Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 23 abendua, 2022 Finantziazioa I+G

Aitor Urzelai: “Lanean ari gara I+G+B garatzen duten enpresek zerga-kenkariak izan ditzaten”

"Gure lana eta zeregina da gure enpresen ondoan egotea etengabe, elkarrizketa ireki eta gurutzatuak izateko eurekin, entzuteko eta ulertzeko zeintzuk diren euren premia, kezka eta kexak, uneoro ondoan egoteko eta gure eskaintza hobeto egokitzeko euren eskaerara"
Aitor Urzelai.

2022. urteak proban jarri du euskal enpresa berriro ere. Faktore geopolitiko eta enpresarial ugarik markatutako ziurgabetasun-testuinguru batean murgilduta gauden honetan, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik azken hilabeteotan gertatutakoaren balantzea egin zuen  eta hainbat giltzarri eman zituen, beharrezkoak izango direnak enpresen erronkak gainditzeko.

Zein nobedade azpimarratuko zenituzke 2023ra begira?

Gure lana eta zeregina da gure enpresen ondoan egotea etengabe, elkarrizketa ireki eta gurutzatuak izateko eurekin, entzuteko eta ulertzeko zeintzuk diren euren premia, kezka eta kexak, uneoro ondoan egoteko eta gure eskaintza hobeto egokitzeko euren eskaerara. Zentzu horretan, nobedadez betetako pakete interesgarri bat diseinatu dugu, zeinaren bidez aztertzen ari baikara nola indartu eta bultzatu dezakegun enpresetako I+G+B-ko jarduera modu desberdin eta osagarri batean.

Zein zentzutan?

Modu tradizionala beti izan da enpresa batek Berrikuntzarekin lotutako proiektu bat aurkeztea. SPRIk aztertu, baloratu eta ebaluatu egiten zuen, eta ondoren, horretarako dirulaguntza bat ematen zen edo ez.  Baina badaude mekanismo gehiago horrelako jarduerak bultzatzeko, adibidez, berrikuntzaren erosketa publikoa.

Zertan datza?

Enpresa batek garapen teknologiko bat daukanean, eta SPRI enpresa horretara hurbiltzen denean laguntza emateko, normalean bide bera hartzen da beti: guk, administrazio publikoak, alegia, garapena geureganatzen dugu eta I+G+B garatzen duten enpresen bezero bihurtzen gara. Hortaz, sistema berriak lantzen ari gara, eta bide horretan sakondu nahi dugu.

Fiskalitatea ere izan liteke balizko beste bide bat?

Halaxe da, bai, fiskalitatearen proposamenarekin ere ari gara lanean. Administrazio publiko gisa, foru ogasunek zergak kobra diezazkiekete enpresei, eta gero guk I+G+B-ko laguntzak eskain ditzakegu dirulaguntza bezala, baina badago jarduera horri laguntzeko beste modu bat ere: zuzenean kenkari fiskalak aplikatzea. Enpresa batek frogatzen badu horrelako ekintzak gauzatzen dituela, guk ebaluatu egiten dugu, eta foru ogasunentzat lotesleak diren txosten fiskalak egin. Hala, I+G+B garatzen duen enpresa batek kenkari fiskalak izan ditzake jarduera hori gauzatzeagatik.

Pandemia, lehengaien eta energiaren krisia, Ukrainiako gerra edo inflazioa dela medio, testuinguru nahasi eta ziurgabea bizi dugu. Nola lagun dakieke eta nola laguntzen diezue enpresei SPRItik?

Aurrekontuak dira enpresei laguntzeko daukagun tresna garrantzitsuena. Arantxa Tapia Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Eusko Legebiltzarrean egon zen duela aste batzuk, Sailaren 2023rako aurrekontu-proposamena aurkezten. 850 milioi euroko aurrekontua proposatu zen datorren urterako, hau da, aurtengo ekitaldian baino 73 milioi euro gehiago (+% 9,3).

