Windtechnicek Hegoafrikako hiru parke eoliko berrietako hormigoizko dorreak egingo ditu
Windtechnic Engineering, aire-sorgailuentzako hormigoizko dorre aurrefabrikatuen diseinuan eta eraikuntzan aditua den enpresa, uda honetan hasiko da lanean Hegoafrikan hiru parke eoliko berri fabrikatzen. Orain, astero 2,5 dorre ekoizteko gai den planta berri bat ezartzeko prozesuan dago. Horrek 400 lanpostu berri sortuko ditu, gehienak tokiko komunitateenak.
Windtechnic Engineering Norten Eolica izenarekin sortu zen, Espainiako hormigoizko aurrefabrikatuetan sektoreko puntako enpresa batean, Norten PH. 50 urtetik gorako tradizioarekin, eta eraikuntza-egituren eta sektore zibilaren tipologia ugari —eustormak, ur-deposituak, harmailak eta apartamentu modularrak, besteak beste— garatu eta eraiki ostean, sektore eolikoaren hazkunde handia aprobetxatzea erabaki zuen, dibertsifikatzen jarraitzeko.
Ikerketaren, lehen fasearen, ondoren, 2007an Gamesak Norten Eolica hautatu zuen hormigoi aurrefabrikatuzko dorreak eraikitzeko, garai hartako merkatuko turbina eoliko handi eta indartsuenetako bati eusteko. 2013an, estatu mailan esperientzia hartu ondoren, eta sektoreak gero eta interes handiagoa zuenez, enpresak modu independentean ekin zion ibilbideari, Windtechnic Engineering izenarekin. Bere helburua diseinu eta aholkularitza zerbitzuak eskainiz nazioarteko merkatuan ekitea zen.
Ordutik, enpresa hazten jarraitu da, eta nazioarteko lider gisa kokatzen ari da hormigoizko dorre eoliko aurrefabrikatuen sektorean. Bezeroen eta proiektuen beharretarako optimizatutako dorreen diseinua eta eraikuntza eskaintzen du. Windtechnicek 100 dorre-diseinu eta 700 dorre baino gehiago ditu, Europan, Asian, Afrikan eta Amerikan eraikitako proiektuetarako. Porfolio hori lortzea ezinezkoa izango litzateke zenbait herrialdetan tokiko bazkideekin lankidetzan aritu izan ez balitz, adibidez, gaur egun Hegoafrikan egiten ari den proiektuan.
Électricité de Francek (EDF) sustatutako hiru parke eoliko berriak tokiko hainbat enpresarekin lankidetzan eraikiko dira (Renew Installations, WBHO eta Concrete Units). Azken enpresa horrekin hasieratik aritu da Windtechnic Hegoafrikan, non 2015ean eta 2019an bi parke eraiki zituen.
Fabrika berria Middelburg (EC) herrian kokatuko da, proiektutik gertu, eta, Álvaro Landeira Windtechniceko CEOaren arabera, “lantegi produktibo hori erabiltzen jarraitzeko asmoa dago, etorkizun hurbilean inguruetan garatu daitezkeen beste parke batzuei erantzuteko”.
Hau ez da Windtechnic gaur egun garatzen ari den proiektu bakarra, paraleloan mundu osoko bezeroentzat lan egiten baitu, merkatu eolikoko lurreko turbina indartsuenentzat haizearen bilketa eta energiaren sorkuntza hobetzen duten altuera handiko dorreak diseinatzen. Gainera, hidrogeno berdea sortzeko eta deskarbonizaziorako proiektu handietarako ekoizpen-instalazioak garatzen ari da, eta bost kontinenteetan parke eoliko potentzialak eraikitzea aztertzen jarraitzen du. Hori guztia, Landeiraren arabera, “hormigoi aurrefabrikatuzko dorreen diseinuan eta eraikuntzan berritzen jarraitzeko” asmoarekin, bere “presentzia potentzial handiko beste merkatu batzuetara hedatzeko” helburua ahaztu gabe.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.
Lotutako albisteak

Euskadik Txinan finkatutako euskal enpresen babesa indartu du Kunshanera egindako bisita baten bidez
Bisita honek Eusko Jaurlaritzak Euskadiko industria-sektorearen alde hartu duen konpromisoa indartu du euskal enpresen lehiakortasuna Txinakoa bezalako merkatu garrantzitsu batean bermatzeko, lurraldearen garapen ekonomikorako funtsezkoak diren hornidura-kateen oinarriak sendotuz

Euskadik Europako energia-sektorean duen presentzia indartu du ‘Power Connect Energy Summit’ delakoaren bidez
100 erakustoki, 35 panel, 130 speaker. Poloniako energia-sektore osoa: Euskadiko sektore eolikoaren balio industrial eta teknologikoaren katea posizionatu eta Polonian duen presentzia indartzeko.

Euskadik eta Koreak lankidetza teknologikoa bultzatu dute adimen artifiziala eta digitalizazioa ardatz dituen ikuspegi berezi batez
Koreako erakunde ekonomiko eta industrialen ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du, berrikuntza eta teknologia digitalaren arloan bi lurraldeen arteko lankidetza indartzeko asmoz

Riza Taldeak bere presentzia handitu du Alemanian, produkzio-kostuak ia % 40 murrizten dituen lanarekin
KTR Systems GmbH multinazional alemaniarraren filial baterako baliabideak optimizatu ditu enpresa gipuzkoarrak. Orain arte, Europako eta Ipar Amerikako zortzi herrialdetan aritu da, eta urtero 60 milioi euroko fakturazioa du.

Europako Batzordeak altzairu eta metalen industriaren erresilientzia bermatzeko ekintza-plana aurkeztu du
2026ko ekainean amaituko diren altzairuaren gaineko babes-neurriak berrikustea da planaren ardatz nagusietako bat.