Airbus-ek urteko “hornitzaile onena” izendatu du IDEC enpresa arabarra
Europako aire-konpainia garrantzitsuenak hornitzen dituen hornitzaileen parkeak erreferentziazko gune bat du Euskadin, non besteak beste aipagarria baita IDEC ingeniaritza arabarra, Airbus-ek joan den ekitaldiko hornitzaile onena izendatua Alemanian. Multinazionalaren Defentsa eta Espazio Sailak “hornikuntza-kate osoko berrikuntzako hornitzaile onena” izendatu du ETE arabarra, aukeraketa bat egin ondoren aeronautika sektoreak Europan dituen ia 5.000 hornitzaileen artean. IDEC 1996an sortu zen, lantegiak ditu Euskadin (Arabako Teknologi Parkean) eta Andaluzian, eta 110 profesionalez osatutako plantilla kualifikatua du, zeintzuek hegazkinen zati kritikoak diseinatzen baitituzte, Alberto Santibáñezek dioenez.
Nola lortzen da Airbus bezalako erraldoi baten urteko berrikuntzako hornitzaile onena izatea?
Albiste paregabea da eta mugarri bat IDECentzat, aitortza egiten baitio sektorean egin dugun ibilbideari, I+G+B arloko ekimen ugari garatu baititugu, batez ere azken urteotan. Esan bezala, aitortza bat egin zaio garatu dugun teknologiari eta arrakastaz gauzatu dugun produktuari.
Eta horrelako aitortzek badute eraginik emaitzen kontuan?
Ez dute eragin zuzenik, izendapen hau aitortza bat da, baina ez dakar ez sari ekonomikorik, ez eta eskaera zuzenik. Dena den, argi dago hazkunderako bidea irekitzen diola gure konpainiari. Airbus Taldearen dibisio desberdinek eta beste OEM batzuek aireratzen dituzten hegazkinek IDECen produktuak daramatzate, eta gure lantaldeak enpresan bertan garatu ditu produktu horiek. Kasu guztietan I+G+B-ko proiektu bat egin dugu aldez aurretik; horrela, gai izan gara teknologia bat garatu eta behar duen heldutasun-maila emateko, ziurtapenak lortu ondoren gure bezeroek euren hegazkinetan erabil dezaten.
Zuen enpresak aeronautika sektorean bakarrik dihardu?
Ez. Harreman historikoa dugu aeronautika sektorearekin, eta gaur egun gure jarduera-eremu garrantzitsuena da, baina beste sektore batzuetarako produktuak ere garatzen ditugu, esaterako Defentsarako eta Industriarako. Orobat garatu ditugu bizikleta baten koadroa, txirrindulari profesionalentzako ukalondoak jartzeko pieza pertsonalizatua, karbono-zuntzezko biolin bat, iaz Cremonako nazioarteko azokan aurkeztu genuena… eta merkatu berriak aztertzen ari gara, adibidez Osasungintzarena.
Espazio sektorea –New Space delakoa- ez al da sartzen zuen ingeniaritzaren planetan?
Gure negozio nagusia aeroespaziala da (aeronautika eta espazioa). Espazioaren arloari dagokionez, zertxobait inplikatu izan gara iraganean, baina egia da geure sektorearen parte dela eta bultzada berri bat eman nahi diogula.
Zeintzuk dira berrikuntzara urtero bideratzen dituzuen baliabideak?
Berrikuntza ildoei dagokienez, IDECek bere Plan Estrategikoari jarraitzen dio. Gure langileen % 20k baino gehiagok etengabe dihardute I+G+B lanetan, gure DNAren parte baita. Gaur egun konponbide konkretuak lantzen ari gara zero isuri izango dituen hegazkinak eraikitzeko, karbono aztarnan inpakturik ez duten materialez eginiko sistema berriekin eta hegazkinei egitura optimizatuak emango dizkien kontzeptu apurtzaileekin. Badakigu ildo horiek lantzea dela aukera bakarra etorkizunean sektore aeroespazialean sortuko diren negozio eta aukerak aprobetxatzeko.
Hasieran esan dugu hegazkinen hainbat zati kritiko egiten dituzuela… Zeintzuk dira zati horiek?
Hegazkinen oinarrizko piezetan espezializatuta gaude, hala nola hegalaren aurrealdeko ertzean eta puntetan.
Azken urteotan sektoreak, batik bat aeronautika zibilak, egoera oso delikatua bizi izan du. Une honetan, zein da sektorearen argazkia?
Badirudi abiazio komertzialeko hegaldi kopurua lehengora itzuli dela, baina denbora gehiago behar da joera hori hegazkinen erosketan nabaritu dadin. Negozio-bolumenaren % 35 galdu genuen pandemia lehertu zenean eta hura kontrolatzeko neurriak hartu zirenean, baina pixkanaka ari gara lehengo egoerara itzultzen. Gaur egungo bolumena ordukoa baino % 10 txikiagoa da, hortaz, ez dugu espero iraganeko % 100era itzultzea 2024ra arte. Funtsean, gure sektoreko enpresa gehienak bezala ari gara eboluzionatzen.
Lotutako albisteak

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Elhuyarreko adimen artifizialeko zentroak Llama-eus-8B garatu du, eredu fundazionala (adimen artifizial sortzailearen oinarri gisa erabiltzen den eredu-mota), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten sistemak garatzeko.

HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa
Olaberriko enpresak 700 langile ditu eta 200 milioiko fakturazioa, eta industrian eta energia berriztagarrietan espezializatuta dago

Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera
Hijos de Juan de Garay enpresaren 160 urteko historiak dibertsifikazio berezia izan du eta, gaur egun, zehaztasun handiko hodien fabrikaziorako munduko erreferente bihurtu da

Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Enpresa arabarra hirugarren fabrikazio-lerro bat instalatzen ari da, etorkizuneko produktu-eskaerei aurre egiteko, eta ekonomia zirkularreko proiektu europar batean parte hartzen ari da.