Eusko Jaurlaritzak bultzada sendoa eman nahi izan zion euskal ekonomiari 2000. urtean, gero eta aldakorragoa eta lehiakorragoa den mundura egokitu zedin, apustu estrategikoa eginez ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako sektore estrategiko berrien alde. Gogoeta horretatik sortu zen bio-zientziak garatzeko bereziki diseinatutako Espainiako lehen estrategia: BioBasque.
BioBasque 2010 ikuspegi global batekin abiatu zen eta hiru ekintza-lerroren inguruan egituratuta: ezagutza sortu, enpresak garatu eta bio-klusterra dinamizatu, helburutzat harturik beti dibertsifikazioa lortzea eta enpresa-sektore berri bat sortzea.
Estrategia horren garapen gradualak aldaketa sakon bat ekarri du bai zientzia eta teknologia arloetara, bai enpresa arlora. Eraldaketa hori martxan dago oraindik eta bere ondorioz Euskadi jadanik bio-eskualdetzat hartua da nazioartean.
Une honetan, eta sekula baino gehiago, Euskadiko bio-zientzien sektorea estrategikoa da. Horren erakusgarri, Eusko Jaurlaritzak bio-zientziak/osasuna binomioa sartu du RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren (ZTBP 2020) esparruko lehentasunezko 3 ildoen artean, zeinaren jarduera-ardatz nagusia gizakiaren osasuna baita
Une honetan badira EAEn 94tik gora erakunde bio-teknologia arloko ikerketa garatzen dutenak. Horietatik 75ek jarduera nagusi edo bakartzat daukate, eta barneko gastuen erdia baino gehiago bideratzen dute bio-teknologia arloko I+G-ra. 94 erakunde horietatik 88 bio-teknologiako enpresak dira.
Euskadiko bioteknologiako enpresen sektorean enpresa txiki-ertainak dira nagusi, langile kualifikatuetan intentsiboak, ikerketarekiko konpromiso eta inbertsio ahalegin handia egiten dutenak, eta gehienbat giza osasunari, nekazaritza eta elikadura sektoreari eta industriari aplikatutako produktu eta zerbitzuak garatzen dituztenak.
2015ean Euskal Autonomia Erkidegoan 85,7 miloi euroko barne-gastua egin zen Bio-teknologiarekin lotutako jardueretan, hau da, I+G-n egiten den gastu osoaren %6,7, Eustatek emandako datuen arabera.
Guztira 1.891 lagun enplegatu ziren esparru horretan, hau da, 1.256 lagun dedikazio osoko baliokidetzan (DOB), I+G-n lan egiten duten langile guztien %6,9 ordezkatzen dutelarik.
Langile ikerlariei dagokienez, 2014an baino %7,4 gehiago dira, dedikazio osoko 977 langile guztira.
Euskadik bio-zientziaren sektorea garatzeko egin duen apustu sendoaren barruan sortu zen 2010ean irabazi asmorik gabeko Basque Health cluster-a, sektoreko enpresen interes komunak koordinatzen, kudeatzen eta sustatzen dituen erakundea. Administrazio publikoekin eta bio-zientzien arloko beste antolakunde batzuekin batera egiten du lan, enpresen arteko lankidetza sustatuz enpresa guztien lehiakortasuna eta nazioartekotzea garatzeko, eta Euskadiko bio enpresen sektoreari garatzen eta posizionatzen laguntzeko.
Gaur egun Basque Health Cluster erakundeak baditu guztira 30 enpresa bazkide, 58 filialak barne hartuz gero. 2014an 268 milioi euro fakturatu zituzten guztira, eta horietatik %78,7 (211 milioi) beren produktuak eta zerbitzuak nazioarteko merkatuetara esportatuz lortu zituzten. Elkarteko enpresa guztien artean zuzeneko 1.632 enplegu mantentzen dituzte.
Esan dezakegu Administrazioak EAEn I+G-ko azpiegitura sendoak bultzatzeko egin duen apustua arrakastatsua gertatu dela, berari esker nabarmen handitu baitira gaitasun zientifiko-teknologikoak, eta, horrekin lotuta, talentua erakarri da eta lehen mailako ekipamendu fisikoak garatu ahal izan dira.
Ikerketa eta garapen arloko azpiegitura zabal horren erreferentzia CIC bioGUNE da, erreferentziazko zentroa biologia molekular, zelular eta estrukturalean, bakarra Estatuan eta puntakoa Europa mailan. Horrekin batera, hor dago CIC biomaGUNE zentroa, aitzindaria bio-materialen, nano-material bio-funtzionalen eta bio-azaleren arloetako ikerketan, eta Irudi Molekularreko berebiziko unitatea duena.
Era berean, Euskal Osasun Sistema Publiko indartsua eta osasun arloko ikerketaren eta berrikuntzaren sustapenarekin lotutako bere erakundeak (BIOEF da erreferentzia nagusia, Biocruces eta Biodonostia ikerketa institutuekin batera), trakzio eta garapen elementu diferentzialak dira Euskadiko bio enpresen sektorearentzat.
Bestalde, Euskadiko nekazaritza eta elikadura sektoreak baditu erakunde garrantzitsu zenbait bio-teknologian oinarritutako konponbideak garatzen eta ekoizten laguntzen dutenak. Zentzu horretan, azpimarratzekoak dira Hazi (bere helburu nagusia da lehen sektorearen eta elikadura sektorearen lehiakortasuna eta sostengarritasuna bultzatzea), Azti (itsasoko eta elikadura arloko ikerketara bideratuta), eta NEIKER-Tecnalia, Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutua (helburutzat daukana nekazaritza eta elikadura sektoreari balioa eransten dioten ezagutza eta konponbide berritzaile eta transferigarriak garatzea).
Multzo horren guztiaren arteko sinergiek, eta euskal administrazioak, foru erakundeek eta erakunde pribatuek iragan urte andana hauetan egiten ari diren apustuak argi erakusten dituzte Euskadiko bio-teknologia sektoreko gaitasun eta potentzialak.