Nazioartekotzea
Argitalpenak 19 Azaroa, 2018

Negozio-aukerak Txinako ingurumen-sektorean

Euskadiko Nazioartekotze Agentziak antolatutako jardunaldi batean azaldu dute Asiako herrialde horretan kutsadura gutxitzeko fakturazioa 500 bilioi eurokoa izango dela 2020an.

Euskadiko Nazioartekotze Agentziak antolatutako jardunaldi batean azaldu dute Asiako herrialde horretan kutsadura gutxitzeko fakturazioa 500 bilioi eurokoa izango dela 2020an.

“Txinako garapen ekonomikoaren gune estrategiko bilakatu da ingurumen-tratamendua”, esan du Mikel Yangek, Agentziak herrialde hartan duen ordezkariak.

 

Negozioak egiteko merkatu erakargarria izaten jarraitzen du Txinak. Irekitze-neurri berrien ondorioz, aukera berriak sortu dira kutsadura gutxitzeko ingurumen-tratamenduan eta antzeko merkatuetan, bereziki. Hala azaldu dute astelehen honetan, Bilbon, SPRI Taldearen barruko Euskadiko Nazioartekotze Agentziak (Basque Trade & Investment) antolatutako jardunaldian. Jardunaldi horretan, Txinako gobernuaren irekitze-politika berriak azaldu dira, eta, bereziki, ingurumen-sektorearen eta merkataritza elektronikoaren erregulazio berriari buruz hitz egin da.

 

Iñaki Ezkurrak, Euskal Agentziaren enpresa-nazioartekotzearen zuzendariak, ireki du jardunaldia, eta azpimarratu du Txina dela Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-estrategiaren herrialde nagusietako bat.

 

Mikel Yangek, Basque Trade & Investmenten Txinako ordezkariak, irekitze-politika berrian Txinako gobernuak hartu dituen neurriak azaldu ditu. Hauek dira, besteak beste, neurri horiek: botiken, automobilgintza-produktuen eta produktu industrialen muga-zergak txikitzea, esportazioetan BEZ gehiago itzultzea, enpresari atzerritarrek eskuragarri ez dituzten produktuen kopurua txikitzea eta manufaktura- eta garraio-industrietan BEZa txikitzea.

 

 

Ingurumen-sektorean dauden negozio-aukerak nabarmendu ditu Yangek. “Enpresen ingurumen-tratamendurako 13 bilioi euro behar dituztela zenbatetsi da; horietatik 9,2 bilioi burdingintzari dagozkio”. Hondakin-ur industrialen tratamenduari dagokionez, Agentziako ordezkariak azaldu du merkatuaren bolumena 12 bilioi eurokoa izan zela 2016an, eta, 2018-2020 urteetan, 46 bilioi eurokoa izatea zenbatetsi dela. “Uren tratamenduan, urteko % 5eko igoera egotea espero da”.

 

Mikel Yangek adierazi du 2020an Txinako ingurumen-sektorearen fakturazioa 500 bilioi eurokoa izango dela. “Momentu ona da ingurumena babesteko merkatua sustatzeko.  Txinako garapen ekonomikoaren gune estrategiko bihurtu da ingurumen-tratamendua”. Horrez gain, esan du ingurumenaren sektorea merkatu berria dela Txinan, “eta euskal enpresek ez dute gutxietsi behar merkatu hori”.

 

Manuel Torresek, Garrigues Uhina ko bazkideak, gogorarazi du herrialde horrek 700 milioi pertsona atera dituela pobreziatik azken hamarkadetan, “munduko beste herrialde batek ere egin ez duena”, eta nabarmendu du irekitze ekonomikoa hasi zenetik (1949) “zehatz mehatz betetzen direla” egiten dituen bost urteko planak (Txinako ekonomia osoa diseinatzen dutenak).

 

 

Berritasunen artean aipatu du uko egin diotela Txinan finkatzen diren enpresak epe motzera kontrolatzeari, “epe ertainera egitea onuragarriagoa zaielako, orduan bereganatua izango baitute bila ari diren ezagutza eta ez baitituzte beharko atzerriko inbertitzaileak”.

 

Torresek azaldu duenez, martxoaz geroztik, atzerriko langileak ez daude behartuta beren herrialdeko gizarte segurantzan kotizatzeaz gain Txinakoan ere kotizatzera, eta, beraz, kostua txikitu egin da enpresaburuentzat.

Bestalde, Espainiak Txinan egiten duen inbertsioari buruzko datuak eman ditu, eta esan du “oso gorabeheratsua” dela. Adibidez, 2015ean 251 milioi euro inbertitu baziren ere, 2017an 98 milioi bakarrik inbertitu ziren. “Enpresaburuek krisi-egoeran bakarrik hartzen dute kontuan nazioartekotzea; tokiko merkatuak berreskuratzean, aldiz, Txinan inbertitzeari uzten diote”.

