrialde horretako enpresen garapena bultzatzeaz arduratzen den gobernu-agentziaren ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du aste honetan, sektore estrategikoetan balizko lankidetza-arloak jorratzeko asmoz

Egaña Group, zazpi hamarkadako historia eta nazioarteko asmoak dituen Gipuzkoako familia enpresa
Aurten hiru enpresak lantegi berean batzeaz gain, atzerrian duten presentzia zabaltzea du helburu konpainiak.