Nazioartekotzeko laguntzen mapa zabala
Euskadiko Nazioartekotze Agentziak antolatutako jardunaldi batean, Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu zentralak enpresei atzerrira ateratzen laguntzeko dauzkaten finantzaketa-lerroak ezagutarazi ziren
Eusko Jaurlaritzak hiru mailatan antolatu ditu laguntzak: enpresa-mota, zenbatekoa eta kontzeptuak (maileguak, kapitaleko partaidetzak edo bermeak).
Euskal enpresek aukera bikaina dute Klimaren Funts Berdean, 10.000 milioi euro baititu 2020ra arte
Nazioartekotzea beti da erronka bat, baina baita betebehar bat ere handitu nahi duten enpresentzat. SPRI Taldera atxikita dagoen Euskadiko Nazioartekotze Agentziak (Basque Trade and Investment) antolatutako jardunaldi batean, enpresen nazioartekotzea finantzatzeko zer laguntza dauden ezagutarazi zen.
Ostegunean izan zen jardunaldia, SPRIren Bilboko egoitzan, eta Euskadiko Nazioartekotze Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek eman zion hasiera. Haren hitzetan, finantzaketa-tresna horiek Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Plan Estrategikoaren ardatzetako bat dira.
Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Finantza Politikako zuzendari Javier Arnaezek enpresentzako finantzaketa-bideak egituratzeko azken urtean egin den lanaren berri eman zuen. Azaldu zuen egun dauden tresnak —Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketako Elkartea, Finantzen Euskal Institutua, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia, Luzaro, Ekarpen eta arrisku-kapitaleko funts publiko eta pribatu berriak— hiru mailatan antolatu direla: enpresa-mota, zenbatekoa eta kontzeptuak (maileguak, kapitaleko partaidetzak edo bermeak).
Esan zuen orobat Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa enpresetako partaidetzez arduratzen dela, eta bost milioi eurora arteko funtsak dituela horretarako; aldiz, Finantzen Euskal Institutuak nazioartekotze-lerro espezifiko bat du, gehienez milioi bat eurokoa, Elkargi elkarrekiko berme-baltzuak ziurtatutakoa.
Bestalde, erantsi zuen Euskadiko Nazioartekotze Agentziak inbertsioak bultzatzen dituela itzul daitezkeen aurrerakinen bidez, eta zenbateko bereko inbertsio gehigarria egin beharra dakarrela horrek. «Inbertsioaren % 30 finantzatzen da, eta milioi bat euroko zenbatekoa gehienez ere».
Luzaro partaidetza-maileguetan espezializatuta dago, eta inbertsioen % 60 edo 1,6 milioi finantza ditzake gehienez. «Lau banku-erakundek hartzen dute parte, eta haien eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatzen da arriskua».
Javier Arnaezek Ekarpen ere aipatu zuen; hauek osatzen dute dira elkartea: Eusko Jaurlaritza eta aldundiak (% 35), Kutxabank (% 58) eta Mondragon Taldea. Akzio-partaidetzez arduratzen da, baina gaur egungo zorroarekin soilik jarraituko du, desagertzen den arte. Bi funts berri arduratuko dira lan horretaz, guztira 125 milioi eurokoak. Baina, hark azaldutakoaren arabera, bada berrikuntza bat: kudeaketa-erakunde batek erabakiko ditu inbertsioak, eta ez Jaurlaritzak, aldundiek eta Kutxabankek, Ekarpenekin gertatzen zen bezala.
Finantza Politikako zuzendariak Socaderen zeregin berria aipatu zuen; hau da, «enpresa handietako partaidetza, haiei Euskadin finkatzen laguntzeko» Socadeko partaideak Eusko Jaurlaritza (% 40) eta aldundiak (% 60) dira.
Leihatila bakarra
Gobernu zentralaren menpeko ICEX erakundeko Informazio eta Aholkularitza Pertsonalizatuko zuzendari María Rodríguez de la Rúak zer laguntza bideratzen dituzten azaldu zuen. Nabarmendu zuen erakunde hori ez dela finantzatzailea, baizik eta esportatzen eta inbertitzen laguntzen duela. «Leihatila bakarra izan nahi dugu enpresa esportatzaileei laguntzeko: gure zeregin nagusia enpresei informazioa ematea da, nora jo jakin dezaten; ez gara finantzaketa-tresna bat».
Rodríguez de la Rúak zenbait tresna aipatu zituen. Adibidez, CESCE, atzerriko arriskuen estaldura eskaintzen duena; eta FIEM funtsa, zeinak «oso ezaguna ez izan arren, finantzaketa zuzena eskaintzen baitie Espainiako zerbitzua edo produktua erosten duen enpresari. Garapen-maila ertaina edo txikia duten herrialdeetako finantzaketarako da batez ere».
Aldaketa klimatikoaren eta energiaren arloetan diharduen Factor Co2 enpresako zuzendari nagusi Kepa Solaunek 2010ean sortutako Klimaren Funts Berdearen aukerak nabarmendu zituen. Asmoa da tresna horrek 100 bilioi euro bideratzea, hau da, garapenerako laguntza ofizial osoa. Zehaztu zuenez, funts hori garapen-bidean dauden herrialdeetako proiektuetarako soilik erabil daiteke, eta lehentasunezkoa da munduko herrialde txiroenetarako. Azken horiek finantzaketaren % 50 hartzen dute.
Solaunek jakinarazi zuen 2020ra arte 10.000 milioi euro daudela konprometituta. «Une interesgarria da funts horiek eskuratzeko, malguak eta erraz lortzekoak direlako, diru asko bizkor gastatu behar baitute». Orain arte, 3.000 milioi baino gehiago eman dira 73 proiektutarako.
Lotutako albisteak

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik
Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.