 

Nabarmendu duenez, hazkuntza-patroia aldatu egin da, eta zerbitzu-sektoreak gainditu egin du industria-sektorea. Gainera, orain kalitatea lehenesten da kantitatea beharrean, eta azken hori izan da haien ekoizpenaren ezaugarri nagusia. Are gehiago, oraingo joera “ez da Txinan inbertitzea, baizik eta beste herrialde batzuetako txinatarretan inbertitzea”.

 

Garrigueseko zuzendariak esan duenez, merkataritza elektronikoak gero eta pisu handiagoa du: “txikira egindako salmenta guztien % 23 da, eta 2019an % 33ra iristea espero da”. Horrez gain, nabarmendu du Txina buru-belarri sartu dela gauzen Interneten. “Teknologia berrien munduko liderra izan nahi du. Adibidez, kotxe baten bolantean eskuak jartzean bihotz-taupadak neurtzen dizkizun eta alkohola edo drogak kontsumitu dituzun igartzen duen teknologia ezartzen ari dira”.

 

Kristina Apiñanizek, Aclima clusterraren zuzendari nagusiak, ere parte hartu du jardunaldian, eta euskal enpresek ingurumen-alorrean zer zerbitzu eskaintzen dituzten azaldu du. “Euskadiko enpresek ingurumen-ahalmen interesgarriak dituzte Txinari ingurumen-erronkei aurre egiten laguntzeko”.

 

 

Lotutako albisteak

Lehengaien  Nazioarteko  Behatokia  2025ean  petrolioaren  prezioa  progresiboki  murriztuko  dela  aurreratu  du  Lehengaien  Behatokiak
06/03/2025 Nazioartekotzea

Lehengaien Nazioarteko Behatokia 2025ean petrolioaren prezioa progresiboki murriztuko dela aurreratu du Lehengaien Behatokiak

Basque Trade & Investmentek Estatu Batuen muga-zergek eta Txinako ekonomiaren dezelerazioak merkatu global honetan izango duten eragina aztertu du azken Behatokian.

Indiako  automozioa:  Indiak  hub  estrategikotzat  duen  posizioa  indartu  du  automobilgintzako  industria  globalean
27/02/2025 Nazioartekotzea

Indiako automozioa: Indiak hub estrategikotzat duen posizioa indartu du automobilgintzako industria globalean

Basque Trade & Investmenten azken txostenak Asiako herrialde horretan jarduteko interesa duten euskal enpresek aurki ditzaketen aukerak eta erronkak aztertu ditu.

Argentinako  Vaca  Muerta  hobian,  35.500  milioi  dolarreko  inbertsioak  aurreikusi  dira  datozen  urteetarako  gas  naturalaren  arloan
26/02/2025 Nazioartekotzea

Argentinako Vaca Muerta hobian, 35.500 milioi dolarreko inbertsioak aurreikusi dira datozen urteetarako gas naturalaren arloan

Basque Trade & Investmentek merkatu horrek eskaintzen dituen aukerak aztertu ditu bere azken ohar teknikoan, izan ere, mundu osoko mailan shale oil eta shale gas delakoen erreserbarik handienetakoa da.

T&D  Behatokia  S2  2024:  Europa,  Estatu  Batuak  eta  Indiaren  dinamismoak  aukera  berriak  ireki  ditu  Transmisio  eta  Banaketaren  sektorean

T&D Behatokia S2 2024: Europa, Estatu Batuak eta Indiaren dinamismoak aukera berriak ireki ditu Transmisio eta Banaketaren sektorean

Transmisio eta Banaketan (T&D) espezializatutako euskal enpresek eskuragarri dute dagoeneko sektore honen joerak eta aukerak aztertzen dituen Behatokiaren laugarren edizioa. Txostena Basque Trade & Investment (BasqueTrade) SPRI Taldeari atxikitako euskal enpresen nazioartekotze-agentziak argitaratu du, eta sektorea sei hilean behin monitorizatzen duen azterketa sakona eskaintzen du aukera globalak identifikatzeko, lehiakortasuna indartzeko...

BT&I-ren  Nazioarteko  Behatokia:  Hazkunde  ekonomiko  apalak  eta  tentsio  globalek  2025eko  lehen  seihilekoa  baldintzatuko  dute

BT&I-ren Nazioarteko Behatokia: Hazkunde ekonomiko apalak eta tentsio globalek 2025eko lehen seihilekoa baldintzatuko dute

BasqueTrade-ren Nazioarteko Behatokiaren edizio berriak 2024ko laugarren hiruhilekoko egoera politiko-ekonomiko globala aztertzen du eta, aldi berean, hazkundearen eta joeren aurreikuspenak eskaintzen ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.