Non jarri nahi duzue fokua?

Behin aurrekontuak eskuartean ditugunean, garrantzitsuena da ongi erabiltzea. Argi daukagu aurrekontuen zati bat enpresa txiki eta ertainei, ETEei eta mikroenpresei bideratu behar zaiela. Zentzu horretan, pentsatuta daukagu horrelako enpresentzako laguntza-plan espezifiko bat sortzea, eta diseinatzeko prozesuan dago une honetan. 70 laguntza-programa eta 600 milioi euro inguruko zuzkidura izango duen plan bat da. Ziur gaude lagungarri izango dela euskal enpresen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko I+G+B-n, eraldaketa digitalean, inbertsio industrialean, nazioartekotzean eta trantsizio energetikoan.

Nazioartekotzerako laguntzak aipatu dituzu eta, zentzu horretan, bulego komertzialak irekitzen jarraitzen duzue Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez. Azkena Hego Korean; zergatik han?

SPRIk ireki dituen azken ordezkaritzei erreparatzen badiegu, esango nuke ez dela kasualitatea iaz bulego berri bat zabaltzea Japonian eta, Turkiakoaz gain, aurten beste bat Hego Korean. Mapari begiratzen badiogu beti ezagutu izan dugun moduan, Europa ikusten dugu erdigunean, non euskal enpresak tradizio komertzial handia izan baitu historikoki (Frantzia, Alemania, Italia…), eta baita ere komertzialki interesgarriak diren beste eremu batzuk, hala nola Estatu Batuak eta Latinoamerika. Baina errealitatea aldatzen ari da, eta euskal enpresak ohartu dira Asia plaza biziki interesgarria bihurtzen ari dela orokorrean, eta ez soilik merkatuen tamainagatik eta biztanleria kopuruagatik, baizik eta orobat egiten dituzten apustu teknologiko gero eta sofistikatuagoengatik.

Hego Korean detektatu zenuten hori?

Maila handiko apustu teknologikoak ikusi genituen, esaterako, trantsizio energetikoaren edo hidrogenoaren esparruetan, eta zer esanik ez arlo teknologikoan edo erdi-eroaleen arloan. Hori guztia hor dago, eta gure enpresek badakite, egunero ikusten dutelako. Egiaztatu dute munduko ekonomiaren grabitate-zentroa Asia-Pazifikoko eremu horretarantz mugitzen ari dela pixkanaka. Orain arte estalia geneukan Asia hego-ekialdea India eta Singapurreko ordezkaritzekin, baina erronka berri honetarako ordezkaritza bakarra Txinakoa zen, eta kontuan izanik munduko hamar ekonomia garrantzitsuenen sailkapenean badaudela Asiako lau (Txina, Japonia, India eta Hego Korea), erabaki genuen eremu horretan ere sartu behar genuela, gure enpresen premia eta interesak hobeto lagundu, artatu eta defendatzeko.

 

Lotutako albisteak

9 iraila, 2024 Finantziazioa
Jon Ander de las Fuentes, BasqueFIK klusterrekoa: “Baskeep inbertsio-aukerak erakarri eta kapital berrirako sarbidea errazten du”
Irakurri gehiago
18 urtarrila, 2024 Finantziazioa
Artizarra Fundazioa: “Enpresa handi gehiago behar ditugu”
Irakurri gehiago
20 uztaila, 2023 Finantziazioa
MIRAI INVESTMENTSeko Marco Pineda: “Inbertsoreek Euskadin hazteko gaitasuna duten enpresak bilatzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2022 Finantziazioa
Zenón Vázquez: “Herrialde bezala dugun erronketako bat da industria-enpresei laguntzea euren tamaina handitzen”
Irakurri gehiago
10 ekaina, 2021 Ekintzailetza
Aitor Urzelai: “Enpresak aukerak identifikatzen ari dira, pandemia gorabehera”  
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak